Elkarketan parte hartzen duen lehen hitza izena denean eta hitz horrek silaba bat edo bi dituenean, loturik idazten da: aireontzi, argiontzi, arrainontzi, atoiontzi, baleontzi, belaontzi, gatzontzi, gerraontzi, itsasontzi, suontzi, xaboiontzi, zaborrontzi...; hiru edo gehiago baditu, marratxoz edo bereiz: arrantza(-)ontzi, arraste(-)ontzi, azukre(-)ontzi, espazio(-)ontzi, petrolio(-)ontzi, etab.
Elkarketan parte hartzen duen lehen hitza aditzoina denean, berriz, beti loturik: edukiontzi [edukitzeko ontzi], ureztaontzi [ureztatzeko ontzi], edalontzi, garbiontzi, hautetsontzi... (Euskaltzaindiaren 25. arauari jarraituz, jarleku moduko elkarteak (egongela, aldagela, abiaburu, helmuga...) loturik idaztekoak baitira).
Izenondo balioa dutenak ere hitz bakarrean idazten dira: alferrontzi, baldarrontzi, gezurrontzi, hitzontzi... [EH]