Literatura Terminoen Hiztegia

eufemismo - Literatura Terminoen Hiztegia

 
EUFEMISMO

(grek. euphemismos, ongi esana)

Decorum aren aurkako den edozer aipatzeko zeharkako izendatze moduez baliatzean datzan baliabidea. Pentsamendu figura da eta perifrasi forma hartzen du usu, perifrasi mota tipiko bat osatuz, hots perifrasi eufemistikoa. Gauzak adierazteko berezko hitzen ordez adierazpide leunagoak hautatzea da perifrasi eufemistikoa, ustez haiek gordinegiak direlakoan. Egungo mintzairan usu erabiltzen dira eufemismoak eta perifrasi eufemistiko klixetuak, adibidez, burokrazia edo propaganda politikoko mintzairan. Oso erabilia da lagunarteko mintzairan ere.

Literaturan tradizio handikoa da eufemismoa, lotsa edo beldurra eragiten duten gauzak adierazteko erabilia. Adibidez, sexu kontuen aipamenetan, gizabide, jen detasun edo sentiberatasunagatik, edo behintzat gizartean itxurazko berbetatzat jotzen ez denari ihes egin nahian; bereziki tabutzat jotzen direnen ordez erabiltzen dira. Kirikiñok, 1914ko gerra giroan bizi den Parisez ari dela, dio: “Ez apache ak bakarrik, Maria-bideetako guztiak be uxatu ditue andik”, hots, prostitutak eta haien zaindariak. J. Etxeparek beste eufemismoz batez izendatzen ditu: “Ez nuke nahi zuetarik nehor bere egitekoetarik aldaratu. Ikusten dut potikarioak uztekotan gai tuela, lilittoer jarraikitzeko”.

Izaki beldurgarridunak aipatzean (deabrua, tximista), haien eragin kaltegarria ren edo hitzaren boterea dela eta, haien aipatze hutsaren beldurrez erabiltzen diren goitizenak eta hitz aldaerak ere eufemismotzat har daitezke, agian ( Infernuko etsai , Txerren, Galtzagorri , arrano ). Hortaz, imprecatio , execratio edo madarikatze eta konjuruetan erabili ohi da.

Ildo beretik, heriotzaren gaiak ere eufemismoak sortarazten ditu, eta pertsonifi kazio itxura ere har dezakete; adibidez, Bizkaiko hiri batzuetan hartu izan ohi duen izena, Balbea (“Balbeak joko al hau!”).

Eufemismoa irudi metaforiko, alusio eta zehar aipamen eta itzulinguru leun edo iradokitzaileekin maiz lotuta dagoen arren, komeni da horietarik bereiztea.

[X. A.]

Ikus, halaber, Z EHAR AIPAMEN .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: eufemismo
 fr: euphémisme
 en: euphemism

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. E48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper