testuartekotasun - Literatura Terminoen Hiztegia

 
TESTUARTEKOTASUN

Obra berri baten ulertzeko, besteak beste, aurreko idazkiekin dituen harremanak behar dira ikertu, testu berria ez baita bere baitarik sortua, baina bai antzinakoetarik jalgia. Izan daitezen agerian (aipu, erreferentzia eta abar) ala molde ezkutuago batez sartuak (parodia, zehar-aipamena, etab), ezinbestez egiten dira lotura horiek. Testuen arteko harreman horiek testuartekotasuna deitzen den kritika motak ditu bere gain hartzen. Testuartekotasuna, 60-70eko hamarkadetan ari izan diren iker tzaile batzuek (J. Kristeva, G. Genette edo M. Riffaterre) kontzeptu oso eta berezi gisa finkatua dute literatur kritikaren eremuan. Halere, nahiz ikerketarako ekarri dituz ten tresnak berriak diren, erabili dituzten arazoak ez dira garai horretan agertu.

Begien bistakoa da testuen arteko lotura literatura sorkuntza bezain zaharra dela. Gogoratu behar da literaturen historia luzean, “kopia” edo “imitazio”a izan direla literaturaren eredu nagusiak anitz mendez. Erdi Aroan, Antzinaroan bezala, gai berak berridazten ari izan dira idazleak. Imitazioaren garaia bururaturik ere, XVI. edo XVII. mendeetan, antzinakoen mahaian jartzen ziren sortzaileak lan berriaren erroen sendotzeko, hala nola, La Bruyère frantses idazleak grekoz idatziak ziren Teofrastoren Les Caractères liburuaren segida idatzi zuelarik. XX. mendean ere, lan nagusi batzuk testuen arteko lotura horren gainean idatzi dira, J. Joyce irlandarra ren Ulysses edo C. Simon frantsesaren Les Géorgiques liburuen izenburuek dioten bezala.

Testuartekotasunaren gaiari sartze modu bereziak egiten ahal zaizkio:

a) Filologiaren garaia : XIX. mende erditik XX. mende hastapena arte, idazlan berri baten ikertzeko idazleak erabili zituen iturrien bila zebilen batez ere ikertzailea. Antzinakoari zor ziona erakustearekin, idazlan berriaren ekarpena frogatzen zuen, eta, denbora berean, idazlearen berezitasuna eta balioa. Gisa horretako kritikariek idazleari ematen zioten lehentasuna, hark baitzituen aurreko idazle eta idazlanen artean gustu zituen ereduak hautatzen.

b) XX. mendeko aldaketa nagusia: testuaren premia. XX. mende hastapenetik harat, errusiar formalistek abiatu zuten mugimendu berritzaileari esker, –erran nahi baita literatur testuaren autonomia oinarritzat hartuz–, ikuspegi kritikoak emeki emeki guztiz aldatuz joan dira. Hain zuzen, idazleari kendu zioten ordu arte zuen lehentasuna, idazkiari emateko; eta, bide batez, iturrien arazoaren garrantzia murrizten zuten. Ikertzaile horiek eta jarraitzaileek ziotenez, obra berria ez da antzi nako eredu batetik jalgitzen, baizik eta haren kontra joateko sortzen da: genero edo literatur sailen historian, forma berria zaharraren ordezkatzera heldu da. Imitazioaren bitartez edo berdin, eredu bati buruz egin erasoaren bidez (hala nola, parodia), testuen arteko harremanen eremuan dira obratzen aldaketa nagusiak sor kuntza mailan.

Zenbait urte berantago, M. Bakhtinek, F. Dostoïevski (1963) eta F. Rabelais (1965) idazleen lanak ikertzerakoan, testuartekotasunaren problematika berritu du “dialogismoa” deitu kontzeptuaren bitartez. Horrela du deitzen esakune batek (lite rario ala ez) beste esakuneekin edukitzen dituen harremanak. Eleberri batean, adi bidez, hitzaldi mota franko metatzen eta nahasten da, bai pertsonaiek erabiltzen dituzten eleetan eta kontatzaileak askotan erakustera eman gabe erakartzen dituen gizarte mailako solasaldietan. “Polifonia” horren bitartez, zitazioz osatzen da konta keta berria, inguruko hitzaldiak eta aurreko testuak bereganatzen eta elikatzen dituela.

c) Kontzeptu berrien finkapena : J. Kristevak Séméiotikè (1969) deitu liburuan du testuartekotasuna kontzeptua sarrarazten kritika modernoaren arloan. Haren ustez, testua ez da nahaste-gune bat baizik. Idaztearen medioz, gune horretan biltzen eta nahasten dira aurreko testuetarik heldu diren puska asko, idazkerak berrantolatzen baititu hartu eta desegin ondoan. M. Bakhtinek bezala, J. Kristevak mugimendu bizitzat hartzen du testuartekotasuna; hark dio ematen idazkerari bere naz eskas duen dinamika. Ageri denez, Kristevak ez dio idazlearen lan kontziente ari lehentasuna ematen; gisa berean, ez du uste behin betikoz finka daitekeela idazlan baten esanahia ez eta ere zila daitekeela haren iturburua. Horiek muga aldakorrak dira: horri buruz xehetasunak ematean, R. Barthesek dio, hala iduri ez duelarik, testua ez dela lan bururatu bat baina hizkuntzaren eremuan etengabe lantzen den gaia, bera lanean ari dena, garaiez garai, idazlearen eta irakurlearen arteko harremanen bidez. Argi dago beste arazo teorikoen mugetan dabilela horre lako problematika erabiliz, besteak beste harreraren estetikaren eremutik hurbil.

R. Barthes eta M. Riffaterre ikertzaileek irakurtzeari kasu eman diote testuen arteko harremanen barnatzerakoan. Idazki baten irakurketa jasoa edo ikasia egin daiteke, irakurleak testuan sartzen dituen erreferentziak lagun. Baina, berdin, testu beraren irakurketa soila egin dezake irakurle arruntago batek. Ikusten denez, mugikorra bezain zabala da testuartekotasun mota horren definizioa. 80ko hamarkadan, berriz, G. Genette frantses ikertzaileak ikuspuntu hertsiago batetik landu zuen kontzeptu hori. Palimpsestes (1982) deitu liburuan, transtestualitatean, (erran nahi baita literatur testuen artean diren lotura guztiak izendatzen dituen prozesu orokorraren barnean) sartzen du testuartekotasuna; harremanen artean (artxitestualitatea, paratestualitatea, metatestualitatea, hipertestualitatea) harreman berezi baina soil eta mugatutzat ekartzen du. Haren ustez, sail horretan bakarrik sar daitezke zitazioa, “plagiat” eta alusioa, xehetasun horren bidez azpimarratzen duelarik bi testuak elkarrekin heldu direla orrialde berean eta lotura begien bistakoa eta zuzena dela. Ikusten denez, kontzeptu berri bezain erakargarri horrek ukitzen duen eremu teorikoa guztiz irekia eta aldakorra da.

d) Testuartekotasuna euskal testuetan zehar : Bi harreman mota nagusi sortzen dira testuen artean. Alde batetik, harreman zuzenak, begien bistakoak, bi testu (edo gehiago) batera heldu direlarik orrialde berean. Bestaldetik, harreman libreagoak, molde ezkutuago batez egiten direnak. Lehen lotura motarekin hasiz geroz, erran daiteke aipamena dela zuzenena, aurretik idatzia izan den testu zatia den bezala sartzen baita idazlan berrian, ezaugarri zehatz batzuek (hala nola, puntuazioa) era kusten dutelarik bien arteko muga. Euskal klasikoetan P. Agerre “Axular”en Gero liburua hor dago aipamenen erabiltze horren lekuko gisa.

Lotura zuzen horietan erreferentzia sar daiteke, kasu horretan ere aurreko testu bat aipatzen baita idazki berria egiterakoan, hala nola, J. Etxeberri Sarakoak P. Agerre “Axular”en obra eredutzat ematen duelarik. Gordeago izanik ere, lehen harreman mota horri ere lotzen ahal da plagio edo “plagiat” deitzen den kopiatzea. Gauza jakina da kasu horretan aurreko testua erabiltzen eta baliatzen dela den bezala baina hartzearen ezaugarririk erakustera eman gabe. Zehar-aipamena ere sar daiteke sail horretan, baina, harreman gisa hori sortzean, irakurlearen kultura kontuan hartu behar da, ez baitute irakurle guztiek jakitate bera aurreko idazkiei buruz eginak diren zehar-aipamenen ulertzeko. Adibidez, P. Loti frantses idazlearen obra ongi ezagutzen duen irakurle batek, Euskal Herriari lotua den Ramuntcho (1897) eleberriaren oihartzunak aurkituko ditu J. Barbieren Piarres (1926) deitu libu ruan.

e) Testuartekotasun mota nagusiak : Beraz, testuen arteko harremanak zeharka ere antolatzen dira, eta, molde gordeago batez egiten diren ber, neurri handi bate an irakurlearen erreferentzien arabera agertzen dira. Horietan, parodia eta haren inguruan jostatzeko edo irri eginarazteko moldatzen diren berridazketa mota guz tiak daitezke ikusgarrienak. Nahiz idazlearen xedea ez den batere bera, sail bere an sar daiteke ere pastiche deitzen den kopiatze berezia edo kalko estilistikoa. Nabari da zeharka eta bazterretik moldatzen diren harreman horietan irakurlearen laguntza baitezpadakoa duela idazleak, idazlanean sartu dituen helburuen betetzeko. Hots, harreman mota horietan bi ikuspegietarik lantzen ahal da testuar tekotasunaren problematika. Lehenik, idazlearen ikuspuntutik, jakinez nahita sartzen dituela aurreko testuen aipamenak, P. Agerre “Axular”en kasuan adibidez. Idazlearen ikuspuntu beretik segitzeko erran daiteke ohartu gabe erabil litzakeela aitzineko idazkiak, hala nola, joan den mendeko euskal literatura mailan, izkribu sainduen eraginaren kasuan.

Bestalde, irakurlearen ikuspuntutik ere azter daiteke testuartekotasuna; horretan, muga garbirik ez da ezagun, norberaren kultura mailari lotua baita idazkien arteko hurbilketa. Oraingo poeta baten lanean sartzerakoan, irakurle argitu batek klasikoen aipamen zehatzak aurki litzake hain segur. Irakurle arruntago batek, aldiz, beste irakurketa mota bat eginen du eta maila soilago batean irakurriko ditu olerki berak, literatura eta kultura mailako erreferentziak neurri handi batean altxatu gabe. Ageri denez, sartze asko du testuartekotasunaren problematika horrek, eta maila bat baino gehiagotan azter daiteke. Halarik ere, bide berriak irekitzen dizkio oraingo literatur kritikari, arazo zahar horren lantzeko tresna berriak ekarri baititu.

[J. C.]

Ikus, halaber, A IPAMEN , M IMESI , P ARODIA , P ASTICHE , P LAGIO , Z EHAR - AIPAMEN .

B IBLIOGRAFI A B ARTHES , R.: Le plaisir du texte, Paris, 1973 / Testuaren atsegina-Idazkuntzaren zer o gradua, J. Garzia, Klasikoak bilduma, 1996 . B OUILLAGUET , A.: L’écriture imitative: pastiche, parodie, collage , Nathan, Paris, 1996 . C OMPAGNON , A.: La seconde main ou le travail de la citation , Seuil, Paris, 1979 . G ENETTE G.: Introduction à l’architexte , Seuil, Paris, 1979 . G ENETTE G.: Palimpsestes, la littérature au second degré , Seuil, Paris, 1982 . K RISTEVA , J.: Seméiotikè, Recherches pour une sémanalyse , Seuil, Paris, 1989 . P IEGAY - GROS , N.: L’Intertextualité , Dunod, Paris, 1996 . R IFFATERRE , M.: La production du texte , Seuil, Paris, 1979 . S AMOYAULT , T.: L’Intertextualité , Nathan, Paris, 2001 . T ODOROV , T Z .: Mikhaïl Bakhtine, le principe dialogique , Seuil, Paris,1981 .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: intertextualidad
 fr: intertextualité
 en: intertextuality

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper