-gailu atzizkia aditzoinari (ibili > ibil) eransten zaio, eta ‘zerbaitetarako tresna’ adierazten du hitz berrietan (ibilgailu = ibiltzeko tresna). Batez ere, teknologiaren arloko izen berriak sortzeko balio du.
*Irratigailu, *elektrogailu, *telebistagailu, *diskogailu (disko-jogailu) eta gisakoak desegokiak dira, oinarrian aditza ez, baizik izena baitute. Hauek egokiak dira: aldagailu, azeleragailu, berogailu, edergailu, entzungailu, garbigailu, ibilgailu, igogailu, inprimagailu, iratzargailu, jostailu, juntagailu, karburagailu, kontagailu, lehergailu, menderagailu, ordenagailu...
Bestalde, -gailu atzizkia, Iparraldean, -garri atzizkiaren baliokidea da zenbaitetan, hala nola hauetan: aldagarri/aldagailu, apaingarri/apaingailu, azkargarri/azkargailu, betegarri/betegailu, edergarri/edergailu...
Gailu, atzizki gisa ez ezik, izen gisa ere erabiltzen da XX. mendetik hasita.
-dore (-tore) ez da euskal atzizkia; beraz, maileguzko hitzetan bakarrik ageri da.
a) Batzuk zaharr(ago)ak dira: armadore, diktadore, enbaxadore, erretore, gobernadore, inkisidore, kontserbadore, mostradore, traidore, trobadore...
b) Beste batzuk berri(ago)ak: alternadore, anplifikadore, erradiadore, errealizadore, errotuladore, kommutadore, kondentsadore, konpiladore, prozesadore, transformadore...
c) Badira baztertuak ere: abiadore (pilotu, hegazkinlari), administradore (administratzaile), ajustadore (doitzaile), bentiladore (haizagailu), borradore (ezabagailu, zirriborro), dekoradore (dekoratzaile), despertadore (iratzargailu), entrenadore (entrenatzaile), fresadore (fresatzaile), generadore (sorgailu), ordenadore (ordenagailu)...
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “-gailu”, Euskera 39, 3: 1042.