Kultura eta hizkuntza bereko hiztunek hitz berari eman ohi dizkioten oinarrizko zentzu erreferentzialek osatzen dute denotazioa; gaineratiko zentzu bereziak konno tazioak dira. Testuan izan dadin, ala berdin solasean, hitzen zentzua moldatu behar dute nolabait hartzaileak eta irakurleak. Hartze horren argitzeko, F. Saussureren urratsei jarraikiz, komunikazioaren eredua barneratu dute hizkuntzalariek. Hartzailearen baitan zentzuak egiten duen bidea adierazi beharrez hiruki semioti koa marraztu dute. Hiruki horren arabera, adierazleak ditu erreferentea eta adiera zia erakartzen hartzailearen gogora, egiazkoa ala alegiazkoa izan.
Denotazioa aztertzekotan, adierazia bereizi behar da beste hiruki osagaietarik. Hitz baten adieraziak bi eremu bateratzen ditu: denotazioa eta konnotazioa. Adieraziaren alderdi ulergarri, onargarri eta iraunkorrena da denotazioa, hitzaren zentzua ezagutarazten eta azaleratzen duen tresna, etimologiak dioenez. Hots, kultura eta hizkuntza bereko hiztunek hitz berari eman ohi dizkioten zentzuak edo zentzu bildumak osatzen dute adiera denotatiboa.
Konnotazioa, adieraziaren bigarren alderdia, denotazioari kontrajartzen zaio, nahiz hitzaren zentzua, testuan zehar, harekin batean osatzen duen. Hiztunek edo idazleek sortzen dituzten gaineratiko zentzu aldakorrak biltzen ditu konnotazioak. Denotazioak, aldiz, erreferenteari hurbil egonez, ezaugarri zehatzak ematen ditu. Semak dira deitzen oinarrizko zentzu osagai horiek: adieraziaren definizioa moldatzen dute; agerian dagoen hitz zatia osatzen dutela erran daiteke. “Biligarro” hitza hartzen bada, zozoaren antzeko txoria dela dio hiztegiak, kolorea eta luma, kantua eta beste ahantzi gabe. Denotazioa inguratzen duten ezaugarri horiek dira sema edo oinarriz ko zentzu osagaiak. “Biligarro” hitza aztertzerakoan, bizidun sema hautatu behar da, bizigabea baztertuz; animalia + txori + pasaiako... Oinarrizko osagaietan zenbait mota daude, orokorrenetarik berezienetaraino.
[J. C.]
Ikus, halaber, E RREFERENTE , K ONNOTAZIO , S EMA .