Euskaltzaindiaren berariazko hiru arautan biltzen dira Afrikako leku-izenak: 164. («Ipar Afrikako toponimia»), 167. («Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia») eta 168. («Afrika kolonialeko toponimia») arauetan. Baina beste hauek ere kontuan hartu behar dira: 38. araua («Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak»), 142.a («Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak») eta 147.a («Antzinateko hirien euskarazko izenak»), non baitaude jasota Afrikako antzinako eskualde eta hiri batzuen izenak.
Izenak kontsultatzeko biderik laster eta erosoena Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.
Oharra: Ulertu behar da arau horietan agertzen ez diren lurralde horietako gainerako leku-izenak (arauetan, nagusi-nagusiak edo dena delakoagatik jatorrizkoan ez bezala idaztekoak direnak baino ez dira ageri), bestelako arrazoirik ez badago, jatorrizkoan bezala idaztekoak direla printzipioz, hau da, nazioartean ohikoa den grafiarekin idaztekoak direla euskaraz ere. Adibidez, Hegoafrikako Errepublikako hiri nagusietako bat Johannesburg da, eta ez da arauetan ageri. Horrek esan nahi du Euskaltzaindiak ez duela arautu hiri horren euskarazko grafia; horren ondorioz, printzipioz, jatorrizkoan bezala idaztekoa da hiriaren izena euskaraz: Johannesburg.
Gure alfabetoa erabiltzen ez den hizkuntzen eremuko leku-izen bat bada, latindar alfabetora transkribatzean ohikoa den grafiarekin idaztekoa da euskaraz.
Arabieraren eremuari dagokionez, nazioartean grafia bateraturik ez balego, eta orduan bakarrik, 165. arauan arabierazko izenak euskarara transkribatzeko emandako irizpideak lirateke aplikatzekoak.