Izena, berez, burdina da (Burdina ekarri dute. Burdina baino gogorragoa da), baina, hitz-elkarketako lehen elementua denean, burdin da aukera bakarra: bai loturik idazten direnetan (burdinbide, burdindegi, burdingai...), bai bereizirik idazten direnetan ere (Burdin Aro, burdin barra, burdin hari, burdin sare...). Azken kasu horretan, gainera, azken letra galdu duenez —erdal, euskal, giza, itsas hitzekin gertatzen den bezala (desegokiak dira *itsas-arrantza, *giza-balioa)—, marratxorik gabe idatzi behar da: burdin barra, burdin sare (*burdin-barra, *burdin-sare). [EH; 25. araua]
Bada salbuespen bat: konposatu kimikoetan, osorik idatzi ohi da. Adibidez: burdina(II) estearatoa. Bornita minerala kobre eta burdina sulfuroa da. Kromita burdina kromatoa da.
OHARRA. Burdina-saltzailea edo burdina saltzailea gisako aukerak ere eratu daitezkeela dio 25. arauak, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez dio jarraitu bide horri; estutu egin da araua. Hiztegian, burdin forma da aukera bakarra hitz-elkarketako lehen elementu gisa (burdin saltzaile, burdin sare). Harrezkerokoa denez, hiztegiari egin behar zaio kasu.