berri - Literatura Terminoen Hiztegia

 

BERRI Ikus A LBISTE .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: noticia
 fr: nouvelle
 en: news

 
BERTSO BERRI

Herri mailako kantutegietan, bi multzo nagusi bereiz daitezke, elkarri nolabait kontrajarriak: kantu zaharrak eta bertso berriak. Kantu zaharrak tradiziozkoak dira, herriak oroitzapen kolektiboan gordetzen dituenak, eta une jakinetan erabilgarriak, hala nola Ganbonetan, Santa Ageda egunean, ezkontzetan,…) Bertso berriak, aldiz, une batean sorturiko piezak dira, bertsoak jartzea merezi duten gaiak ontzen dituztenak, lekuko bertsogile batek jarriak, eta medio jakin baten bidez —garai batean bertsopaperen bidez, gaur era bateko eta besteko euskarrien bidez—, hela raziak:

Dozena bat bertso berri

gaztien kontsolagarri

nire mingaina sano dan arte

nahi nituzke jarri.”

(Xenpelar, “Mutil zaharraren bentaja”)

Bilakabide bat eta bera daramate bertso berriek eta kantu zaharrek: hasieran kantu oro bertso berria da, zehatza eta osoa; baina, oroitzapen kolektiboak hutse giteak dituenez, azkenean bertso berri oro tradiziozko bihur liteke, doinua eta tes tuko hitzak herriak partzialki gordetzen baititu, eta, ondorioz, gelditzen dena gauza rik indartsuena eta biziena da, baina xehetasunik gabea, ahotik ahorakoan aldatua, historikoki ezagutu ezina, tradiziozko bilakatua.

[J. M. L.]

Ikus, halaber, B ERTSOGINTZA , K OPLA .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

  

 
EGUBERRI KANTU

Eguberri kantua Gabon garaian abesten den eta Jesusen jaiotzaren inguruko gaiez diharduen abesti mota da. Eguberri kanta edo gabon kanta izendatuak, maiz, errepika, bihurki, mudantza eta beste lotura teknikez horniturik azaltzen dira bertso etan. P. I. Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna antzerkian daude jasorik eredu eder zenbait horren lekuko, eta misterioaren inguruko osagaien bitxitasunez blaiturik:

“Eji ene laztanchoa, eji negar tanta vat da asco oraingañeco culpa eguiñak deseguinzeco amorioac yrizi zaituz zerueaniq lurrera Adanen ume desterraduac zeugana combertizera Magestadea bateti dacust, besteti umildadea Xangoicoa ta guizona zara, milagro parevaguea Zeureac dira gure biozac, mundu guztia zeurea Eracuscuzu xaun zerucoa, zarala gure xavea Eji, ene laztanchoa eji!

( Gabonetako ikuskizuna )

Euskal Herriko eguberri kantuak molde ugari har ditzake: kopla zaharretan nahiz molde txikian edo nagusian emanikoak dira kantuok. Iparraldean, noelak, eta Hegoaldean “Gabon kanta” eta bilantziko deitu izan dira, eta molde zaharreko hain bat bertso mota gorde dira genero horretan. Hala, gorde den bilantziko zaharrene tariko batean kopla zaharren teknika ageri da:

“Eder dek olan gabia, larre onean ardia. Nafar baiño hobe diagu Zaragozako zuria.”

(1705)

Eguberri zikloko kantuen artean, lau une bereizten dituzte herri literaturan adituek: San Nikolas egunekoa, Gabon Gauekoa, Gabon Zaharrekoa eta Erregeetakoa. Euskal Herrian, herrietako gazte taldeek etxez etxe nahiz auzoz auzo eskean egiteko era biltzen duten errepertorioa osatzen dute tradizioko eguberri kantuek. Garai bate an, bereziki mutilek osaturiko taldeek euren gain hartzen zituzten gizartearen era kuntzarako ardura asko eta asko (herriko edo auzoko ospakizunen antolakuntza, biztanleen moralaren kontrol sistemak, eta abar). Baina, baliabide ekonomikorik ez zeukatenez, errondan irteten ziren eta eskean egiten zuten. Era berean, ezkongai zeuden etxeetako neskei aipamen bereziak egiteko parada hartzen zuten erronda horietan. Eskearen adierazpen anitz kausitzen da, ondorioz, batez ere kanpokoen pobretasuna eta etxekoen ugaritasuna, edertasuna eta eskuzabaltasuna goretsiz (ala bertakoen zuhurkeria gaitzetsiz...) Hona adibide bat:

“Oles ta oles etxekotxuak nik jotzen ditut ateak nik jotzen ditut ateak eta ondo erantzun jendeak.”

“Horrako hor goian izarra errekaldean lizarra etxe ontako nagusi jaunak urregorrizko bizarra.

Urregorriz du bizarra eta zilar zurizko espalda erreal bikoz egina dauka elizarako galtzada.”

Eguberri kantuetan, beraz, eskeko kopla eta “kopla zahar” moldeko kantu ugari topatzen dira; halakoak dira, esate baterako, San Nikolas txikia” kantuak nahiz “Oles eta oles” gisakoak, nahiz Urte Zaharreko “Dios te Salve” eta “Deo gratias, buena gente” formulak darabiltzatenak, baita Nafarroako Burunda aldeko “Ur goie na, ur barrena” edota “Urte barri, barri” molde kantu zoragarriak. Ugariak dira, gisa berean, ospakuntzetako jate handi eta gehiegikerien aipamena egiten duten kan tuak, eta horien artean aipa litezke irri-jorrazko diren Olentzerori buruzkoak, “Drin gilindron, gaur Gabon”, “Ez dauko bexiguak” eta beste hainbaten tankera panta gruelikoa. Hona hemen horietako bat:

“Dringilindron, gaur Gabon, tripea betea jaukat eta besteak hor konpon. Galdara bete aza egosi aoloretxuak gorriak, bereala iruntsi neutsan azkenengoko orriak.”

Herri kantu horietan elizaren Eguberri ospakuntzara egokitu diren familia barru ko nahiz auzo mailako tradizio paganoen hainbat arrasto suma daitezke, neguko solstizioari loturikoak, hala nola, Burundako Urte Zahar eta Urte Berriko uraren erri toa. Halere, elizaren ospakuntzei estuki atxikiriko hainbat kantuk ere aberastu dute franko euskal Eguberrietako kantutegia. Horietako zenbaitek euskaraz sortuak diru dite; beste hainbat, aldiz, inguruko erdaretatik hartu eta moldatuak izan daitezke, hala nola, Iparraldean hain aspalditik hedaturik dauden Oi Bethleem ! (frantsesez eta biarnesez ezagutzen dena) edo Airerik ederrenetan kantu miresgarri ederrak. Euskaraz, errenazimentuaz geroztik testu idatzietan lekukotza adierazgarria utzi dute, lehenengoetarikoa delarik J. Etxeberri Ziburukoaren Noelak eta berce canta espiritual berriak (1630), XVII. eta XVIII. mendeetan hainbat berralgitalpen izan zituena. Bestalde, P. Urkizuk B. Alzabeheitiren Noelen lilia (1782) bilduma ere aipatzen du. Bestalde, Elizaren enkarguz osaturiko bilantziko sortak ugari sortu ziren bereziki XVIII. mendean zehar eta sarritan organo musikaz lagundurik gorde direnez Arantzazuko Musika Artxibategia da biltegirik aipagarriena gai horretan, J.

L. Ansorena ikerlearen iritziz (1983). Ikus B ILANTZIKO .

[L. M. M., L. O.]

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

  

 
ELEBERRI

1. Italierazko novella hitzean du jatorria nobela hitzak. Jakina denez, hitz horrek esanahi anitz izan ditu historian zehar. Gaur egun, euskaraz eleberria edo nobela deritzon literatur generoak (gaztelaniaz novela , frantsesez roman, italieraz romanzo ) hedadura eta xede ugariko testuak barneratu izan ditu hainbat tradizio eta hizkun tzetako literaturetan. F. Hegelek gizarte modernoaren epopeiatzat definitu zuen lite ratur genero horrek gizon-emakumeok munduan egoteko modu berria iradoki nahi du, ulergaitz eta konplexua bihurtu den mundua bizi eta sentitzekoa. R. M. Albérèsen iritziz, gaur egun eleberriak adierazten duena garai batean epopeiak, kronikak, moralak, mistikak eta, neurri batean, poesiak adierazten zuten.

Historian zehar eleberriak izan dituen aldaketa eta berezitasun ugariak direla eta, zaila da genero horren definizio zehatz eta bateratua eskaintzea. Zailtasuna areagotu egiten da literatur genero horrek beste zenbait generorekin, hala nola, epopeiarekin, lirikarekin edo dramarekin izan dituen harremanak kontuan hartzen badira. Horren guztiaren ondorioz, ulergarria da autore eta kritikariek eleberriari buruzko definizio aberats eta ugari eman izana. Adibide batzuk soilik aipatzekotan, hortxe XVII. mendean D. Huetek emandakoa, zeinarentzat eleberria irakurleen atse ginerako idatzitako amodiozko abenturen kontaketa den, edo Sade markesak XVIII. mendean emandakoa, zeinaren arabera gizakiaren abentura berezienei buruzko kontaketa harrigarria den eleberria. Hortik aurrera, dela D. Diderotek, dela beste hainbat idazlek, eleberriari buruzko definizio ugari eta anitz eman dituzte. Horien guztien artean, ezbairik gabe, ezagunena den definizioa H. B. Stendhalek XIX. mendean emandakoa da. Idazle horren arabera, eleberria “kaletik paseatzen den ispilu baten antzekoa da”. Esan beharrik ez dago H. B. Stendhalen definizioaren oinarrian errealismoaren zolan antolatutako poetika datzala. Definizio hori urrun dago

M. Vargas Llosa idazle garaikideak emandakotik. Vargas Llosaren aburuz, objektibo tasuna eta fantasia, mitoa eta historia, ametsa eta bizitza, guztiak uztartzen ditu ele berriak bere baitan.

Edozein modutan ulertzen delarik ere, argi dago definizio horien oinarrian badirela zenbait ezaugarri genero horri berezkoak zaizkionak. Alde batetik, begi bistakoa da eleberriaz mintzatzean fikziozko istorioez hitz egiten dela, eta gertatutakoak ala alegiazkoak diren gertakariak direla aipagai (ikus Huet, Sade, D. Diderot). Ezaugarri horrek bereizten du eleberria objektibotasun historikoa eta zehaztasuna iritsi nahi duten hainbat generotatik, hala nola, biografia, autobiografia, erreportajea eta abar. Ezaugarri horrek, hau da, fikziozko istorioa kontatzeak, ez dio eragozten eleberrigileari errealitatetik hartutako hainbat gauza eta datu erabiltzea. Datuok fan tasia ukitu batez edo bizitzari atxikitako ezaugarriez zipriztintzen dira eta modu horretan fikzioa eraikitzen.

Esandakoaz gain, azpimarratzekoak dira literatur teorian eleberria, eleberri labur eta ipuina ren artean zehaztu diren berezitasunak. E. M. Forster kritikari inge lesak, esaterako, eleberriaren definizio zehatzak eragiten dituen zailtasunak izan zituen hizpide. Testuaren hitz kopuruaz gain (50.000 hitzez mintzo da E. M. Forster), malgutasuna eta aldakortasuna jo zituen eleberriaren ezaugarri berezkoentzat. Edonola ere, gai horri buruzko bibliografia irakurri ondoren, argi geratzen da, luze raz edo edukiaz gain, egilearen asmoa, testuaren egitura, erritmo narratiboa edo tonua kontuan hartzeko alderdiak direla narraziozko genero eta azpigeneroak bereizteko orduan. Ildo horretatik, dudarik ez dago, ipuinak edo nobela laburrak kondentsaziora eta kontzentraziora jotzen dutela, eta ongi aukeratutako elementu edo gertakarietan antolatzen dutela kontakizun den istorioa. Eleberriak, aldiz, garrantzi handiagoa ematen dio istorioaren xehetasunak kontatzeari, eta, ondorioz, erritmo motelagoa, pertsonaia garatuagoak edo intriga konplexuagoa eduki ditza ke, deskribapen eta elkarrizketa luzeagoez baliatuz. Azken batean, eleberri bat idazten duenean, idazle orok aukera gehiago du luzera eta sakontasun handia goko fikziozko unibertso bat eraikitzeko; hala, askotan esan izan da literatur gene ro guztien artean eleberriarena dela, ezbairik gabe, generorik malgu, aldakor eta eztabaidatuena.

2. Eleberriaren Historian , bi sorrera puntu bereizi izan dira. Alde batetik, K.a. II. mendetik K.o. III. mendera bitartean, Grezia eta Erroman kaleratu ziren hainbat ele berri daude. Lau sailetan sailkatzen diren eleberriok (bidaia fantastikoak kontatzen dituzten eleberriak; amodiozko eleberriak; eleberri satirikoak edo eleberri bizantzia rrak) narrazio eskema sinplea dute, eta gazte maiteminduek beren amodioa aurre ra ateratzeko gainditu beharreko zailtasunen istorioa kontatzen dute. Garai harta koak dira, aipagarrienen artean, Petronioren Satirikon edo Luzio Apuleioren Metamorfosia edota Urrezko astoa . Hasierako testuotan, genero honi berezkoak iritziko zaizkion elementuen zehaztapenak kausi daitezke, hala nola, espazioa, den bora, pertsonaia edo giroen deskribapena, edo elkarrizketen erabilera bizia. Garai klasikoko eleberrigileentzat, dibertsioa eta irakaskuntza izan behar ditu helburu ele berriak, eta, horretarako, irakurlea erakarri egin behar du.

Erdi Aroan, eleberri laburrak eta hedadura luzeagokoak azaldu ziren. Garai har takoak dira zaldun eleberriak ( Amadís, Tirant lo Blanch , Lancelot …) eta amodio ele berriak . Espainian, Urrezko Mendean, tipologia horri artzain eleberria eta beste hainbat gehitu zitzaizkion. Artzain eleberrien zaletasun hori Europa osoan igarri zen eta Euskal Herrian ere bai; ez daiteke aipatu gabe utz oraingoz euskal literaturako lehenengo prosa lana bihurtu den Juan Perez de Lazarragaren (1548?-1605) artzain eleberria (1564-67).

Alabaina, ez da azken tradizio hori eleberri modernoari bide egiten diona, ekialdeko hainbat literaturatan sortzen diren narrazio markodunak edo testuinguru emaileak osatzen dutena baizik. XIII. mendean mendebaldera iristen diren narrazio mota horiek ( Mila gau eta bat gehiago ezaguna, kasu), hainbat narrazio berri eragingo dituzte: G. Boccaccioren Il Decamerone [Dekamerona], G. Chaucer-en Canterbury Tales [Canterburyko ipuinak] edo Don Juan Manuelen El Conde Lucanor [Lucanor kondea]. Narrazio horietan, testuinguru edo marko bat eraikitzen da, eta, hasiera batean oso ahula bada ere, zabalduz eta handituz joan zen, eta, bukaeran, fikzio osoa barneratu zuen. Narrazio horien hedapena eta eleberri pikareskoa nahiz M. Cervantesen Don Quijote (1605-1615) ezagunaren argitalpena, eleberrigintza modernoaren akuilu funtsezkotzat hartzen dira. Edozein modutan ulertzen delarik ere, dudarik ez dago, M. Cervantesek zaldun liburuez egin zuen parodia ezagunak eleberri modernoaren oinarriak finkatzen zituela, eta ordura arteko testuek zuten batasun ezari egitura sendo eta bateratua erantsi ziola.

XVIII. mendean, eleberri tipologia hori aberastu eta sendotu egin zen, eta, horrela, Frantzian, eleberri psikologiko ezagunak dira A. F. Prevosten Manon Lescaut

(A. Narvaiza, 1990) edo P. Ch. de Laclosen Les liaisons dangereuses ( Harreman arriskutsuak, J. Muñoz, 1997), edo balio moral eta erlijiosoak kritikatu nahi zituzten eleberriak argitaratu ziren, hala nola, Voltaireren Candide ou l’optimisme (1759), I. Sarasolak Kandido (1972) itzulia, edo Sade markesaren Justine, euskaraz, Justine edo bertutearen zorigaitzak , M. Hoyos Seinek itzulia (1997). Horien ondoan aipatu behar dira Erresuma Batuan argitaratu ziren abenturazko eleberri ezagunak, hala nola, J Swiften Gulliverren bidaiak, I. Mendigurenek itzulia (1990) edo W. Defoeren Robinson Crusoe (C. R. Soriak itzulia, 1988). Mende bukaeran, erromantizismoaren espiritu berriaren aitzindari jo daitezkeen ukitu sentimental handiko eleberriak pla zaratu ziren: S. Richardsonen Pamela, J.J. Rousseauren La nouvelle Héloise edo W. Goetheren Werther (1774) ezaguna, G. Loberak itzulia (1987).

Alabaina, XIX. mendea da, ezbairik gabe, eleberrigintzaren mendea. Erromantizismoak zekarren filosofia eta estetika berriaren eraginez, eleberri tipolo gia aberasten hasi zen. Ordukoak dira, W. Scott, A. Manzoni eta bestek landutako eleberri historikoa , G. Nerval eta bestek idatzitako eleberri poetikoak , G. Sand eta hainbatek plazaratutako gizarte eleberriak ... Poliki-poliki, burgesiak XIX. mendean izan zuen garapenarekin batera, eraldatuz eta sendotuz joan zen eleberrigintza. Bira horretan, kostunbrismoa eta zehazki ohitura eleberria izan zen lehen urratsa. Ohitura eleberriak, pertsonaia tipoak, estereotipatuak aurkezten ditu, gatazka eta ezinegon nabarmenak bizi ez dituztenak, bilakaerarik jasaten ez dutenak. Mundu estatiko eta egonkor horretan, egunerokotasunak baldintzatzen du bilbearen bila kaera, eta, denboratik kanpo antolatutako irudiak baliran, Jainko baten ahalmenaz kontatzen duen kontalari orojakile baten ahotan aurkezten da guztia.

XIX. mendeko eleberri errealistak, berriz, menderatzen duen eta gizakiaren neurrikoa den mundu egonkorra irudikatzen du. Garaiko arrazionalismoak, positi bismoak eta zientzia fisikoen garapenak eragiten zuten baikortasuna dago funtse an. Mundu egonkor eta ulergarri baten aurrean gaude, gizakiak mundua ulertu eta menderatu egiten du, eta gauza da mundu hori bere eleberrietan islatzeko. Irudimenean eta fantasian oinarritzen edo babesten zen eleberri erromantikoaren aurka, errealitateari arreta jartzeko joera eta ahalegina nabari dira errealismoan.

Oso interesgarri ikusten da gizarteko edozein arazo eta edozein pertsonaren gora beherak kontatzea. Esan daiteke, XIX. mendera arteko eleberrigintzak irakurlea era karri nahi duela, haren interesa lortu. XIX. mendekoak, berriz, mundu errealaren irudi izan nahi du. Burgesiaren sendotzearekin eleberrigintza garatuz doa eta erre alismotik naturalismora doan garaian lortzen du gailurra.

Errealismoaren eta naturalismoaren emaitzei esker, eleberrietako fikziozko uni bertsoa izugarri aberastu zen eta testuak sakontasun handiko izakiz bete ziren. Ordukoak dira, esate baterako, eleberrigintza modernoaren aitatzat hartzen den G. Flaubert, edo H. de Balzac, H. B. Stendhal eta O. Zola Frantzian; Ch. Dickens Ingalaterran; B. Pérez Galdós eta L. Alas “Clarín” Espainian; L. Tolstoi eta F. Dostoievski Errusian; Eça de Queiroz Portugalen, eta abar.

XX.
mendearen etorrerak goitik behera irauli zituen ordura arteko eleberrigin tzaren poetika eta narrazio teknikak. Lehenengo hamarkadetako kultur eta gizarte zurrunbilo zalapartatsuan, abangoardiek errotik eraldatu zuten garaiko poesigintza eta eleberrigile berriek kontatzeko modu berriak iradoki zituzten. Eleberriaren krisia izendatu den garai horrek XX. mendearen hasierako ezinegona irudikatu nahi du (ateismoa, klase borroka, irrazionalismoa, 1914ko Mundu Gerra, existentzialis moa...). Hemeretzigarren mendeko eleberria iraganeko zerbait balitz bezala agertzen da, baina ez da funtsean kontalaria orojakilea delako edo barne bakarriz ketarik ez darabilelako, baizik eta islatzen duen mundua ez delako gurea jadanik. 1870 inguruan hasi eta II. Mundu Gerra bitarteko urteetan garatzen den eleberri modernoak, ingelesez Modernism izenez ezagutzen denak, bere gain hartuko ditu garaiko espiritu berriaren oinarririk berezkoenak: errealitatearen konplexutasuna, giza egoera problematikoa eta hizkuntzaren zehaztugabetasuna. Horretarako, ele berrigileak eskura izango ditu kontatzeko molde berriak: Henry Jamesen ostean garatutako perspektibismoa; psikoanalisiaren aurkikuntzen zolan garatutako barne bakarrizketa (E. Dujardin, J. Joyce, V. Woolf…), zinemagintzaren eraginez sortuta ko behaviorismoa (E. Hemingway, J. Dos Passos, Nouveau Roman …), denbora anakroniak (M. Proust, W. Faulkner…), giza existentziaren absurdoa irudikatzen duten pertsonaia galduak (F. Kafka, R. Musil, S. Beckett…), kontaketa mailen nahasketak… hitz batean, gaur egun ezagunak bihurtu diren kontatzeko teknikak.
XX.
mendearen hasieratik finkatutako berrikuntza horiek eleberri tipologia ugaldu eta aberastuko dute, eta, 60ko hamarkadarekin amaituko diren esperimentazioen ostean, adituek posmodernitatea deritzoten horretan, eleberriak bere jatorrizko xede nagusia berreskuratuko du: fikziozko istorioak kontatu beharra.

3. Sailkapenak . Eleberrien sailkapenari begiratuz gero, gauza bat da nabarme na: ugariak izan direla eleberriak sailkatzeko plazaratu diren proposamenak, nahiz eta ezagunetakoa W. Kayser-ek egindako sailkapena den. Hona kritikari alemania rrak proposatzen duen eskema:

Ekintzazko eleberria: Eleberri mota horretan intriga da nagusi, eta, horretarako, irakurlearen atentzioa erakartzen da hasieratik bertatik. Bigarren mailan geratzen dira fikziozko elementuen deskribapenak edo giroari nahiz pertsonaiei dagozkien xehetasunak. Eleberrigintza mota horren adibiderik argiena W. Scotten eleberrietan aurki daiteke, hala nola Rob Roy eta Ivanhoe, F. Ibargutxik itzulia (1980).

Pertsonaiak ardatz dituzten eleberriak : Kasu horretan pertsonaien azterketa edo aurkezpen psikologikoa da nagusi, bizi dituzten gatazken kontaketak betetzen ditu eleberriaren orririk gehienak. Testu horietan ohikoa da eleberriari pertsonaia nagusiaren izena ematea, hala nola, W. Goetheren Werther eleberrian edo Ch. Brontëren Jane Eyre n.

Espazio eleberria: Kasu honetan lekuen, giroen edo garai historikoen deskriba penak eleberriaren gune nagusia osatzen du. Hala gertatzen da, esaterako, E. Zolaren Germinal eleberrian.

Aipatutako hiru sail nagusi horietan koka daitezke ezagutzen diren eleberri mota gehienak. Horrela, ekintzazko eleberrien barruan, abenturazkoak, bidaiazko ak, poliziakoak, espioitzakoak, nobela beltza… eta beste hainbat. Pertsonaiak ardatz dituzten eleberrien artean, berriz, eleberri pikareskoa, autobiografikoa, psi kologikoa, amodiozkoa, nobela arrosa… eta abar. Espazio eleberrian sartzen dira landa eleberria, eleberri hiritarra, gizarte eleberria, ohitura eleberria … eta abar. Edozein modutan delarik ere, badira beste hainbat eleberri sailkapen horretatik kanpo geratzen direnak. Multzo horretakoak dira, esaterako, alderdi teknikoa, tema tikoa edo generoartekoa azpimarratu nahi duten eleberriak. Alderdi teknikoa azpi marratzen duten eleberriak dira, gutun eleberriak, eleberri inpresionista, eleberri esperimentala, eleberri estrukturalista, Nouveau Roman delakoan barneratzen dire nak, eta abar. Alderdi tematikoa azpimarratzen duten eleberrien artean, tesi elebe rriak, eleberri intelektualak, eleberri filosofikoak … eta beste hainbat ditugu. Azken atalean, hau da, generoartekotasuna lantzen duten eleberrien artean, eleberri liri koa (gazt. eleberri poematikoa ) deritzona, eleberri historikoa … eta abar. Ikusten denez, aukera poetikoen aniztasunak izugarri zailtzen du eleberri tipologia egokia aurkeztea.

4. Eleberriaren teoriari dagokion bilakaerari begiratuz gero, bistakoa da, narraziozko generoen artean, eleberriari eta ipuinari buruzko hurbilpen teorikoak izan direla ugari eta interesgarrienak. XX. mendea hastearekin batera, eleberrigintzari buruzko hausnarketa teorikoak, dela alderdi teknikoei dagozkienak, dela generoari berari dagozkionak, izugarri ugaldu ziren. Birpasa azkar bat egin behar izanez gero, errusiar formalisten ekarpenak gogoratuz hasi beharko litzateke: B. Tomatxevskiren ikerketekin batera, V. Sklovskiren lanak, beste hainbat ekarpenez gain, fabula eta tramaren arteko bereizketa edo eleberrien egituren sailkapenak plazaratu zituena. Tradizio anglosaxoian, berriz, H. Jamesen The Art of Fiction (1884) ezagunaren ostean, ikuspuntuari buruzko ikerlan kritikoak izugarri ugaldu ziren. Hortxe, esaterako, P. Lubbocken The Craft of Fiction (1921) ezaguna edo urte batzuk geroago N. Friedmanek argitara emandako sailkapena. Ikerlanok guztiok J. Pouillon, T. Todorov eta G. Genettek osatu eta eraldatu zituzten Frantzian 70eko hamarkadan. “Chicago Critics”eko kidea izan den W.C. Booth kritikari iparramerikarrari zor zaio kontalariak pertsonaiatik hartzen duen distantziari buruzko ikerlan iradokitzaileena, eta bera izan zen, hain justu, gaur egun hainbatetan aipatzen den “autore inplizitua” kontzeptuaren sortzaile. Ikertzaile horiei guztiei, bestalde, gehitu behar zaizkie eleberriaren teorian pertsonaiei buruzko azterketak plazaratu zituzten

E. M. Forster edo R. Bourneuf eta R. Oullet; eleberri egiturei buruzkoak egin dituz ten R. Gullón edo M. Baquero Goyanes; narrazio tipologiari buruzkoak argitara eman dituzten: M. Bakhtin, L. Dolêzel, S. Chatman, M. Rojas, J. M. Pozuelo Yvancos…; kontaketa mailak ikertu dituzten G. Genette, M. Bal edo S. Rimmon-Kenan; denbora xehetasunak aztertu dituzten G. Genette, M. C. Bobes Naves edo

D. Villanueva; kontatzeko molde eta estilo kontuak ikertu dituzten R. Barthes, Ph. Hamon, L. Dällenbach… Ikertzaile guztiok eleberrigintzaren eta narrazio testuen alderdi puntual eta teknikoak aztertu dituzte, gehienetan metodologia estrukturalis taz baliatuz eta T. Todorovek Narratologia izendatutako ikerketa eremuan barnera tuz.

Aipatutako ikertzaile horiez gain, eleberrigintzari buruzko azterketa orokor inte resgarriak plazaratu dituzten beste kritikari batzuk ere gogoratu behar dira. Literatur genero horren gaineko hurbilpen azpimarragarriak ezagutu nahi dituenarentzat, ezinbesteko erreferentzia dira lehenago aipatutako E. M. Forster-en ekarpenarekin batera, G. Lukács, J. Ortega y Gasset, L. Goldmann, M. Bakhtin, M. Baquero Goyanes, J. Sauvage… eta zenbait adituren lanak. Hogeigarren hamarkadan, G. Lukácsen ikerketek arrakasta handia izan zuten. Haren Eleberriaren teoria (1916) ezagunean, ikuspuntu hegeliarrez adierazten da epopeiaren eta eleberriaren arte ko ezberdintasuna. Marxismora bihurtu baino lehenagoko lan horretan, gizarte itxiei dagokien literatur motatzat definitu zuen Lukácsek epopeia. Gizarte mota horretan, gizakia erlazio armoniatsuan dago unibertsoarekin, ez dago gatazkarik. Eleberria, berriz, Jainkorik gabeko munduaren epopeia modernotzat har daiteke, hau da, gizarte burgesaren epopeiatzat. Horretarako, gehienetan, bere nortasunaren bila dabilen pertsonaia problematikoa aurkezten du, hiru ereduren arabera testuratuz: idealismo abstraktuaren bidez ( El Quijote ), ikasketaren ondorioz bere nortasuna garatzen duen pertsonaiaren bidez ( Wilheim Meister ), edo bilaketa ororen alferre kotasuna baieztatu ondoren bere buruan babesten den pertsonaia eraikiz ( L'édu cation sentimentale ). Lukácsentzat, eleberriak garai bakoitzeko gizartearen barne kontraesanak aurkezten ditu, batez ere klase arteko borrokatzat adieraziz. Lucien Goldmannek Pour une sociologie du roman liburuan (1964) Lukácsen teoriak gaur kotu eta berrirakurri zituen eta eleberri modernoaren egitura merkatu egiturarekin harremanetan jarri. Eleberri klasikoetatik aldenduz, Kafka, Sartre, Robbe-Grillet eta literatura garaikideko hainbat idazleren lanetan, benetako balioak aurki ez ditzake en gizon-emakume bakartiak kausi daitezke, ingurune merkantilizatu eta degrada tuan alienatuta bizi direnak.

Azken urteotako kritika ekarpenen artean, guztiz aipagarriak dira M. Bakhtinenak eleberriaren teoriari dagokion arloan. Besteren artean, hortxe daude La poétique de Dostoievsky (1929 jat, fr. 1970) eta Esthétique et théorie du roman (jat. 1975, fr. 1978). Bakhtinen arabera, genero dialogikoa da eleberria eta, ahots kontzertua balitz bezala, dialogismoaren bertutez era bateko eta besteko erregistro, soziolekto eta idiolektoak gurutza daitezke bertan. Epikan gertatzen zenaren kontra, F. Rabelais eta M. Cervantesengandik hasita, pluraltasun dialogikoa irudikatzen duen literatur generoa da eleberria. H. de Balzac-en eleberri errealistak edo L. Tolstoirenak, ordea, kontalari orojakile baten ahotan murrizten du izaera dialogiko hori. Murriztasun horren parean, aipagarria da Dostoievskik, esaterako, eleberriaren izaera polifonikoari eman zion bultzada. Lehenago aipatu den bigarren liburuan, eleberri garaikideak inauterietan jatorria duten hainbat testu klasikorekin dituen harremanak aztertzen ditu. Bakhtinek, azken liburuan, eleberriaren izaera polifonikoa du, berriro ere, eztabaidagai, eta genero horri berezkoak zaizkion zenbait elementu aztertzen ditu, hala nola, kronotopoa, pertsonaien funtzioak, epikaren eta eleberriaren arteko harremanak eta abar.

5. Euskal eleberrigintzaren historia ri begirada bat emanez gero, segituan ohartzen gara hauxe izan dela, segur aski, euskal literatur generoen artean, haz kunde eta bilakaera deigarriena izan duen generoa. XIX. mende bukaeran, inguru ko literaturgintzetan errealismoak azken emariak sortu zituen garaian jaio zen euskal nobela, Txomin Agirreren Auñemendiko lorea (1898) eleberri historiko-erro mantikoaren eskutik. Agirrek bere Kresala (1906) eta Garoa (1912) eleberri ezagu netan finkatutako ohiturazko eleberrigintzaren ereduak XX. mende erdi arte iraun zuen gurean, 1957an, J.L. Alvarez Enparantza Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua rekin lehenengo heroi problematikoa agertu zen arte. Akziorik gabeko ele berriak dira Agirrerenak, zenbait irudi ohiturazkoz osatuak. Azken batean tesi ele berria da harena, hiru ardatzen inguruan taxutua –fedea, abertzaletasuna eta eus kalduntasuna– eta kontalari ahalguztidun batek zuzendua eta kontatua. Ohiturazko eredu honek J.M. Etxeita, A. Anabirtarte, Toma Agirre, J. A. Irazusta, J. Eizagirre… euskal eleberrigileen lanetan izan zuen jarraipena. J. Etxaideren Joanak joan (1955) edo J. A. Loidiren Amabost egun Urgain'en (1955) eleberri poliziakoaren berrikun tzak gora behera, ohiturazko poetikarekin eten zuen lehena eta euskal eleberrigin tzari modernitatearen ateak ireki zizkiona J. L. Alvarez “Txillardegi”ren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) izan zen. Nobela existentzialistaren ildotik, aukeratu beha rrak protagonista nagusiarengan eragiten duen angustia existentziala kontatu zuen Txillardegik.

1960ko hamarkadan Euskadin izan ziren gertakariek (garapen industrial eta ekonomikoa, ikastolen sendotzea, euskararen batasuna, aktibitate politiko handia euskaraz egindako jarduera oro zentsuratzen zuen erregimen frankistaren aurka, alfabetatze kanpainak…) giro aproposa sortu zuten planteamendu literarioetan errotiko iraultza gerta zedin. Euskal argitaletxeen munduak ere aire berritzaileak ezagutu zituen: argitaletxe berriak sortu ziren eta, horren ondorioz, euskarazko lite ratur produkzioa ugaritu egin zen, batez ere, 1970eko hamarkadan. Euskal kanta gintza berria, Euskal Liburuaren Azoka Durangon (1965), euskal antzerkiaren berri kuntza ( Jarrai... ) urte haietako dinamikotasunaren adibide ditugu. Esan izan da, ordura arteko ortodoxia kulturalari heterodoxia kultural eta politikoa kontrajarri zitzaiola, besteak beste, G. Aresti, K. Mitxelena filologo entzutetsu eta J. Oteiza eskultorearen eskutik. 1957 eta 1976 artean euskal eleberrigintzaren panorama aberastu egin zen eleberri tipologia berriekin. Hortxe dauzkagu, esaterako, J.

Miranderen Haur besoetakoa (1970) eleberri psikologikoa, X. Gereño, T. Peillen edo

X. Amurizaren eskutik etorri ziren eleberri sozialak, M. Zarate edo A. Lertxundiren eleberri alegorikoak ( Haurgintza minetan, Ajea du Urturik ...). Modernitatea ulertze ko beste modu bat, idazketaren abentura bere egiten duen eleberrigintzarena, eka rri zuen R. Saizarbitoriaren Egunero hasten delako k (1969). Haren eleberrien plan teamendu poetikoa hurbil zegoen eleberriaren adierazpideetan esperimentatu zuten hainbat berritzaileengandik, eta halaxe frogatu zuen P. Urkizuren Sekulorum Sekulotan (1975) eleberriari egin zion hitzaurrean. Fenomenologia, A. Robbe-Grillet nahiz Ph. Sollersen lanak, Estrukturalismoa… R. Saizarbitoriaren hitzaurre hartan azpimarratzen ziren joera nahiz egileen izenak dira. Esperimentazioak beste emaitza interesgarri batzuk ere eman zituen gurean, hala nola, B. Atxagaren Ziutateaz (1976) edo K. Izagirreren Zergatik bai (1976). Urte berean, 1976an, Ene Jesus eleberriarekin, kontaketaren beraren ezintasuna hizpide zuen eleberria kale ratu zuen Saizarbitoriak, modu horretan modernitatearen amaiera zedarritzen duen isiltasunaren poetika bere eginez. Handik aurrera, hurbilpen esperimentalak gutxitu eta istorioak kontatzeko ahalegina berreskuratzen duen eleberrigintzaren aldia hasi zen gurean. 1979an argitara eman ziren bi eleberri dira honen adibide: Batetik, J.

A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa ; bestetik, A. Urretabizkaiaren Zergatik, Panpox . Biak dira azpimarragarriak erabilitako narrazio estrategien modernotasunagatik, baina, horretaz gain, bietan istorio bat kontatzen da, dela bazkalondo batean oroitzen diren bizitza pasarteek osatzen dutena, dela ama abandonatu baten egunerokotasun hitsa iradokitzen duena. Geroztik, euskal elebe rrigintzak izugarri aberastu du bere tipologia eta garaiko euskal irakurlearen beha rrak asetzen dituzten testuak kaleratu dira. Jakina denez, euskal literatur sistema sendotu eta bermatu egin da 80ko hamarkadatik aurrera. Merkatuaren legeek hain besteko garrantzia duten garaiotan, eleberria dugu, ezbairik gabe, genero kuttun eta errentagarriena, kanonizazio prozesuetan eraginkor gertatzen dena.

Esan daiteke, azken hogeita hamar urteotako euskal eleberriak barrura begi ratzen duela batez ere (ikus subjektibotasuna, ni a, ardatz duten eleberriak), eta, kanpora begiratzen duenean ere, gertakari batzuen lekukotza objektiboa eman baino gehiago, kontzientzia batean izandako eragina adierazi nahi duela (errealis mo subjektiboaz mintzo dira adituak). Horiekin batera, generozko eleberrigintza (polizia eleberriak, umorezkoak, bidaia eleberriak...), eleberri historiko berrituak (metafikzio historiografikoa barne), eleberri eta saiakera arteko hibridoak (J. Alonsoren Camembert helburu (1998), kasu)... aipa genitzake. Izan ere, ezer izate kotan, eklektikoa baita zinez gaur egungo euskal eleberrigintzaren panorama.

Lehenengo tipologiari dagokionez, hau da, subjektibotasuna ardatz duten ele berriei dagokienez, bere nia n sakondu nahi duen ahotsa gailentzen da testuetan; bere izatea, arazo moralak, ezinegonak... kontalari-pertsonaia baten bidez kon tatzen dituzten eleberriak dira horiek. Asko dira joera liriko horretan sartzen diren euskal idazle eta eleberriak, besteak beste, A. Urretabizkaiaren Koaderno gorria (1998), J. L. Zabalaren Agur, Euzkadi (2000), X. Mendigurenen Bekatuaren itzala (1995), R. Saizarbitoriaren Hamaika Pauso (1995), Bihotz bi (1996) eta Gorde naza zu lurpean (2000); L. Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion (1999); I.

Rozasen Edo zu, edo ni (2000), U. Elorriagaren SPrako tranbia (2001), L. Mintegiren Sisifo maite minez (2001) edo P. Lizarralderen Larrepetit (2002).

Aurrekoekin batera, errealismo anitz lantzen dituen nobelagintza da azken urte otan gurean gailendu dena. Eleberri garaikidearen aldaketa eta berrikuntza forma lak bereganatuz, edo beste adierazpide artistikoen ekarpenak bere eginez (batez ere, zinemarenak), errealismo literarioak aurpegi asko izan ditu XX. mendeko egile en lanetan: errealismo objektibista, errealismo kritikoa, errealismo sozialista, errea lismo magikoa, errealismo zikina…. Gaurko eleberri errealistek inguruko errealitate ari begiratzen badiote ere, mimesi modu subjektiboa proposatzen digute gehienetan, eta pertsonaia baten ikuspuntutik antolatutako unibertso narratiboak aurkezten dizkigute. Horretarako, errealismo subjektibo berri hori eraikitzeko, litera tur mintzaira hainbat irudiz hornitzen da, dela oroimenaz baliatuz, dela amets edo irudimenaz baliatuz, dela egungo gizartearen ohitura berrien aurkezpen naturalista eginez. Tradizio errealistako gaiak azaltzen dira berriro ere eleberri errealista garai kideetan: identitate krisiak, gizartearekiko harreman zailak, erauzketa, gertakari his torikoak… Euskal eleberrian, errealismo magikoaren adibide dira, esaterako: J. M. Irigoienen Poliedroaren hostoak (1982) nahiz Babilonia (1989), B. Atxagaren Bi anai (1985), edo A. Lertxundiren Hamaseigarrenean, aidanez (1983); ingurune urbanoa marrazten duten errealismo zikinarenak, berriz, E. Jimenezen Speed gauak (1991) eta U. Apalategiren Gauak eta hiriak (1997). Esandakoez gain, asko ugaritu dira azken hamarkadetako euskal eleberrian gure historiaren garai eta gertakari esan guratsuei begira idatzitako eleberriak. Espainiako Gerra Zibila dute aitzakia narrati bo, esaterako, K. Izagirreren Euzkadi merezi zuten (1984), I. Mujika Iraolaren Gerezi denbora (1999), A. Egañaren Pausoa noiz luzatu (1999) edo E. Jiménezen Azken fusila (1993) eleberriek. Horiekin batera, ETAren inguruko problematika bihurtu da azken hamarkadetako hainbat eleberriren ardatz tematikoa. Hortxe daude, esate rako, 70-80 hamarkadetako: X. Amurizaren Hil ala bizi (1973), R. Saizarbitoriaren 100 metro (1976), M. Onaindiaren Grand Placen aurkituko gara (1983), J. L. Alvarez “Txillardegi”ren Exkixu (1988), J. M. Iturralderen Izua hemen (1989) edo H. Etxeberriaren Mugetan (1989). Azken hamarkadetakoak dira, ostera, M. Hernandezen Etorriko haiz nirekin? (1991) eta Ohe bat ozeanoaren erdian (2001),

B. Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) eta Zeru horiek (1995), L. Mintegiren Nerea eta biok (1994), R. Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995), X. Mendigurenen Berriro igo nauzu (1997), P. Zabaletaren Arian ari (1996), J. Belmonteren Hamar urte barru (2002), edo A. Lertxundiren Zorion perfektua (2002). Azkenik, exilioaren eta deserrotzearen gaiek azken urteotako eleberrietan eragindako emaitza interesga rriak gogoratu beharko genituzke. A. Epaltzaren Tigre ehizan (1996), J. Sarrionandiaren Lagun izoztua (2001) edo B. Atxagaren Soinujolearen semea (2003) dira diogunaren adibide.

Orobat, kontatzeko gustua berreskuratzeak polizi eleberrien ugaritzea ere eka rri du (espioi eleberriak, misteriozkoak eta eleberri beltzak). Eleberri beltzetan garai ko gizartearen ikuspuntu kritikoa aurkezten da, suspensea dosifikatzen duten estra tegia narratiboen bidez. Hasi 80ko hamarkadan kaleratu ziren eleberri ezagunetatik

(P. Aristiren Kcappo (1985) eta Irene (1987) eta gaurko eleberri gehienetaraino (Gizona bere bakardadean; Bihotz bi; Ur uherrak; Beluna Jazz...) thriller moderno etan erabiliak diren estrategia narratiboak kausi daitezke. Horretaz gain, dudarik ez dago eleberri mota horrek gurean lortu duen arrakasta handia izan dela eta 110 Streeteko geltokia (I. Zabaleta) edo Alaba (G. Garate) liburuen berrargitalpenak ira kurleen artean izandako harrera onaren adibide direla. Euskal eleberri poliziako edo beltzen artean batzuk aipatzearren, hortxe dauzkagu: G. Garateren Izurri berria (1984); X. Kintanaren Ta Marbuta (1984); X. Montoiaren Non dago Stalin? (1991); I. Bordaren eleberri trilogia ( Bakean ützi arte (1994), Bizi nizano munduan ( 1996), Amorezko pena baño (1996), H. Etxeberriaren Mugetan (1989) eta Arrainak ura baino (1998); A. Epaltzaren Ur Uherrak (1993) eta Rock'n'Roll (2000); J. Alonsoren Katebegi galdua (1995), H. Canoren Beluna Jazz (1996) eta Pasaia Blues (1998), edo J. M. Iturralderen Euliak ez dira argazkietan azaltzen (2000).

Eleberri historikoei dagokienez, azken hiru hamarkadetan argitaratu diren ele berri historiko berrituak aipatu beharko genituzke. Eleberri historiko klasikoak helbu ru didaktiko, moralizatzaile edo abertzalez idazten ziren (J. Etxaideren 50eko hamar kadako eleberriak, kasu); azken hamarkadetakoek, aldiz, historiaren ikuspuntu berri bat, ohiko historietan azaltzen ez diren kontuak azaleratu nahi dituzte, fikziozko bio grafien kontaketaren bidez. Gehienetan, garai historiko baten lekukotza dokumenta tua egin nahi ez duten testu modernoak aurkituko ditugu gurean, idazleek berek ele berri historiko kontsideratzeari uko egin diotenak. Adibide batzuk aipatzekotan, hortxe ditugu: M. Onaindiaren Gillen Garateako batxilerra (1983), J.M. Iturralderen Nafarroako artizarra (1984), A. Lertxundiren Otto Pette (1994), P. Zabaletaren trilo gia: Ukoreka (1994), Badena dena da (1995) eta Arian ari (1996), A. Eguzkitzaren Herioaren itzalpeetan (1999), J.M. Irigoienen Lur bat haratago (2000)....

[M. J. O.]

B IBLIOGRAFIA

A GUIAR E SILVA , V. M.: Teoría de la literatura , Gredos, Madrid, 1975 . G ARRIDO D OMÍNGUEZ , A.: El texto narrativo , Síntesis, Madrid, 1993 . O LAZIREGI , M. J.: Euskal eleberriaren historia , Labayru-Amorebieta-Etxanoko Udala , Bilbo, 2002 . S ULLÁ , E. (ed.): Teoría de la novela. Antología de textos del siglo XX, Crítica , Barcelona, 1996 .

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: novela
     fr: roman
     en: novel

 

NOBELA BERRIA Ikus N OUVEAU R OMAN .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

  

 
OHITURA ELEBERRI

Eleberri erromantikotik jaioa da. Gizarte giro eta egoera historiko jakin bateko pertsonaiak agertzen dira bertan; pertsonaia horiek gizatalde baten eta talde horre tako giza balioen eredu gisakoak dira. Nobela errealista norbanakoaren historia –egoera berezi batean kokaturik– kontatzen saiatzen da; ohitura eleberriak, aldiz, pertsonaia tipoak eta giro orokorren ikusmira eskaintzen ditu. Frantzian, George Sand aipatzen da joera horren eredu. Espainian, berriz, J. M. Pereda eta Fernán Caballero dira ordezkaririk nabarienak. Ohitura eleberriak giro baten alde onak eta txarrak aurkezten ditu, barruan zenbait pertsonaia eredugarri agerrarazten ditu, giro horretako familiek bizi dituzten gorabeheren jatorria aztertzen, eta garaiko arazo nagusiei irtenbide bat eskaintzen.

Euskal Herrian, Tx. Agirrek idatziriko Kresala (1901) eta Garoa (1907) ohitura eleberriak dira; lehenengoan, itsas giroko usadioak eta arazoak erakusten ditu; bigarrenean, aldiz, baserri girokoak. Halarik ere, erakusten diren giro horietako alde garratz eta grinatsuenak isildu egiten dira, eta nolabaiteko giza egoera idealizatu bat agertzen da. Nahiz eta bizimodu latz eta gogorra erakutsi nahi izan, kontalaria ren begiak ihes egiten dio, adibidez, grinari. Jokabide okerrak ere irakaspen moralak ateratzeko tipifikazioak besterik ez dira, gizartearen eta ohituren egitura ez baitute kolokan jartzen. J. Barbier-ek idatziriko Piarres eleberria (1926) ere ohitura eleberritzat har daiteke. Gaur egun oraindik bizirik dago joera hori, A. Zubikarairen lanetan ikus daitekeenez; J. Etxaideren Joanak joan (1955) eleberrian ere bada horren ezaugarririk.

Ohitura eleberriaren ezaugarriei buruzko lan sakonak egin dira azpigenero horrek euskaraz izan duen garapenaren eta garrantziaren ondorioz. Besteak beste,

K. Otegik pertsonaien nortasun ezaugarriak aztertu ditu ( Pertsonaia euskal nobela gintzan , 1976) eta J. M. Lasagabasterrek eleberri mota horren ezaugarrien aldera keta egin du Espainiako eta Euskal Herriko literaturan (“Novela regionalista espa ñola y costumbrismo vasco” 1988). Egile eta obra jakinak gogoan hartuta burutu dira, bestalde, zenbait tesi lan, hala nola, Ana Toledok idatziriko Domingo Agirre: euskal eleberriaren sorrera (1989) edo S. García Trujilloren La novela costumbrista de Domingo de Agirre (1993).

[J. K. I.]

Ikus, halaber, K OSTUNBRISMO .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: novela costumbrista
 fr: roman de moeurs
 en: regional novel

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper