1. artikulua.— Aragoiko Gobernuaren uztailaren 27ko 1/2004 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Aragoiko Autonomia Erkidegoko Tasen testu bategina aldatzea
Hogeita hamar. LIV. kapitulua gehitu da, Aragoiko hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko probetan izena emateagatiko 54. tasa sortzeko, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuan zehaztutako mailen arabera, honela idatzita:
III. KAPITULUA
54. Aragoiko hizkuntzaren ezagutza, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuan zehaztutako mailen arabera, egiaztatzeko probetan izena emateagatiko tasa
250. artikulua.— Zerga-egitatea
Tasaren zerga-egitatea hauxe da: zerbitzuak eta administrazio-jarduerak ematea, zeinen helburua baita Aragoiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak Aragoiko hizkuntzaren ezagutza Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuan zehaztutako mailen arabera ziurtatzeko deitutako probetan parte hartzen dutenak onartu edo kanporatzea.
251. artikulua.— Subjektu pasiboak
Aragoiko Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko ekainaren 22ko 5/2006 Legearen 13. artikuluan aipatzen diren pertsona fisikoak dira tasaren subjektu pasiboak, baldin eta zerga-egitatea osatzen duten probetan inskribatzea eskatzen badute.
252. artikulua.— Sortzapena eta kudeaketa
Probetan izena emateko eskabidea egiten den unean gertatuko da tasaren sortzapena, eta beharrezkoa da tasa aldez aurretik ordaintzea subjektu pasiboaren autolikidazioaren bidez eskabidea izapidetzeko.
253. artikulua.— Tarifak
1. Tasaren zenbatekoa honako tarifa hauek aplikatuz zehaztuko da:
01 tarifa. Aragoiko hizkuntzaren C1 mailako probetan izena ematea: 20,00 €.
02 tarifa. Aragoiko hizkuntzaren B1 eta B2 mailetako probetan izena ematea: 15,00 €.
03 tarifa. Aragoiko hizkuntzaren A2 mailako probetan izena ematea: 10,00 €.
2. Tasaren zenbateko galdagarriak berariaz iragarriko dira proben deialdiak egiten dituzten xedapenetan.
254. artikulua.— Salbuespenak
1. Tasa ordaintzetik salbuetsita daude terrorismo-egintzengatik biktima direla aitortu zaien pertsonak, haien ezkontideak edo izatezko bikotekideak eta seme-alabak, Terrorismoaren Biktimen aldeko Neurriei buruzko ekainaren 17ko 4/2008 Legearen eta haiei aplikagarri izan eta indarrean dagoen gainerako araudiaren arabera.
2. Era berean, pertsona hauek ere salbuetsita daude tasa ordaintzetik: zerga-egitatearen xede diren probetan izena emateko eskabidea egin aurreko sei hilabeteetan gutxienez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenak.
255. artikulua.— Hobariak
Familia ugariko kide direla egiaztatzen duten tasaren subjektu pasiboek % 50eko hobaria izango dute.