paralelismo - Literatura Terminoen Hiztegia

 
PARALELISMO

(grek. parallelos, antzekoak ondoan ezartzea)

Hitzezko figura bat da, eta egitura, forma gramatikal eta kadentzia erritmikoak paraleloki ezartzean datza. Isokolon (grek. iso(s) + kolon, berdin amaitze) edo pari sosia paralelismo mota bat da. Berdintasuna edo ekibalentzia da, luzerari, egitura sintaktikoari eta erritmoari dagokienez, periodo, perpaus, hitz, hots eta beste zen bait osagairen artean (baita, noski, ahapaldi, neurtitz edo bertso lerro eta kolon metrikoen artean ere).

Simetrian oinarrituriko prozedura estilistikoa da, eta ezaugarri du testu baten barruan simetria errepikaria gordetzea hitzetan, egitura sintaktiko eta erritmikoetan, edota burubideetan:

LOT LANARI 1) “ Munduaren kreatzean Jaungoikoak zion erran Gure Aita lehenari: lot lanari.”

2)” Itsasoko harenetan zer haizeak musuetan derro uhain urdinari? Lot lanari.”

(J. B. Darrikarrere)

Hiru eratako paralelismoak bereizten dira: hitzezkoak, egiturazkoak eta seman tikoak. Hitzezkoak, hiru eratakoak dira: 1) neurtitz edo bertso lerroak eta mugimen du erritmikoak errepikatzen dituena, hitz sinonimoren bat aldatuz; 2) Kontzeptua areagotzen duena, kontrako pentsamendua adieraziz ezezko espresioaren bidez; 3) neurtitz edo bertso lerro bera errepikatzen duena, baina sintaxia, hiperbatona eta erritmoa aldatuz. Egiturazkoa egitura sintaktiko eta erritmikoari dagokio. Eta seman tikoak pentsamendu bera errepikatzen du, baina esateko era aldatuz, hitz sinoni moak sartuz.

Bi osagai edo atalen arteko paralelismoa behar da gutxienez, baina hiruren ( tri kolon ) edo lauren artekoa ( tetrakolon ) ere egon daiteke. Erretorika klasikoko Dispositio edo egituratze ataleko ordena naturalaren arabera, osagai edo zatiak progresioan doaz, hots, laburrenetik luzeenera; beraz, kolon luzeena bukaeran doa.

Egitura figura da, zentzu mugatuan harturik, askotan egiturak errepikatzen bai titu, baina, orokorrean, simetrian oinarrituriko hots figurak (anafora, epifora, sinplo ke, homoioteleuton eta homoioptoton) ere paralelismo formatzat jo izan dira. Bestalde, paralelismoa eta anplifikazio figurak elkarri lotuta agertzen dira maiz. Hitzak errepika daitezke, baina paralelismo mota batzuetan ( paradiastole, hipozeu xi ) ez dira hitzak edo hotsak errepikatzen, sintaxi, erritmo eta luzera berdintsuko zatiak baizik, edo barnetik eta hots laguntzarik gabe paralelismoa aditzen da. Paralelismo mota horiek hirukoitzak dira maiz, eta oratorian asko erabiltzen dira. Gradatio 2 edo metaketa erakoak, ideiak errepika eta anplifikatzeko denak, per pausak moztuz intentsifikazio graduala adierazten du.

Historiaren aldetik begiratuta, paralelismoa estrategia zaharrenetako bat da, kantarien eta poeten artean sortua eta garatua, poesiak musikarekin, dantzarekin eta magiarekin aspaldiko denboretan harreman estuak zituenean (E. Asensio, 1957). Literatura zaharretan azaltzen den prozedura da, bereziki hebraierazkoan; paralelismo horiek egitura semantikoak direlarik gehienbat, baina hitzezkoak ere bai, eta ez gutxitan. Hona hemen, esaterako, paralelismo semantikoa, 119, 2-3 sal moan:

“Zeruek Jainkoaren aintza kontatzen dute, ortziak haren eskuen lana iragartzen. Egun batek besteari mezua luzatzen dio, gau batek besteari berria ematen...”

Eta hitzen arteko paralelismoa 118, 1-4 salmoan:

“Eskerrak Jaunari ona baita.

Haren maitasuna betikoa baita . Esan bezate israeldarrek : Haren maitasuna betikoa . esan bezate aarondar apaize k Haren maitasuna betikoa . Esan bezate Jaunari begirune diotenek : Haren maitasuna betikoa.

Paralelismoa Bibliako estilo tipikoa da, baina garai guztietakoa ere bai, poesian nahiz prosan eta era guztietako diskurtsoan. Euskal poesia modernoan oso erabilia da elizgizon direnen obretan (B. Gandiaga, Iratzeder) nahiz G. Aresti bezalako poe ten obretan; azken horren estilo ezaugarrietan estilo biblikoaren eragina hartu dute aztergaitzak zenbait euskal kritikok, hala nola, J. A. Ascuncek (“Profetismo bíblico en la poesia social”, 1986) eta I. Aldekoak ( Munduaren neurria: Arestiren ahots biblikoaz , 1998).

Hona hemen, erakusburutzat, Iratzederen “Itsasoan” olerkiaren hasierako leloa eta lehen estrofa:

“Itsasoan, itsasoan, Uhain zabal zoroan, Urrunerat itsasoan.

Zurekin maiz nindoan.

Ez zen han neurririk , Ez zen han mugarik ! Zu kapitain, ni lemazain ,

Ez zen han gu bezain

Bihotzez alairik.” ( Biziaren olerkia )

Euskal literatura ahozkoan, herri poesian agertzen da, baita atsotitzetan ere, errepikapenarekin batera: “Etxeko sua etxeko hautsaz estal” (A. Oihenart, Les pro verbes, 170); “Lan lasterra, lan alferra” (ibid., 297) edo “Lan baratza, lan aratza” (ibid., 294). Azken bi horietan errepikapena, paralelismoa eta errima elkartzen dira, laburtasunarekin batera, atsotitzak buruz errazago ikasteko jokabideak baitira.

Paralelismoa maiz nola / hala, nolako / halako, non / han konparazio egituren bidez osatzen da:

“Nol’apezaren kantatzea, hala bereterraren inhardestea” (ibid., 529);

“Pika nolako, umea halako” (ibid., 396);

“Non fida, han gal” (ibid., 337).

Paralelismoa da P. Agerre “Axular”en prosaren ezaugarri nagusietarik bat, etengabe darabilena, errepikapenarekin batera (anafora, epifora, homoioptoton, homoioteleuton). Atal biko isokolonak gogoko ditu antitesiak burutzeko:

“Iustizia min da, eta garratz, eta miserikordia gozo eta ezti.” ( Gero )

Trikolon eta hiru atalekoak ugari dira Gero n; horietako batzuk paralelismo forma osoenak dira, non paralelotasun sintaktikoarekin batera lexiko-semantikoa ere ger tatzen den:

“Zamaria, gazte deino hezten da. Haragia berri deino gazitzen da. Zuhaitza ttipi deino birlandatzen da.” (ibid.)

Egitura sintaktiko erritmikoaren sendogarri, era askotako paralelismoak aurki daitezke euskal literaturan, nola herri olerkian, hala poeten artean. Adibidez:

“Maxakanak zertako?

Oiluei emateko.

Oiluak zertako?

Arraultza egiteko.

Arraultza zertako?

Apaizari emateko.

Apaiza zertako?

Meza emateko

Meza zertako

Gu eta mundu guztia salbatzeko.”

(Herrikoia)

Adibide honetan errepikatzen da kantuaren egitura sintaktiko-erritmikoa, umeak “zertako” galdetu eta helduak “hartako” erantzun, alderdi pedagogikoa azpimarra tuz.

Hitzezko paralelismoa, gehiena errepikatuz, eta hitz giltzarriak aldatuz:

1) “Oi! Pello, Pello! Logale nauk eta jinen niza ohera?

Irun ezan eta gero, gero, gero; irun ezan eta gero, gero, ba. 2) Oi! Pello, Pello! Irun diat eta jinen niza ohera?
Astalka ezan eta gero, gero, gero astalka ezan eta gero, gero, ba...

... 8) Oi! Pello, Pello! Josi diat eta jinen niza ohera?

-Argia dun eta bihar, bihar, bihar; argia dun eta jinen hiz bihar.”

(Herrikoia)

Osagai berberak aurkitzen dira ia beti: hasierako deikia, “Pello, Pello”; bete duela eskatu zaion lana, eta oheratzeko baimena eskatzen du linariak. Lan berria ematen zaio, eta egindakoan oheratuko dela agintzen. Halatsu zazpi estrofetan. Baina, azkenekoan, zortzigarrenean, “argia dun eta / jinen hiz bihar” esaten zaio, lanak ez duela atsedenik izango. Kantu horrek biltzen ditu “lihoaren nekeak eta penak”, aditz aldakor horietan estrofaz estrofa adieraziak.

Bigarren hitzezko paralelismoa: Kontrako pentsamenduaren bitartez, kontzep tua indartuz eta areagotuz:

“Adios ene maitia, adios sekülako! Nik ez dut beste penarik maitia, zuretzako zeren üzten zütudan hain libro bestendako”

“Zertako erraiten düzü adios sekulako? Uste düzia eztüdala amodio zuretzako? Zük nahi balinbanaizu enükezü bestendako.”

Adibide horretan, maitale batek baieztatua beste batek ezeztatu egiten du. Hitzezko paralelismoa da hori ere; bi ikuspegi eta bi jarrera zeharo ezberdinak adie razten dituzte: batek dio ez duela besteak maite, eta besteak, aldiz, baietz, esaldi bertsoak errepikatuz eta jarrera indartuz.

Paralelismoan neurtitz edo bertso lerro osoak errepikatzen dira egitura simetriko batzuetan, baina hiperbatona, sintaxia eta erritmoa aldatuz. P.I. Barrutiak garatzen du Acto para la Nochebuena ren lehen agerraldian :

“S. Josef: -Aimbat ventura nundi nic nundi Responde dentro el angel Angel: - Doa guztia dator zeruti. (Pónese de rodillas)

S. Josef: - Cunplidu vidi secula vet i Ordenadua Zeru altuti . Virgen: - Nundi niq nundi aimbat ventur a Angel: - Jaunzerucoac ala deu gura (de rodillas ) Virgen: - Cunplidu bidi beti secul a zeru altuaq ordenadua.

(P.I. Barrutia, Gabonetako ikuskizuna )

Jesusen jaiotza hiru pertsonaiaren arteko elkarrizketa da; aingeruak bere egite koa betetzen du, eta berdin Josek eta Birjinak. Badirudi Jesusen jaiotzako miste rioan agertzen diren Jose eta Mariaren iruditxoak deskribatzen direla, bien arteko simetria agertuz, eta orobat bien sentipen berberak islatuz; hala, berdintasun bat irudikatzen da Jose eta Mariaren artean.

Euskal poesian, paralelismoaz ari garenez, aipamen bat merezia du B. Gandiagak. Hitzezko paralelismoa darabil, baina, hitz bera errepikatzen duen arren, prismadura ezberdinak bilduz hitz berarenak :

“Arratsaldea, kolore gorriz, hiltera doa, kolore horiz, hiltera doa, kolore hautsiz, hiltera doa, zerutik jausiz, iadanik zurbil, margul iadanik.”

( Hiru gizon bakarka )

[J. M. L., X. A.] B IBLIOGRAFIA A SENSIO , E.: Cancionero peninsular de la Edad Media, Madrid, Credos, 1957.

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: paralelismo
     fr: parallélisme
     en: parallelism

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper