Atzizki aditz-sortzaile nagusia -tu du euskarak: <izena + -tu> arautu, umetu...; <adjektiboa + -tu> zahartu, gorritu...; <aditzondoa + -tu> berandutu, urrundu...; <-ra kasu-marka + -tu> plazaratu, oheratu...
Zenbait kasutan, -ztatu, hots, -z kasu-markaren gainean eraikitako aldaeraz baliatu da: begiztatu, deuseztatu, egiaztatu, harriztatu, legeztatu, ondorioztatu, ureztatu... Badira -tatu aldaeraren gainean eratuak ere: gezurtatu, hegaldatu, izendatu, segurtatu, toles(ta)tu, ziurtatu... -ztatu atzizkia duten aditz batzuek ‘x materiaz estali’ adiera dute: adreiluztatu, azukreztatu, beiraztatu, etab.
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (40).