Bikoitz (sinonimoa, doble) eta hirukoitz adjektiboak dira (salbu lehenaren ‘biki’ adieraren eta bigarrenaren ‘hirusta’ adieraren kasuan): V bikoitza (w). Lerro bikoitza. Disko bikoitza. Lan-istripuak izateko aukera bikoitza da. Irabazi bikoitza ateratzen da. Izar bikoitzak eta hirukoitzak. Hirutasun bakarra eta Batasun hirukoitza. Jauzi hirukoitza.
Hitzok izen moduan ageri diren adibideak bakanak dira orain arteko tradizioan: Lau biren bikoitza da [OEH]; 2ren hirukoitza 6 da. [EH]
Ez da aukera egokiena erabilera hori honelako esaldietara hedatzea (non zerbaiten multiploa adierazten den —zerbait zenbat aldiz—): Iazko(aren) bikoitza gastatu dugu aurten. *Zure hirukoitza irabazten du. Halakoen adierazpide egokienak hauek dira: Iaz(koa) halako bi gastatu dugu aurten, Zuk halako hiru irabazten du.
Konparazio-erreferentzia bertan aipatzen ez denean, “halako bi” eta “halako hiru” hurrenkeraz aldatzen dira: “bi halako”, “hiru halako”. Aurreko adibideetan, honela: Bi halako gastatu dugu aurten (Bikoitza gastatu dugu aurten). Hiru halako irabazten du (Hirukoitza irabazten du).
EUSKALTZAINDIA (1987-2005). Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (56, 183).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (140).
EHUko Euskara Institutua (2012). "-(r)en bikoitza, hirukoitza", Kalkoen Behatokia.
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria (206).
SARASOLA, Ibon (2005). Zehazki. gaztelania-euskara hiztegia. Irun: Alberdania.