Denborazko aditzondook ez dira baliokideak.
Dagoenekok, inork ikusia edo jakina duelako, ziurtzat jotzen du adierazia. Bulegotik nator, eta Uxue dagoeneko han dago (ziur naiz diodanaz). Tankerakoak dira hauek ere: Luze iritzita ere banago dagoeneko. Hiruretan bazkaldu du, eta dagoeneko hor ari da igerian. Dagoeneko gainean ditugu azterketak. Udan gaude dagoeneko.
Honezkerok, berriz, uste, susmo edo aierua adierazten du; supositiboa da erabat, ziurtatu gabeko ustearen agergarria. Bulegora noa, Uxue honezkero etorriko zen eta (uste horretan nago). Gisa horretakoak dira hauek ere: Goazen arin, honezkero estropada hasiko zen eta. Gure Antonek ere honezkero, hirurogeita bosten bat izango ditu. Honezkero hurrean behar luke. *Dagoeneko hasiko zen saioa (> Honezkero hasiko zen saioa). [EH]
EUSKALTZAINDIA (1994). Gramatika batzordea, «Okerrak zuzenduz», Euskera 39, 3: 924-930.
— “Denbora adieraztea: dagoeneko, honezkero”, Jagonet galde-erantzunak.