Ingelesetik heldu den hitz horrek adabakiz eginiko lan bat –zehazki, burusi bat– izendatzen du, eta literaturan genero bateko eta besteko testu adabakiez, edo egile batzuen eta besteen testu zatiez nahiz egile beraren hainbat idazlanen testu zatiez osaturiko obrari esaten zaio horrela. Tradizio grekolatindarrean, cento (grek. kentron ) deitu ohi zitzaien gisa horretan osaturiko obrei eta ospetsua da P. Virgilioren Eneida, Georgica eta Egloga tatik harturiko zatiez D.M. Ausoniok sorturi ko Cento Nuptialis .
Gaur egun, patchworka genero nahasketaren zentzuan hartzen da. Prezeptiba klasikoak generoen bereizketa finko era arauemailea egin zuen. Geroztik, generoak bereizten eta garatzen joan ziren, ezaugarriak zehaztuz, gorabehera anitzekin. Genero nahasketa prezeptiba klasikoaren aurrean egiten ziren oldartze modura hartzen da. Erdi Aroan anitz dira horren zantzuak, zein saiakera arloan, zein Commedia dell’Artedeiturikoan; geroago, Lope de Vegak, adibidez, antzerkian, komediaren eta tragediaren bereizketa ez zuen onartzen. Alabaina, erromantizismoak ekarriko du arlo horretan aldaketarik sakonena. Subjektibotasuna nagusi da, norbanakoa dago lehen mailan; beraz, idazlearen esku dago nahi duena nahi duen eran edozerekin nahastea. Hala eta guztiz ere, J. W. Goethek ez zuen onartzen generoen arteko nahasketarik, nahiz eta nabaritzen zuen generoen arteko mugak ez zirela batere zehatzak. B. Crocek, berriz, literaturako lanen autonomia aldarrikatzen zuen, eta ez zuen onartzen lan bat ezein generoren ezaugarrietara makurtzea. Geroztik, abangoardia anitzek areagotu egin dute genero nahasketa, eta gaur egun bizirik dagoen jokabidea da, nahiz eta gaurko kritika eskola gehienek oinarrizko sailkapen deskriptibo bat (ezen ez normatiboa) onartzen duten.
Euskal literaturan genero nahasketa ohikoa da gaur egun: B. Atxagaren Ziutateaz liburuan poesia eta prosa nahasten dira, M. Lasaren Memory Dump libu ruan, berriz, poesia, aforismoa, saiakera laburra, nobela baten proiektua, egunero koaren zantzuak…
[J. K. I.] Ikus, halaber, T ESTUARTEKOTASUN .