Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=sail 2 sarreratan aurkitu da.

sail

1 iz. Lurzatia edo lur eremua; bereziki, ereiteko edo zerbait landatzeko egokitu eta prestatzen den lurzati mugatua. Ik. alor. Arto sail ederrak. Badira mendi sail handiak ezeren etekinik gabe dauzkaten herriak. Sagarrondoz landaturiko bi sail.

2 iz. Zernahi giza jardun banatzen den zati bakoitza. Ik. arlo 3. Nabarmenegiak dira hizkuntzaren sail honetan hobe beharrez egin diren hutsak. Euskaldun batek letra sailean inoiz burutu duen egitekorik larrienetakoa. Nork bere sailean nagusi izan behar du, eta bestearenean mirabe. Bi sailetan bereizi ohi da gure gramatikan morfologiaren eremua: izen jokoa eta aditz jokoa. Polizia saileko eleberria.

3 iz. Erakunde baten antolaketan bereizten diren zatietako bakoitza. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila. Euskaltzaindiaren Iker saila eta Jagon saila. Unibertsitatean galesa erabiltzen dute zelta sailean. Salmenta saila. || Aldizkari honetan gai batzuentzat sail bereziak ditugu.

4 iz. Taldea; talde batean, irizpideren baten arabera bereizten diren zatietako bakoitza. Gizonak sail batean, emakumeak bestean. Hogeita lau sailetan bereizita zeuden Israelgo apaiz guztiak. Irakurle sail bakoitzak gogoko duen bazka hartu behar luke idazleengandik. Eta ikusi zituen hargana zetozen jende sail handiak. Gudari sail ikaragarriak.

5 iz. Multzoa; multzo batean, irizpideren baten arabera bereizten diren zatietako bakoitza. Kultura hitzek sail berezia osatzen dute mendebaleko hizkuntzetan. Oihenarten atsotitzen artean, sail batek "Biscaye" hitza darama izenburutzat. Bertso sail hori Txirritarena da. Liburu sail honetan, elkarren ondoan irten dira argitara bi eleberri horiek. Aditzaren kontuan, euskalkien arteko gerra ez da euskalkiena; adizki sail batena dugu. Zenbaki osoen saila.

sailean adb. Ilaran. Sailean agertzen direnez gero, bat bestearen hurren, sailean aipatu beharko ditugu. Atseginago zaizkigu horrelako ardi galduen ibilerak, beti bertute bidetik sailean dabiltzanenak baino.

arto

1 iz. Lasto lodi eta sendoko landarea, hostoak zabalak eta lantza modukoak, eta aleak zilindro itxurako buru lodi bati itsatsiak dituena (Zea mays). Ik. arto landare. Arto goiztiarra. Artoak zuritu: artaburuak zuritu. Arto, baba eta gariz aberats soroak. || Esr. zah.: San Jurgi artoa ereiteko goizegi, San Marko artoak ereinda balegoz.

2 iz. (Multzokaria). Landare horren alea. Gaitzeru bat arto. Elur-melur, ez nauk hire beldur; etxean badiat arto eta egur (esr. zah.).

3 iz. Arto irinez egindako ogia. Ik. artobero; artopil; labarto. Arto puska bat janaritzat. Artorik ez badago jango dut ogia.

4 iz. Zah. Artatxikia. Etxean ogia ezin jan, eta Arangurenen artoa (esr. zah.).

arto bihi, arto-bihi Ipar. Artalea.

arto bizar, arto-bizar Artoaren lore emeen mordoa. Pixa egin ezina arto bizarren urarekin kentzen omen da.

arto buru, arto-buru Artaburua.

arto irin, arto-irin Artaleetatik ateratzen den irina. Arto irina taloak egiteko. Sutondoan arto irinaren zorrotxoa.

arto jorra, arto-jorra Artajorra.

arto landa, arto-landa Arto saila. Beleak izutzeko txorimaloa ezarri du arto landan.

arto landare, arto-landare Artoa. Zuk soroan arto hazia ereiten duzu eta arto landarea jaiotzen zaizu.

arto lasto, arto-lasto Arto landarearen lastoa. Abereari azpia egiteko, paregabekoak dira arto lastoak.

arto makila, arto-makila Arto lastoa.

arto sail, arto-sail Artasoroa. Arto sail galantak.

arto zuritze, arto-zuritze Artazuritzea. Arto zuritze eta beste horrelako lanak. Arto zuritzeetako istorio zaharrak.

bazka arto, bazka-arto Artaberdea.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper