Ez da esamolde egokia euskaraz. Honela adieraz daiteke bestela:
1. Aditz nagusirik gabeko zehar-galderen bidez; <[aditz nagusia] + ZER/NOR/ZEIN/NON/NOIZ... + -(e)N> moldearen bidez, alegia):
—Nik eskatutako guztia egingo duzu?
—Zer eskatzen duzun (*—Depende zer eskatzen duzun).
—Nola eskatzen duzun (*—Depende nola eskatzen duzun).
—Noiz eskatzen duzun (*—Depende noiz eskatzen...).
—{Nolako aldartea dudan. / —Zer den. / —Zenbat balio duen. / —Nondik begiratzen den. /...}.
*—Depende/Segun nondik begiratzen diozun (> —Nondik begiratzen diozun).
Esaldi horietan isilik gelditzen da perpaus nagusia: [Ez da berdin / alde handia dago] zer eskatzen duzun. [Ikusi egin behar] norekin den.
2. Perpaus nagusia ere emanez: ikusi egin behar, jakin egin behar, ez da berdin, alde handia da, asko esan nahi du eta gisakoez baliatuz:
Ikusi egin behar... nola joan behar duen.
Jakin egin behar... norentzat den.
Ez da berdin... non edukitzeko den.
Alde handia dago... nori esaten diozun.
Asko esan nahi du... nork esan duen.
3. Ahozkoan arrunta den eta idatziz ere erabili izan den egitura hau baliatuz: <aditza + -(e)n + kontu>:
Agian, alfila izan daiteke zalduna baino baliotsuagoa, eta alderantziz ere gerta daiteke, zein posiziotan dauden kontu.
Bakarkako eta taldekako izatea, gizonaren edo emakumearen, edo bien, parte-hartzea, dantza-modua nolakoa den kontu.
Horrela sortzen dira hainbat eta hainbat buztin-mota desberdin, haien kolorea, gogortasuna, egitura, konposaera eta berezitasun fisikoak nolakoak diren kontu.
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia. (118-120).
—(2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia. (288).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Depende>", Ehulkuren aholku guztiak.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (314).