Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=ase 5 sarreratan aurkitu da.

ase1, ase, asetzen

1 da/du ad. Norbaitek gosea edo egarria janez edo edanez guztiz kendu; norbaiti gosea edo egarria jaten edo edaten emanez guztiz kendu. Ik. asebete1; bete1 3; ok egin; enpo egin. Ase arte jan eta edan. Ase naiz. Han bildu zen jendea asetzeko adina ogi. Ase ondoko loa. Zu zara ontasun guztien iturria, zeinez asetzen baituzu egarri den guztia. Semea etena eta asea, alaba jantzia eta gosea (esr. zah.). || Fruitu haietaz bere ahoa asetzen du.

2 da/du ad. Gogoaren edo espirituaren beharrak erabat bete. Ik. bete 4. Munduko ohoreek ez zuten asetzen. Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri direnak, aseak izango baitira. Or gose, loz ase (esr. zah.). || Gozoak dira haren bertsoak; asetzen digute belarria. Ikuskizun ikaragarri batez nahi ditut ene begiak ase.

3 du ad. (Osagarritzat gurari edo premia bat duela). Ase ezazu ene egarria. Edozein gizonen eder-gosea asetzeko lain. Haragiaren plazera ez da behin ere guztiz asetzen eta ez osoki iraungitzen. Beren errabia asetzearren. Ase nahiz bere mendekua. Nahiko zuen diru hura eskuratu asetzeko bere abarizia zikina. Asko ezkontzen dira abereak bezala, edo beren gura asetzea baizik bilatzen ez duela. Herritarren oinarrizko premiak asetzeko erabiliko dituzte sosak.

4 da/du ad. Zerbait, urez edo beste isurkari batez blai egin, gehiago ez xurgatzeko eran. Lurrak urez aserik. Arbola urez ase arte ez zara bustiko.

5 da/du ad. Zerbaiten maiztasun edo gehiegikeriagatik gogaitu edo aspertu. Gibela ezazu oina adiskidearen etxetik, ase ez dezazun. Ez zen hura ikusteaz asetzen.

ase-ase egin Heg. Guztiz ase. Ik. ase eta bete. Askok eta askok, jan ahala jan arren, ase-ase egiten ez badira, uste dute barau egiten dutela. Ase-ase egin zituzten beren urdailak.

ase eta bete Guztiz ase. Ik. ase-ase egin; asebete1. Oraingo honetan behintzat, behar dut ase eta bete nik sabel gosea. On Kixotek, urdaila ase eta bete zuenean. Ezin esan ahalako atseginez ase eta betea geratu ohi zen. Bera, ase eta bete; txakurra, goseak.

ezin ase 1 adj. Aseezina, ezin asezkoa. Apetitu ezin asea zen Haussonvilleko kondeak zuen gauzarik xelebreena. Ondasun-gose ezin asearekin.

2 iz. Ezin asezkoa denaren nolakotasuna. Zerbaitetan beti salatzen da gizonaren ezin ase hori. Ordu arte haren arimak ezin asea baldin bazuen, emango zion jatera Frantziskok.

ase2

iz. Asetzea. Guk gosea berdintzeko daukagu; ez dugu oraingoz asearen beldurrik. Paga bezate lehengo asea, oraingo goseaz. Oi, behin, bederen behin, ase bat baneza egin! Ai, zer aseak egiten ditudan horiek daudelarik lotan! Larhunen zertan ote zebiltzan?, begien ase baten ondotik segur. Hila lurpera, biziak asera (esr. zah.).

asean adb. Aserik. Asean dagoenak lanerako kar gutxi. Beti asean bizi diren kondeak. Gu beti miserian, asean besteak.

ase-goseka adb. Asealdiak eta gosealdiak txandakatuz. Ahal bezala bizi ziren, ase-goseka.

ase3

1 adj. Kim. Soluzioez mintzatuz, solutu gehiago onartzen ez duena.

2 adj. Kim. Hidrokarburoez eta gantz-azidoez mintzatuz, karbono atomoen artean lotura bakunak soilik dituena. Butanoa hidrokarburo asea da. Gantz-azido aseak solidoak izan ohi dira.

begi

1 iz. Ikusmenaren organoa. Begi handiak, biziak, erneak, ederrak, urdinak, beltzak, eztiak, samurrak, sakonak, odolduak, erreak. Begiak altxatu, jaitsi, itzuli, itxi, ireki, zabaldu. Begiak itsutu, lanbrotu. Begiak errespetuarekin itzuliak ostia santuagana. Eta horrexek lausotu ditu zenbaiten begiak. Begi aleak. Zure begien dirdira. Begi eritasunak. Begietako lausoa. Begi ingurua. Begiko zuria. Neska begi-argiak irribarre distiratsua egin zion mutilari. Gizon herren, begi-ezkel eta lepo-makurra.

2 (Esapideetan). Begi itxi-ireki baten bitartea (Ik. begi(en) itxi-ireki batean). Baduela zeruetan Aita bat, sekula ahanzten eta begietatik galtzen ez duena. Begi hutsez ikusten diren izarrak. Begiek ikus-ahala guztian. Begien aurrean. Badirudi neure begietan daukadala oraintxe. Haren begietan ez nintzela ezer. Behartsurik behartsuenak, ene begietan, nire herrikoak dira eta nire herria bera. Zoazte nire begien aurretik. Ikusten ez duen begiak ez du minik. Ez duzu izan begi txarra. Begiz hautatzen du ederrena, gizenena. Guri begiz ikusiak eta belarriz entzunak ere ahaztu egin zaizkigu, itxura denez. Txakurra guztiz gogokoa zuen, baina katua ezin begiz ikusi zuen.

3 iz. Hainbat lanabesetan, kirtena ezartzen den zuloa. Aizkoraren ahoa eta begia. Aitzur begia.

4 iz. Jostorratz batean, haria sartzen den zuloa. Errazago da gamelu bat jostorratz begitik igarotzea.

5 iz. Batez ere gaztaz eta ogiaz mintzatuz, mamian gertatzen den hutsunea. Gaztaren, ogiaren begiak.

6 iz. Zubietan, arkuen arteko hutsartea. Hamazazpi begiko zubia!

7 iz. Landareetan, kimua sortzera doan pikor modukoa. Ik. pinporta; lore begi. Ernatutako begiak udaberrian hamarren bat zentimetroko altsuma emango du. Aihen begia. Begitik edo azaletik txerta daitezke gereziak. Patataren begiak. || Pikondoa begi-handitzen hasten denean, uda hurbil da.

8 iz. Meteorol. Zikloi tropikal bortitzen erdigunea, 30 eta 65 kilometro arteko diametroa izan ohi duena eta inguruak baino presio atmosferiko baxuagoa duena. Ideiaren oinarria hauxe zen: zilar ioduroak ura likidotzen duenez, abioietatik zikloien begira zilar ioduroa botatzea, laino-murruak sortzeko eta honela zikloiaren ibilbidea oztopatzeko.

begia(k) argitu 1 Ikusmena eman, ikusarazi. Itsuen begiak argitzen dituen Jainkoa. Jainko jaunak argitu zizkien arimako begiak artzain on haiei.

2 Alaitu, alaiarazi. Bitxi eder batek begiak argitu zizkion.

3 Ohartarazi. Argituko ahal ditu Jainkoak guztion begiak, gure hizkuntzaren onerako!

begia atxiki Ipar. Zaindu, begia eduki. Bakean utzi zuten, zer gerta ere, haatik, begia haren gainean atxikiz.

begia(k) bete Atsegin izan. Loiolako ikusgarri omen handikoez begiak beterik. Begia betetzen ez dion lagunarekin ezkontzen bada dirua duelako.

begia(k) bihurtu Bizk. Begiak itzuli. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia irauli. Ni ez ikusteagatik begiak beste aldera bihurtzen dituzte.

begia bota (jaurti, egotzi...) Begiz jo; erreparatu, ohartu. Begia, zeini bota diozu? Hamaika damak bota zidaten begia. Orduan begia bota zion bere aurrean idazmahaiaren gainean zegoen loreontziari.

begia(k) eduki Zaindu; erreparatu, ohartu. Eta arranoak, airean doanean bere umeetara bezala, zuk ere enegana begia edukiko duzula esperantza dut.

begia(k) ezarri Begiz jo, hautatu. Entzun zutenean hango odolekoa zela, erregetzarako begia ezarri zioten. Gauza oso distiratsuetan edota ñimiñoegietan begiak ezartzen dituztenak.

begia(k) hedatu Begiak luzatu. Mintzaldi honen gaia, estu mugatu beharra denez gero, ezin begiak noranahi heda.

begia(k) ipini Erreparatu, ohartu. Nola inork ez zion kasurik egiten, herrian zegoen mutilik gizagaixoenarengan ipini zituen begiak.

begia(k) irauli g.er. Begiak itzuli. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia bihurtu. Informazio teoriek behartu dituzte azkenean hizkuntzalariak, beste jakiteetara, inguruko nahiz urrutikoetara, begiak iraultzera.

begi(en) aitzin iz. Begien aurrea. (Leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Iruditzen zait ezen oraino bizi zarela, begien aitzinean zaitudala. Gure gizonak ez zuen begi aitzinetik langile hura galtzen.

begia(k) itzuli Begiak biratu, begiratu. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia bihurtu; begia irauli. Itzul itzazu guregana zure begi miserikordiazkoak. Isabelen begiak aldarera itzuli dira.

begia(k) jarri Begiak ezarri. Biltzarrean zeuden guztiek begiak harengan jarriak zituzten.

begia jo 1 Begiz jo, zerbaitetan edo norbaitengan arreta edo interesa jarri. Begia jota daukat neskatxa horri, auzoko politena delako.

2 Zerbait deigarri gertatu. Harri argiagoz eginiko harresiak jotzen dio lehenik begia.

begia(k) josi Begiak landatu, zerbaitetan arreta jarri. Ik. begia zorroztu. Guztien begiak harengan josiak zeuden.

begiak ase Gauza bat ikusi orduko beste bat ikusi nahi nuen, ene oinak ez ziren nekatzen ez ene begiak asetzen.

begiak batu Begiak itxi, betazalak itxi; lo hartu edo lo egin. Ik. begiak bildu. Edo begiak zerura jaso eta altxatu edo begiak batuta egon. Bart, gau guztian ez dut begirik batu.

begiak bildu 1 Begiak itxi, betazalak itxi. Ik. begiak batu. Begiak bildu, eta irudika ezazu eskola bat.

2 Lo hartu edo lo egin. Badakizu zu etxeratu arte amak ez duela begirik bilduko. Gauez ez du begirik biltzen, eta eguna aho zabalka pasatzen du. Azkeneko gauetan lanak izan ditu begiak biltzeko.

begiak finkatu Begiak landatu. Begiak finkatu zizkidan ibiltzeari utzi gabe, eta esan zidan: (...).

begiak ilundu Ikusmena gutxitu edo galdu. Ilun bitez horien begiak, ikus ez dezaten.

begiak ireki 1 Ikusmena lortu edo eman. Egundaino ez da entzun, inork itsu jaiotako baten begiak ireki dituenik.

2 Norbait jakin beharko lukeen zerbaitez ohartu edo ohartarazi. Handik jango duzuen egunean irekiko dira zuen begiak. Jazoera honek ireki eta zabaldu dizkigu begiak.

begiak itxi 1 Ez ikusiarena egin. Ezin ditugula begiak itxi inguratzen gaituen anabasaren aurrean.

2 Lo hartu; lo egin. Ik. begiak bildu. Bi egun zeramatzan begirik itxi gabe.

3 Hil. Haren begiak itxi dira eta nireak malkoz estali.

begiak kendu Norbaitengandik edo zerbaitetatik begirada beste leku batera eraman. Txakurrari begirik kendu gabe. Ezin zituen armatik begiak kendu.

begiak landatu Ipar. Adi-adi begiratu. Ik. begiak finkatu. Begiak finkaturik eta landaturik, emaztearen begiei.

begiak zabaldu 1 Ikusmena lortu edo eman. Badakigu hau dela gure semea eta itsu sortu dela, baina nola ikusten duen orain edo nork zabaldu dizkion begiak, ez dakigu deus ere.

2 Norbait jakin beharko lukeen zerbaitez ohartu edo ohartarazi. Gogoan dut haren hitzaldia, begiak zabaldu baitzizkidan gai askori buruz.

begiak zuzendu Begiratu, begiak norabide jakin baterantz eraman. Itsasaldera zuzentzen ditu begiak. Geroztik ez didazu begirik zuzentzen aurpegira, hozkia emango banizu bezala.

begia(k) luzatu Begirada zabaldu. Begiak luzatu zituen batean hiru gizon bere ondoan zutik ikusi zituen. Zorigaiztokoak gu, inguruko mendietatik harantz begiak luzatzen ez badakigu.

begi(en) aurre iz. (Leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Ik. begi(en) aitzin. Ikuskizun ederra zeukan begi aurrean. Ez zaituztet gehiago nire begien aurrean ikusi nahi. Etorri zitzaion begien aurrera egun hartako Mañasiren begirada gozoa.

begia(k) zorroztu Adi-adi begiratu, arreta handia jarri. Ik. begia(k) josi. Bi begiak liburura zorroztuta ari zen.

begi-bakar adj. Ik. begibakar.

begi-bakoitz adj. Ik. begibakoitz.

begi bazter, begi-bazter iz. Begiaren ertza. Ik. begi-ertz. Begi-bazterrez begira.

begi-belarri 1 adb. Erne, argi. Begi-belarri ibili beharra zegoen.

2 iz. pl. Begiak eta belarriak. Etxekoen begi-belarriak erneagoak izaten baitira honelakoetan kanpotarrenak baino.

begi-betegarri adj. Begiarentzat oso atsegingarria. Mota askotako zuhaitzak ernarazi zituen, begi-betegarri eta ahogozagarri.

begi bietaraino adb. Begietaraino. Bekatuetan begi bietaraino sarturik zegoen.

begi bista, begi-bista iz. (Leku atzizkiekin, singularrean). Begien aurrean, aurretik, aurrera... Ik. begien bista. Begi bistan dago. Aztura onak eta bertuteak begi bistatik galduz gero.

begi bistako, begi-bistako adj. Begien bistakoa; nabarmena. Begi bistako egia gezurtatzeko.

begi eman Begiratu, so egin; kontuan hartu. Atzera begi emanez. Zuk eginei begi eman nien eta harritu nintzen.

begien bista iz. (Leku atzizkiekin, singularrean). Begien aurrean, aurretik, aurrera... Ik. begi bista. Ahal den azkarren alde egin ezazu nire begien bistatik. Zoazte nire begien bistatik! Zure parerik ez zait jiten neure begien bistara. Erantzunik gabe utziko dut galdera, begien bistan baitago. Barbaro horiek begien bistan hilda nahi zuten ikusi.

begi-erre adj. Ik. begierre.

begi ertz, begi-ertz iz. Begiaren ertza, begi bazterra. Ik. betertz; begi-bazter.

begiko (begietako) min iz. Begietan (begian) sentitzen den mina. Begietako minarentzat ona da arrosa egosiaren urarekin garbitzea. Ona da begiko mina sendatzeko.

begietan eduki Agerian eduki; gogoan izan.

begietan eman Gaizki iruditu. Egiten dituzu Jesusi begietan ematen dioten zenbait hutsegite.

begietaraino adb. Erabat, osoki. (Batez ere sartu eta kideko aditzekin erabiltzen da). Ik. begi bietaraino; bi begietaraino. Gerran ez zen ibili, baina zantarkerietan eta ustelkerietan begietaraino sartu eta ustelkeria horren hatsa alde guztietara zabaldu bai.

begi gaizto iz. Ipar. Begizkoa. Begi gaiztoa egin norbaiti. Haurra, begi gaiztoaz joa liteke.

begi-gorri adj. Ik. begigorri.

begi gose, begi-gose iz. Janariaren itxurak sortzen duen gosea.

begi-ilun adj. Tristea. Ik. betilun.

begi itsuan adb. Itsu-itsuan.

begi(en) itxi-ireki batean Une batean, denbora-bitarte guztiz laburrean. Begien itxi-ireki batean eta hitz bakar bat esanez, sendatzen zituen eritasun guztiak. Begi itxi-ireki batean garbituko dizkizut aitzakia horiek guztiak.

begi keinu, begi-keinu iz. Begi bat, bestea zabalik dagoela, une batez itxi eta irekitzea, gehienetan norbaiti zerbait adierazteko. Kearen artetik irribarre egin zidan, eta begi-keinu bat. || Oharkabean behin eta berriz bi begiekin egiten den keinua. Urduri jartzen denean begi keinuak egiten ditu.

begi kliska, begi-kliska 1 iz. Kliska, begien itxi-irekia. Ik. begi keinu. Deus esan gabe, barrez, begi-kliska isekariak egiten zizkiola.

2 iz. Denbora-bitarte guztiz laburra. Ik. begi itxi-ireki batean. Aldaketak ez dira begi kliska batez erdiesten! Ziztakoan, begi kliskan, azken turutaren hotsean.

begi kolpe, begi-kolpe iz. Begiraldia; begi itxi-irekia. Ik. begi ukaldi. Lehenengo begi kolpera. Joango nintzela haran famatu haiei begi kolpe bat ematera.

begiko nini iz. Begi ninia. Bere begiko ninia bezala zaindu zuen. Begiko ninia bezain maite duelako.

begi lauso, begi-lauso iz. Begiaren alde gardenean agertzen den orbantxo zurixka, ikusmena iluntzen duena. Ik. katarata. 60 urterekin begi-lausoa izan zuen.

begi-lauso adj. Begi lausoa duena. Begi-lausoa zen.

begi-luze adj. Ik. begiluze.

begi-minbera adj. g.er. Makartsua.

begi nini, begi-nini iz. Ninia, begiaren erdiko beltzune biribila. Begi niniak handituak. Begi ninia bezala zain nazazu.

begi-oker adj. Ik. begioker.

begi ondo, begi-ondo iz. Begi ingurua; bekokia; bekaina. Ik. betondo. Orban bat zuen begi-ondoan.

begi ondoko, begi-ondoko iz. Begi ondoan ematen edo hartzen den kolpea. Ik. betondoko.

begi onez adb. Begi onekin. (Batez ere ikusi eta behatu / begiratu aditzekin erabiltzen da). Jainkoak begi onez behatu diola haren apaltasunari. Ea, zeruko erregina, limosna bat, andrea; pobre behar honi begi onez begira iezaiozu. Manueltxok begi onez begiratzen zion opil gozoari. Errodrigok Milia begi onez ikusten duela, garbi dago edozeinentzat. Begi onez ikusiko lukeela Euskaltzaindiak hori erabiltzea.

begi-orde iz. g.er. Betaurrekoak.

begitan eduki Higuindu, gorrotatu. Gaiztoek begitan naukate. Artzainek ere begitan daukate pinu hori.

begitan hartu Gorrotatu. Norbaitek begitan hartzen bazintuen, ez zizun barkatuko. Hartu zuten begitan eta ez ziren gelditu gurutze batean josirik hila ikusi arte.

begitan izan Begitan eduki. Zuzena maite duzu, eta okerra begitan duzu.

begi(e)tara eman Ikusarazi. Begietara eman zion zein zen handia egin zuen gaizkia.

begi ukaldi, begi-ukaldi iz. Begi kolpea. Begi ukaldi batez ikusia dugu dena. Zelai bat gaitza, begi ukaldia hel ahal baino luzeagoa.

begi ur, begi-ur iz. Kolirioa. Begi lainotsu eta ilundua begi urez sendatzen ari zen.

begi-urdin adj. Ik. begiurdin.

begiz begi adb. Aurrez aurre. Eguzkia eta ilargia begiz begi jarririk. Ez al haiz begiratzera ausartzen?, begira iezadak, begiz begi!

begi zeharka, begi-zeharka adb. Zeharka begiratuz. Ik. begi-bazter. Orduan pinuari oso begi zeharka begiratzen zitzaion; ziotenez, ez zuen ezertarako balio.

begiz jo Aukeratu, hautatu, begia ezarri. Aspaldian nuen nik begiz jota Azkarragako neskatxa zaharrena. Aurretiaz begiz jotako gerizpe batean. Hitz ugariegi izango ditut irispidean eta bat jo beharko dut begiz, gainerakoak baztertuaz.

begi zulo, begi-zulo 1 iz. Begia kokatzen den barrunbea. Ik. betzulo. Kristalezko begia gauero oherakoan begi zulotik kendu eta arretaz ikuzten du.

2 iz. pl. Begien azpian gertatzen diren ubeldurak, adibidez lo gutxi egiten denean. Ik. betazpi. Horiek ditun begi zuloak! Begi zuloak handituta.

bi begietaraino adb. Begietaraino. Bekatu lohietan bi begietaraino sarturik.

ezin

1 iz. Ezin daitekeen gauza; zerbait egiteko ahal edo gaitasunik eza. Ik. ezintasun. Ezinak ez du legerik. Hainbeste ezinen eta eragozgarriren kontra. Mutu gelditu zen ezinaren ezinez. Ezina ekinez egina. Sineste hori da gure ezinaren sostengua. Egia da bestea baino ezinagoa zela azken ezin hau.

2 (Izenondo gisa). Ezinezkoa. Gizonentzat hau ezina da. Gauza ezina. Ezina badirudi ere.

3 (Aditzaren partizipio burutuaren ezkerrean). Ik. ezinegon; ezinikusi; ezin ase. Gaur eskoletan sumatzen den euskara ezin eraman hori. Gizona gezurtia da, ahula, inon ezin egona.

4 (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Ik. egonezin; eramanezin. Galdetu zioten ea haiek sendatu ezina zertan zegoen. Jesus, hau da bakean bizi ezina!

5 (-ik edo -z atzizkia hartzen duen partizipio burutu baten ezkerrean, aditzak adierazten duena egitea edo gertatzea ezinezko dela adierazteko). Ik. ezinean; ezinik. Kantuz ezin asperturik. Ezin ukaturik egia. Ez ote gabiltza guztiok elkar ezin ikusirik? Gaiztoen artean ezin biziz. Ezin iritsiz beti.

ezin ...-ago (Dagokion izenondo edo adizlagunaren mailarik gorena adierazteko). Bidea ezin ederragoa nuen. Ezin egokiagoa. Ezin desberdinago diren hizkuntzetan.

ezinago adb. (Izenondo, adizlagun edo kidekoren baten ezkerrean). Ipar. Oso, mailarik gorenean. Ik. ezin gehiago 2. Errege ezinago ona. Ezinago gaizki moldatuak.

ezin ase 1 adj. Aseezina, ezin asezkoa. Apetitu ezin asea zen Haussonvilleko kondeak zuen gauzarik xelebreena. Ondasun-gose ezin asearekin.

2 iz. Ezin asezkoa denaren nolakotasuna. Zerbaitetan beti salatzen da gizonaren ezin ase hori. Ordu arte haren arimak ezin asea baldin bazuen, emango zion jatera Frantziskok.

ezinda postpos. (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Ezinik. Bere onera etorri ezinda. Saldu ezinda gelditzen diren sagar min eta motelak.

ezindako (Partizipio burutuaren eskuinean). Ezin dena. Bazter asko inor bizi ezindako eran gelditu dira. Haren eskabidea bete ezindakoa zela.

ezinean 1 postpos. (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Ezinik. Etxera joan nahi eta joan ezinean. Dirua lortu ezinean.

2 adb. Egin ezinik. Ezinean dabilenari laguntzeko.

ezineko adj. (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Ik. ezinezko 2. Ahaztu ezineko jaialdiak. Mugatu ezineko handinahikeria.

ezin esan ahal(a) Esan daitekeen baino gehiago. Ezin esan ahala jende zegoen han.

ezinez adb. (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Ezinik. Bekainak jaso zituen, entzuten ari zena sinetsi ezinez.

ezin gehiago 1 adb. (Aditz bati dagokiola). Asko, oso, mailarik gorenean. Ik. ezin gehiagoan; ezin gehiagoraino; izugarri 2; ikaragarri 2. Elkortu eta hondatu egin dira ezin gehiago.

2 adb. (Izenondo, partizipio burutu edo adizlagun bati dagokiola). Oso, mailarik gorenean. Andre ederra ezin gehiago. Unatua ezin gehiago. Ezin gehiago kartsuki.

ezin gehiagoan 1 adb. (Aditz bati dagokiola). Asko, oso, mailarik gorenean. Ik. ezin gehiago. Ezin gehiagoan damu dut.

2 adb. (Izenondo, partizipio burutu edo adizlagun bati dagokiola). Oso, mailarik gorenean. Jaun bat ezin gehiagoan ona.

ezin gehiagoko adj. Gauza abstraktuez mintzatuz, ezin handiagoa. Ezin gehiagoko poza. Bozkario ezin gehiagoko bat. Bere jakinduria ezin gehiagokoarekin.

ezin gehiagoraino 1 adb. (Aditz bati dagokiola). Asko, oso, mailarik gorenean. Ik. ezin gehiago. Hil ala biziko jokoan ezin gehiagoraino sarturik.

2 adb. (Izenondo, partizipio burutu edo adizlagun bati dagokiola). Oso, mailarik gorenean. Ezin gehiagoraino ederra, ezin gehiagoraino on eta maitagarria.

ezin hobe adj. Hobea izan ezin dena. Hazibide ezin hobea hartu zuen gurasoengandik. Etorkizun ezin hobea daukazu aurrean. Jateko finak eta ardo ezin hobeak. || Ezin hobeto erantzun zion. Ezin hobeki atera du liburua.

ezinik postpos. (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Aditzak adierazten duena egin ezin dela edo gertatu ezin dela. Ik. ezinean. Horretarako astia hartu ezinik. Irten nahi eta irten ezinik. Kabitu ezinik. || Gehiago ezinik.

ezin izan (Beste aditz baten ezkerrean kokatzen da). Zerbait gertatzeko edo egiteko eragozpenak edo ezintasuna izan. Ezin du egin. Ezin da joan. Ezin ekarri duelako. Realak ezin izan du golik egin. Ezin izan dut jan. Ezin daiteke horrelakorik esan. Ezin ekar dezake. Ezingo nizuke horrelakorik egin. Ezin geldituko gara ezer esan gabe.

ezinka postpos. (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Bizk. Ezinik. Laguna ezagutu ezinka ibili naiz.

ezin konta ahal(a) Konta daitekeen baino gehiago, oso-oso ugari. Ezin konta ahal dira euskarari eskaini dizkion lan laburrak. Eragozpenak, ezin konta ahala aurkitu zituen. Ezin konta ahal neke. Ezin konta ahala aldrebeskeria. Beste ezin konta ahalen artean. Bai baitakigu aldez aurretik badirela ezin konta ahala (eta ez naiz izarren ezin konta ahalaz ari) hots eta soinu.

ezin ...-zko Hortik gelditu zait beti bihotzean ezin betezko hutsa. Ezin utzizko eginkizuna. Ezin hautsizko hesiz inguratua. Ezin ulertuzko kontua (Ik. ulertezin).

[Oharra: ezin du etorri eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak ezin da etorri eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du].

Oharra: azken eguneraketa 2022-07-08

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper