Coyosekin batera, Sagrario Aleman Akademiaren Sustapen batzordeko buruak eta Erramun Osa batzorde horretako idazkariak egin dute gaur jardunaldiaren aurkezpena. Azpimarratu dutenez, euskarak hirietan eta hiriburuetan duen egoeraz hausnartuko da jardunaldian, “batik bat, egoera honen aitzinean bide eta baliabide egokiak irekitzen eta asmatzen joateko”. Izan ere, aurkezpenean esan dutenez, Euskal Herriko hiriburuetan euskararen hazkundea handia izan bada ere, bere presentzia ez da hazi neurri berean. Hori dela-eta, gogoeta beharrezkoa da.
Euskaltzaindiko Sustapen batzordearen ustetan, “ukaezinak dira XX. mendearen erdialdetik hona Euskal Herrian izan diren aldaketa sakonak eta, horien artean, nabarietako bat bizimoduarena; izan ere, hiriak bilakatu dira euskal hiztunen bizigune nagusienak. Horren ondorioz, jenderik gehien biltzen duten hirien eta hiriburuen bizimoduak baldintzatuko du euskararen irakaskuntzaz gain, bere transmisioa eta erabilera. Hirietako hizkuntza paisaia nolakoa, euskararen etorkizuna halakoa”.
Aurreko urteotan Araban, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, besteak beste, egin ditu Euskaltzaindiak Jagon Jardunaldiak. Aurten hiriburu batera etorri da eta Donostian antolatu du, betiere lanean ari diren taldeekin elkarlanean. “Euskaltzaindiak -esan du Sagrario Alemanek- talde hauekin batean lan egin nahi du”.
Jardunaldian bertan, Juan Madariagak idatzitako Euskara eta euskal gizartea XVII. eta XVIII. mendeetan liburua aurkeztuko da, goizeko 11:30ean.
Izen ematea doakoa izango da. Izena emateko sakatu: hemen (Egoitza) edo hemen (Gipuzkoako ordezkaritza) ("mezua" eremuan adierazi jardunaldian izena eman nahi duzula).
XIX. Jagon Jardunaldien egitaraua (PDF, 62,2 KB)
Comments
Mila esker
Bittor