ETXEA, horrela, letra larriz idatzia, ez da eraikin edo ondare hutsa euskaldunentzat, gure kulturaren elementu sinboliko bereziki garrantzitsua baizik. Hori da, behintzat, XX. mendean gure artean oso zabaldua egon den eta dagoen ideia bat. ETXEA, euskal identitatearen ingude eta laburbilduma. Nondik datorkigu ideia hori?
Erakusketa honetan ideia horren hiru formulatzaile garrantzitsuren idazlanak bildu eta erakusten ditugu. Hirurak apaizak, hiruak euskaltzainak, hirurak XX. mendean entzute handia lortu zuten euskal intelektualak. Bat idazle hutsa, beste bat ikertzailea, hirugarrena idazle eta dibulgatzailea. Ez dira guztiz berdinak, ez dira estriktoki garaikideak, baina hiruren artean euskaldunontzat garrantzi berezia izan duten ideia batzuk jarri zituzten zirkulazioan, gero beste idazle eta artista askok garatu eta aberastu dituztenak.
Hurrenkera kronologikoan ordenatu ditugu. Txomin Agirre bizkaitarra (1864-1920), lehen euskal eleberrigilea, izan zen ziur aski EUSKAL ETXEAri eduki sendo bat ematean lehenengoa, bereziki Garoa eleberriaren bidez. Pierre Lhande zuberotarrak (1877-1957) irudi horri forma modernoago bat eman zion, bai bere eleberrien zein idazlan dibulgatiboen bidez, bereziki frantsesezko munduan eta mundu zabalean hedatuz. Jose Migel Barandiaran gipuzkoarrak (1889-1991) ikerketa sistematikoak eta sakonak egin zituen gai horien inguruan eta inork baino hedapen eta harrera zabalagoa izan zuen 1970etatik aurrera.
Agirre, Lhande eta Barandiaran, hiru euskal intelektual itzal handikoak XX. mendean.
Hitzaldi zikloa
Bestalde, Euskaltzaindiak "Euskal Herriko etxeak: etxeen izenak eta esanahiak" izeneko hitzaldi zikloa ere antolatu du. .
"Etxea XX. mendeko euskal pentsamenduan" erakusketa. Katalogoa (PDF, 104,1 KB)
Euskaltzaindiaren egitaraua, 2014ko Ondarearen Europako Jardunaldietan (PDF, 1,2 MB)