(grek. polyphonia, ahots ugaritasuna)
Diskurtso bakar batean ageri diren ahotsen multzoari deritzo, hots, diskurtso bateko ahots aniztasunari. Mikhail Bakhtini zor zaio ahots aniztasunaren ekarpena literatur teoriaren esparrura, eta bereziki eleberriaren inguruko gogoeten esparrura. Kontzeptu hori dialogismoa bezain zabala ez bada ere, sarritan harekin nahastu izan da. Izan ere, polifonia soilik testu barneko azterketari dagokio, hots, testu edo diskurtso literarioan bertan ahots aniztasuna islatzearekin hertsiki lotzen da. Ahots aberastasuna hori gizarteko zenbait hizkera txertatuz (soziolektoak, idiolektoak, ...), zein genero batzuk eta besteak txertatuz (eskutitzak, dokumentuak, aldizkari zatiak, ...) sor daiteke. Baina, ahots horiek guztiak eleberri generoaren zerbitzura egokitu behar dira. Eleberri bat polifonikoa dela esatean, azken batean, genero horren oso tasunean dialogismoa gertatzen dela esaten da. Izan ere, gerta liteke ahotsez osa turiko eleberri batean dialogismo horiek guztiak josteko modua totalitarioa eta monologikoa izatea.
Polifonia, beraz, ikuspuntu ideologiko ezberdinen gauzatze testuala da, ikuskera ideologikoak ikuskera nagusi baten menpe agertzen ez direnean. Esaterako, Tx. Agirreren Garoan elkarrizketak agertzen direnean, kontalari orojakile baten menpe irudikatzen dira, kontalari hori izanik txertatzen dituen ahots guztien gidaria, ahotsen askatasuna murriztuz eta interpretazio jakin bat bideratuz. Beraz, agertzen diren ahots eskas horiek ere kontalariak bere ikuskera jakinera moldatzen eta bideratzen dituenez, eleberri monologikoa da. R. Saizarbitoriaren 100 metro eleberria ren kasuan, ordea, ahots ugari biltzen dira eleberrian zehar, baina horien arteko joste lanean kontalariak ez du gidari lanik egin, eta, ahots bakoitzari bere askatasuna eman dionez, eleberri polifonikoa da. Hala, gaztelerazko pasarteak, prentsa zatiak, iragarkiak, abesti zatiak... bildu ditu, eta irakurlearen lana da ahots sare aberats hori jostea, interpretazioei bideak irekiz.
[I. R.]
Ikus D IALOGISMO , 2.