Literatura Terminoen Hiztegia

kazetaritza - Literatura Terminoen Hiztegia

 
INFORMAZIO KAZETARITZA

Egungo kazetaritza molde nagusian, informazioa ematea edo berriak kontatzea da funtsezko eginkizuna, nahiz dela huts-hutsik, nahiz interpretazio eta iritziarekin batera. Beraz, berriak lehenik, komentario eta iritziak ondotik; gainera, berriak eta komentarioak elkarrengandik erabat bereiziz eta bata bestearekin nahasi gabe.

Informazio generoak eta estiloa gailentzen dira egungo kazetaritza molde nagusian. Informazio estiloa informazioa eta interpretazioa helburu nagusi duten generoetan erabili ohi da. Haren ezaugarri nabaria gertaerak doi-doi eta trinko, argi eta garbi eta era erakargarrian adieraztea da. Ezaugarri horiek ondorioak dituzte hizkuntza eta komunikazio aldetik; adibidez, doi-doi beharrezko diren hitz lau, bakun, egoki eta zehatzak hautatzen dira, esaldi laburrak eta izen sintagmetan oinarrituak erabiltzen dira, orobat adizki aktiboenak, trinkotasunaren nahiz argitasunaren era gozle diren beste elementuak baztertzen dira, eta abar. Berrien kontaera era objek tibo eta inpertsonalean, asmo jakinik erakutsi gabe, modu errealista eta bizian egi tea gomendatzen da, esapide ahituak baztertzea eta abar. Egitura eta idatz teknika aldetik ere badituzte ondorioak, pasarte eta esaldiak informazio aldetiko garrantzia ren araberako ordenan eraiki behar baitira. Izan ere, informazioa ematerakoan, kazetariak irakurlea izan behar du beti gogoan eta honek jakin minez eta laster ira kurtzeko moduan kontatu behar dio, hots, eskematikoki (izenburuak eta sarrera edo lead direlakoak bederen).

Kazeta irakurleak berrien gosea baitu, kazetaritza informatiboa gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan da kazetaritzaren historian, kazetaritza anglosa xoiaren eraginez bereziki. XX. mendeko bigarren hamarkadatik aurrera kazetaritza informatiboa ordura arteko ideologikoari nagusitzen hasi zitzaion. Euskaraz berri laburrak eta ia iritzirik espresuki agertu gabe 1910 inguruan basieren Eskualduna astekarian (“Berrixkak”), eta handik laster Euzkadi egunkarian, Kirikiñoren eskutik.

[X. A.]

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: periodismo de información
     fr: journal d'information
     en: news journalism

 
KAZETARITZA

Kazetaritza kazetarien langintza eta ogibidea da; hortik eratorria den bigarren adiera batean kazetaritza hitza kazetarien idazteko era edo estiloa izendatzeko ere erabiltzen da. Kazetariak kazetetan edo prentsa idatzian ari izan dira XX. mendea baino lehen; geroztik irrati eta telebistan ere bai. Ikus K AZETARI , K AZETA . Kazetaritza beste mintzabide edo hedabide batzuetatik bereizten da, adibidez, propaganda eta publizitatetik. Langintza edo ogibide hori beraz literaturgintza edo literatur idaz letzatik bereizten da, baina kazetaritzaren eta literaturaren artean harreman handiak daude. Idazle askok kazetetan idatzi izan dute hizkuntza handietan, bereziki XIX. eta XX. mendean. Euskal idazle askok ere kazeta eta kultur aldizkarietan agerrara zi eta agerrarazten dituzte beraien literatura lanak, kazeta lanez gain: lehen elebe rriak emanaldika –adibidez, Tx. Agirrek–, bertso eta olerkiak, egun iritzi artikulu eta zutabeak eta abar. Areago, egun kazetetarako ez ezik, irrati eta telebistarako mol datzen dituzte teleipuin eta telenobelak, teleantzerki eta irrati antzerkiak. Bestetik, egun badaude egunkarietan sail eta kazeta lan batzuk, literaturarekin zerikusi han dia dutenak. Erreportaje eta kronika mota asko literatur estiloan idatziak dira, sor kuntzarako aukera zabala egonik. Nobela anitzek ere badute erreportajearen eitea. Literaturaren eragina nabaria da kazetaritzan; adibidez, iritzi zutabeetan.

Kazetagintzaren historian hiru molde bereizi ohi dira: ‘ideologia kazetaritza’ dei daitekeena XIX. mendeko gatazka politiko-ideologikoan garatu zen, dotrina eta ideia politiko eta bestelakoen zabalkundea zuen helburu eta estilo didaktiko erreto rikoa nagusi. Molde horretakoa da, adibidez, A. Xaho edo Hiriart-Urrutiren kazeta ritza. Baina Frantzia, Espainia eta inguruetan kazetaritza molde hori nagusi zen bitartean, anglosaxoiek ‘informazio kazetaritza’ deritzana garatu zuten, gertakarien kontaeran oinarritzen dena, iritzi edo komentariotik erabat bereiziz. Molde hori 1920 ingurutik aurrera Europa mendebalde osoan nagusitu zen, baina bi Mundu Gerren artean ikusi zen albisteak ematea ez zela aski eta beroriek azaltzea komeni zela, eta orduan hirugarren jokabidea agertu zen, ‘interpretazio kazetaritza’ edo ‘azalpen kazetaritza’, 1945 ondoren nagusituz joan dena eta genero batzuk garatu dituena, bereziki erreportajeak.

Kazetaritzan berria edo albistea da lehengaia. Albistea gertakari egiazkoa eta egiaztagarria da, argitaragabea, egunekoa edo gaurkotasunduna, ororentzat jakin garria eta publiko zabalari ezagutarazia, hedabidea kontrolatzen dutenek hura bildu, interpretatu eta balioztatu ondoren. Albistearekin jokatzeko erak informazioa, interpretazioa eta iritzia dira. Kazeta mintzaera, hizkuntza maila aldetik, landua edo jasoa da, ahozko hizkeratik hurrekoa eta berehalakoa. Ez da literatura hizkuntza bezalakoa, informazioaren eta komunikazioaren zerbitzuan baitago, oroz gainetik.

Kazeta estiloaz mintzatzean, genero batzuei dagokien estiloaz mintza daiteke (adibidez, erreportaje estiloa edo kronika estiloaz), baina bereziki albistearekiko jokabide edo hainbat xederen araberako (informazioa, interpretazioa, iritzia) kazeta estiloez mintzatu ohi da. Informazio estiloa erabili ohi da informazioa eta interpreta zioa xede nagusitzat duten generoetan. Estilo hori da nagusi kazetaritzan; ezauga rri nagusiak hitz ekonomia edo trinkotasuna, gauzak argi eta garbi adieraztea eta erakargarritasuna ditu. Berrien kontaera era objektibo eta inpertsonalean, asmo jakinik erakutsi gabe, modu errealista eta bizian egin behar da, betiere pasarte eta esaldiak informazio aldetiko garrantziaren araberako ordenan eraikiz. Beraz, infor mazioa ematerakoan, kazetariak irakurlea izan behar du beti gogoan eta, irakurle ak jakin-minez eta laster irakurtzeko moduan kontatu behar dio; hots, labur eta doi doi, izenburuak eta sarrera edo lead bederen.

Iritzi estiloa iritzi eskaintze edo eskatze nahiz pertsuasio bila dabiltzan genero etakoa da. Ez da informazio generoetan bezalako eredu finkorik, eta askatasun askoz handiagoa dago egitura, forma eta estilo aldetik.

Kazeta estilo nagusion ondoan, beste estilo bat ere aipatzen dute batzuek, lite ratura eta kazetaritza artekoa, mendebaldean kultur tradizio handikoa hala ere, folletoi estiloa deitzen dutena, lehenago folletoien atalean agertzen ziren idazlanen eredura. Kazeta estiloarekin berez zerikusi handirik ez izan arren, helburuen eta mezu igorleen aldetik, estilo horretako ezaugarri batzuk era askotako kazeta lane tan ager daitezke, esaterako literatura sorkuntzakoetan, irri-solas nahiz denborapa sakoetan edo iritzi generoetako sail finko edo zutabe batzuetan (adibidez, idazle batzuek beren estiloa lantzeko eguneroko gauza arrunten iruzkinak egiten dituzte larik zorroztasunez eta gauzon esanahi sinbolikoa eta orokorra bilatuz).

Berriekiko jokabide nagusiak eta estiloak kontuan izanik, kazeta genero batzuk bereizten dira, informazio, interpretazio eta iritzi generoen multzoetan bilduta. Informazio genero nagusiak berria edo albistea eta erreportajeak dira.

Albistea egituratzeko eredu jakin bat nagusi da, Espainian eta Euskal Herriaren hegoaldean bederen, hau da, piramide iraulia edo azpikoz gorakoa, irudi horren eredura albistearen eduki edo zertzeladen kontaerak garrantziaren araberako orde nari jarraitzen baitio. Hortaz, lehen pasartean, sarrera edo lead delakoan, albistea labur, trinko eta eskematikoki kontatzen da. Bertan, gertakariaren inguruko zertze lada edo galdera garrantzitsuenei erantzuna eman ohi zaie, horretarako baliabide mnemotekniko bat erabiliz: nor(k), zer, non, noiz, nola, zergatik, nondik (albistearen iturria). Lead horretatik ateratzen da izenburu nagusia. Sarrera horretan kontatuta ko berria ondoko pasarteetan garatzen edo azaltzen da. Piramide iraulia nobela eta antzerkietan erabili ohi den garapen teknika ez bezalakoa edo alderantzizkoa da (literatura genero horietan klimaxa bukaeran agertzen da, artean suspenseari eutsiz).

Erreportajea (fr. reportage ) gaur egungo gertaeren kontaera eta azalpena da, gertaerok beti albiste ez izan arren. Forma aldetik kontaera eta deskripzioa aldi katzen ditu, eta albistea baino luzeagoa, konplexuagoa eta hedakorragoa izan ohi da. Erreportajeen eitea dute elkarrizketa edo entrebistek, hemengo kazetaritzan hain gora handikoak, eta horien artean zenbait mota bereizten dira.

Kronika herrialde latindarretan gehiago erabilia da, bereziki Espainian eta Ameriketan. Gertaeren kontaera da, beroriek denboraren harian jarraitu ondoan, kronikariaren ikuskeratik eta barnetik egina. Bitarteko genero bat da, informazio eta iritzi artekoa. Berezia, hala ere: informatu beharra du, baina librea da kontaera alde tik (adibidez, gertaeren aitzinekoak, giroa eta abar konta ditzake) nahiz estilotik. “Kronika estiloa” deritzonak, hain zuzen, informazio estiloa bezalakoa izan behar du (trinkoa, argia, erakargarria), baina estilo baliabide guztietarikoak onartzen ditu. Kontaera bizia, arina eta atsegina izan ohi du (giza interesa duten pasadizoak, jakingarriak eta abar). Egitura aldetik ere ez da beharrezkoa piramide iraulia . Kronika mota batzuk: atzerri korrespontsalen kronikak , informazioa emanez gain, interpretatzen eta analizatzen dutenak; berariazko bidalien kronikak , horien artean bereziak izanik gerra kronikak (adibidez, J. Etxeparek eta J. Saint-Pierrek I. Mundu Gerran gerla tokietatik Eskualduna ra bidaliak). Beste batzuk: kirol kronikak , tokian tokikoak edo lokalak (hiri, auzo edo herrietakoak), kronika politikoak , eta horien arte an Parlamentuaren bilkurez (adibidez, Lizardiren “Etxe-barne-bizia: Españi-Legebatzarra nere begipean”), bidaldi-kronikak, kronika “beltzak”, kronika “arrosak” eta abar.

Iritzi artikuluak edo komentarioak gaur egungo eta interes orokorreko gaiei buruz iritzia eskaintzen edota eskatzen dutenak dira, pertsuasioa helburu izanik. Izenpetuak dira –editorial artikulua izan ezik– eta ikuspegi edo ikuskera aldetik ez eze, egitura, estilo eta idatz teknika aldetik ere askatasuna dago, muga batzuen barruan (hots, egunkari edo agerkariaren joera eta estiloa). Zenbait mota bereizten dira, batez ere editorial artikulua, sail finko edo zutabeak eta kultura saileko kritikak. Editorial artikuluan kazetak egungo gertaerez dituen iritziak agertzen ditu, bere jokabidea edo politika editoriala aintzat harturik. Sail finko edo kolumnak egile jakin batzuen komentario izenpetu eta finkoak dira. Kultura saileko kritikek arlo guztieta ko berriak eta komentarioak ekarri ohi dituzte.

Kazetaritzaren eta euskal kazetaritzaren historiari dagokionez, kazetak Europa mendebaldeko gizarte laiko eta hiritarrarekin batera garatu ziren XVII. mendetik aitzina. Baina kazetaritza, gizaldeen komunikabide gisa, fenomeno modernoagoa da, industri gizarteko gizalde kulturari dagokiona, XIX. mende erditsutik abiatzen dena aurkikuntza tekniko garrantzitsu batzuen eskutik (burdinbidea, telegrafoa, errotaziozko inprimagailua eta abar). Orduan heltzen da kazetaritza gizarte maila guztietara eta munduko lurralde guztietara. Egiazko kazetaritza hori estatu hizkuntza nagusietan garatu zen, euskarazkoa askoz apalagoa izan da baina. Euskarazko kazetaritzaz mintzatzean, euskara nagusi den kazetez ari gara bereziki, Euskal Herriko egunkari, astekari eta agerkari “elebidunetako” (hots, frantsesa ren eta gaztelaniaren nagusitasun guztizkoa erakusten dutenetako) euskarazko artikuluak ere aintzat hartuz, nahiz askotan “ghetto” batean sartuak izan diren eta gaztelerazkoen eranskin huts edo betegarri bihurtuak.

Euskal kazetaritzaren hasikinak XIX. mendeko hiru eta laugarren hamarkadeta koak bide dira: 1834ko artikulu bat, Donostiako kazeta batean argitaratua, eta A. Xaho zuberotarrak 1848an ateratako Uscal-Herrico Gaseta ren bi agerraldi. XIX. mende bukaeran Frantziako III. Errepublika garaian agertzen da indarrez, Eskualduna kazetarekin, “Xurien” kazeta zen, L. Etxeberri diputatu kontserbadore ak 1887an hasia, errepublikarrek aurreko urtean sorturiko Réveil Basque n aurka eta erlijioaren eta tradizioaren alde ari beharra. Iparraldeko idazle eta kazetari bikainek idatzi zuten hor, J. Hiriart-Urruti buruzagiagandik hasita, (A. Abadia, G. Adema “Zalduby”, J. Etxepare, J. Saint-Pierre, J. Elizalde “Zerbitzari” eta abar), baita Hegoaldeko batzuek ere (P. F. Irigarai “Larreko”, E. Zubiri “Manezaundi”). 1934an P. Lafittek Aintzina hileroko euskaltzalea sortu zuen (1934-1937, 1942-1943), eta 1944an, Eskualduna desagertu ondoren, Herria , astekari bihurtu eta oraindik bizi dena, 1967 arte berak kudeatua, 1967-1969 artean J. Hiriart-Urrutik eta gero E. Larrek. XIX. mende bukaeran Ipar Ameriketan euskaldunek ateratako kazetak ere badira, adibidez California-ko Eskual Herria asterokoa (1893-1898), Goitinok zuzen dua. Iparraldean almanaka edo urtekariak zaharrak dira euskaraz (1848koa da zaharrena).

Hegoaldean, Pizkunde garaian, kultura aldizkariak sortu ziren: Euskal-Erria (Donostia, 1880-1918), Euskalzale (1897-1899), Ibaizabal (1902-1903), azken biak

R. M. Azkuek sortuak eta euskara hutsezko lehenak hegoaldean. S. Arana Goiri eta abertzaleek bultzatuta, egunkari eta agerkari politiko ugari sortu ziren; adibidez, Euzkadi egunkaria (Bilbo, 1913-1937), euskal atala kazetari kontratatu batek zuzentzen zuelarik: hasieran, E. Bustintza “Kirikiño”k; 1929-1931 bitartean, Orixek; eta 1931tik aurrera, E. Urkiaga “Lauaxeta”k. Aipa daiteke gisa berean Euzko-Deya (Bilbo, 1916-1923), laikoek sortutako euskara hutsezko lehena. El Día egunkaria (Donostia, 1930-1936) lehen aipatu ghettoa apurtzen saiatu zen J. Ariztimuño “Aitzol”en zuzendaritzapean, lehen orrialdean agerraraziz euskarazko artikulu fran ko, nahiz kultura eta bereziki literaturazkoak izan. Erlijio aldizkari ugari alde batera utzita, aipagarria da Argia asterokoa (Donostia, 1921-1936), apaiz talde batek sor tua, euskaraz oso-osorik idatzitako lehen asterokoa. Lizardik areago jo eta euskal eguneroko baten egitasmoa diseinatu zuen. Gudaldian Eusko Jaurlaritzaren agin duz sortu eta bere pentzura atera zuen euskara hutsezko lehena, Eguna (Bilbo, 1937), bost hilabetez eta Bizkaiko hiriburua Francoren pean erori arte iraun zuena. Euzkadi egunkariaren babespean zegoen, batetik berriak eta bestetik iruzkinak egi ten zituen, nahiz guda egoerak gero eta propaganda gehiago egitera bultzatu, eta idazlari nagusiak A. Zubikarai eta E. Erkiaga gazteak izan ziren.

Gerra ondoan, Francoren diktadurak gerra aurreko egunkari gehienak desage rrarazi zituen eta Euskal Herrian de jure eta de facto Hegoaldeko komunikabide guztiak erdaldun hutsak ziren, eta 1962 arte euskarazko artikulurik ez zen onartu egunkarietan. Aldizkarietan idazten zen idatz zitekeen apurra, kasu askotan elizgi zonen babespean, atzerrian argitaratu aldizkari eta agerkariak alde batera utzita.

Aipagarri da adibidez, Bizkaiko Anaitasuna , frantziskotar hirugarrendarren babes pekoa. Irratiei dagokienez, gerraostean atzerriko batzuetan baziren euskarazko emanaldi batzuk, adibidez BBCn. Hegoaldean 1960 ingurutsuan hasi ziren, eta handik urte batzuetara sortu Loiola, Segura eta Arrate irratiak.

Baina kultura sekulartu ahala, Franco hil ondoren eta 1978tik aitzina, jatorriz erli jio aldizkariak ziren batzuek, adibidez Zeruko Argia k (geroago Argia astekaria) beste bide bat hartu zuten: ez zuten izan nahi gaztelerazkoen eranskin, politika gaiak nagusi bihurtu ziren, kazetari finkoak hartu zituzten, eta abar. Egunkari “ele bidunek” ( Deia; lehen Egin zena eta orain Gara …) euskarazko artikulu batzuk argi taratu ohi dituzte, eta garai batez asteroko bat atera ohi zuten edo oraindik ateratzen dute (Zabalik, Ostadar...) . 1990ean sortu zen lehen egunkari normalizatua euskara hutsean, Euskaldunon Egunkaria , euskara arlo guztietako mintzabide bihurtu duena, 2003an Espainiako gobernuak itxia. Urte berean, Berria k hartu zuen haren segida. Kazeten bidez ez ezik, irrati eta telebistaren bidez ere aurrerakuntza handia egin du euskal kazetaritzak, euskal erakunde politikoen gerizapean

[X. A.]

B IBLIOGRAFIA

A GIRREAZKUENAGA , J.:, “Eguna: euskararen egunerokotzea (hitzaurrea) komunikabi deetan” in Eguna , Kultura eta Turismo Saila, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 1990 . A LTZIBAR , X.: “Kirikiño kazetaria, I. Mundu-Gerraren kontalari”, in Gerra eta Literatur a 1914-1944, Oihenart 14 , Cuadernos de Lengua y Literatura, Eusko Ikaskuntza , Donostia, 1997, 9-33 . A LTZIBAR , X.: Jean Hiriart-Urruti, Ni kazeta-egilea naiz. Artikulu, berri, istorio . Labayr u Ikastegia, Bilbo, 2004 . A LTZIBAR , X.: Etxagerrateak sorturiko “Eguna”, lehen euskal egunkaria”, in Z ENBAITE N A RTEAN : Gerra eta Literatura 1914-1944. Oihenart 14 , Cuadernos de Lengua y Literatura, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1997, 47-56 . A LTZIBAR , X.: “Euskalzale eta Ibaizabal Bilboko asterokoak”, in Z ENBAITEN A RTEAN : Bilbao. El espacio lingüístico. Simposio 700 Aniversario. Bilboren 700. urteurrena . Hizkuntza gunea . Sinposioa, Universidad de Deusto-Deustuko Unibertsitatea 2002 , 253-266 . C AMINO , I.: Pablo Fermin Irigaray “Larreko”. Lekukotasuna , hitzaurrea EEE, Klasikoak , 1992 . C ASENAVE ,J.: De l’article de presse à l’essai littéraire: Buruchkak (1910) de Jea n Etchepare , UNED, Madrid, 2002 . D IAZ N OCI , J.: Euskal prentsaren sorrera eta garapena (1834-1939 ), Eusk o Ikaskuntza, Cuadernos de sección Medios de Comunicación, 5, 1995 . D IAZ N OCI , J.: Euskarazko aldizkari, almanaka eta egutegien erroldea (1834-1959) , Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1994 . K ORTAZAR , J.: “Lauaxetaren prosa” (hitzaurrea), in Lauaxeta (Urkiaga’tar Estepan) : Azalpenak, 1931-1935 , Labayru Ikastegia, Bilbo, 1982 .

M ARTÍNEZ A LBERTOS , J.L.: Curso general de redacción periodística. Lenguaje, estilo s y géneros periodísticos en prensa, radio, televisión y cine. Paraninfo, Madrid, 1991 . M ITXELENA , K.: Historia de la literatura vasca , jat. 1960, Erein, Donostia, 2001 . O TAEGI , L.: Jose Maria Agirre “Lizardi”: Euskera aundiki-soñekoz. sarrera, EEE , Klasikoak, 1995 . O TAEGI , L.: Xabier Lizardi. Kazetari-lanak , hitzaurrea, Erein, Donostia, 1987 . P AGOLA , R. M.: Enrike Zubiri “Manezaundi”: Artikulu bilduma, hitzaurrea, EEE , Klasikoak, 1990 . S UDUPE , P.: Piarres Lafitte: Kazetari-lan hautatuak , hitzaurrea, Elkar, Donostia, 2004 .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: periodismo
 fr: journalisme
 en: journalism

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper