- ‘Ondo gogoratzen duzu ni uretara erori nintzenekoa’ esaldia eta gisakoak egokiak dira, momentu/une/garaikoa esan nahi badute (adibidean, erori nintzen [momentu](e)koa). Horrelakoetan, erlatiboaren ondoko izena (gehienetan, denbora adierazten duena) isilpean uzten denean, -(e)neko beharrezkoa da.
Baina, oro har, ez da beharrezko liburua erosi dudaneko denda bezalakoetan; hor nahikoa da liburua erosi dudan denda. Hauetan eta gisakoetan ere aski da -(e)n erlatibozko soila: Ez naiz gogoratzen semea jaio zeneko egunaz (> Ez naiz gogoratzen semea jaio zen egunaz). Hi hagoeneko lekua lur saindua duk (> Hi hagoen lekua lur saindua duk).
- Sail diferentekoa da erabat denborazkoa den -(e)neko menderagailuaren kasua; NOIZKO galderari erantzuten dio, eta hor ez dago erlatibozkorik. Eta honek ere galduak zituen bere guraso aberats eta jainkotiarrak, hemezortzi urtetarat heldu zeneko. Udaberria heltzen deneko, kukuka nago basoan. Potinak herrira sartu zireneko, han zeuden nasa gainean emakumeak. Urkixo (...) ez nuen zoritxarrez behar adinbat tratatu, gaitz hilgarriak joa ageri baitzen ezagutu nueneko.
- Egitura horren baliokidea da -(e)nerako egitura. Eguna argitu zuenerako, bazter guztietan zabaldu zen albiste ona. Hogei urte zituenerako hasi zen kantari. Utz ditzagun ametsak lo gaudenerako. Gauean etxeratu zenerako, Rosak irekia zuen eskutitza.
- Ez da zuzena -(e)neko atzizkia erabiltzea -(e)lako atzizkiaren baliokide delakoan:
*Jesus etorri zeneko berria zabaldu zen (> Jesus etorri zelako berria zabaldu zen).
*Erraz irabaziko zuteneko ustea zabaldu zen (> Erraz irabaziko zutelako ustea zabaldu zen).
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (196, 152).
— “Denbora adieraztea: -ko (erori nintzenekoa / erori nintzen unekoa)”, Jagonet galde-erantzunak.