Euskara Batuaren Eskuliburua

ordu

ordu

IDAZKERA. Lotuta ageri da ordu izena hitz-elkarte askotan, <aditzoina + izena> erakoak direlako [25. araua, jarleku sailekoak]: jatordu, bazkalordu, afalordu, hitzordu, lanordu, ikastordu...

 

Badira <izena + izena> mendetasunezko elkarteak ere, eta, horietan, marratxoz edo bereiz ageri da (ampere-ordu eta kilowatt-ordu, marratxoz nahitaez): behar(-)ordu, jolas(-)ordu, otoitz(-)ordu, hil(-)ordu, eskola(-)ordu, jarduera(-)ordu, asti(-)ordu, harrera(-)ordu, kontsulta(-)ordu... Molde horretakoak dira ordu(-)erdi eta ordu(-)laurden ere. Salbuespena: otordu. [EH]

 

Ordubete hitzak ez du zenbatzailerik behar (*Ordubete bat egon da zain (> Ordubete egon da zain)). ( astebete; (-)bete)

 

Ordu ≠ ordutegi. Bi kontzeptu dira. Egoki daude hauek: Sakelatik trenen ordutegia atera zuen. Eskolen ordutegia. Esaldi desegokiak dira hauek: *ikus-entzule gehien biltzen den ordutegia (ordua), *bazkaltzeko ordutegia (orduak).

 

Zenbat ordu (denbora) egon zara? galderari erantzuteko, modu zuzen bat baino gehiago dago: zortzi ordu / zortzi orduan / zortzi orduz.

 

Erreparatu sarrera honi: orduak nola esan.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (188, 484).

— “Denbora adieraztea: zenbat ordu (zortzi ordu / zortzi orduan / zortzi orduz)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: ordubete, astebete, urtebete (*ordubete bat / *hiru astebete / *hiru urtebete)”, Jagonet galde-erantzunak.

EHUko Euskara Institutua (2012). "Ordutegi # ordu", Kalkoen Behatokia.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper