(grek. elegeia, elegia)
Etimologiak adierazten duen moduan, elegia negar kantua da. Neurkerari dagokionez, poesia klasikoan, hexametroz eta pentametroz osaturiko distikoak dira, hauek txandaka errepikatzen direla. Elegiari tristura sentimendua atxikitzen zaio, pertsona bat hil delako edota hondamendi publikoren bat gertatu delako; bestalde, gorazarre abertzalea izan daiteke, edota maitasunaren oroitze bat, eskergarri nahiz etsipenezkoa.
Euskal literaturan, metrika jakinari atxiki gabe, sarri sortu izan dira heriotzak eragindako sentipenen olerkiak. Herriak gorde eta idazleek jasotako poemetan garrantzizkoak dira eresi edo erostak deiturikoak, hala nola, “Milia Lasturkoaren eresiak”, “Martin Bañez Artazubiagaren eresia”, “Bereterretxen khantoria”, “Egun bereko alarguntsa”, “Testamentuarena”… Ikus ERESI.
Idatzizko elegiek ere aldian aldiko sentiberatasuna agertzen dute, heriotzaren ikuspegia aldatzen doalarik denboraren joanean. Aipagarriak dira errenazimentuko epitafio moduan eginiko heriotza aipamenak, hala nola Juan de Amenduxen kantu koa, erromantizismo garaiko hil kexuak, eta bereziki XX. mendeko poeten lanak, besteak beste, Lizardiren “Illeta” eta “Xabiertxoren eriotza”, edota J. Miranderen “Nil igitur mors est” deritzan poema.
[J. M. L.]