1.6. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, 1948ko abenduaren 10ekoa


1.6. Giza Eskubideen Adierazpen
Unibertsala, 1948ko abenduaren 10ekoa[27]

HITZAURREA

Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea giza familiako kide guztien berezko duintasunean eta eskubide berdin eta ukaezinetan oinarritzen direla;

Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz, giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan direla; eta gizon-emakumeek, beldur eta gabezia orotatik aske, hitz egiteko askatasuna eta sinesmen-askatasuna izango dituzten munduaren etorrera aldarrikatu dela gizakiaren helburu nagusi;

Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizaki-tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin;

Kontuan izanik ezinbestekoa dela, baita ere, herrialdeen artean harreman lagunkoiak bultzatzea;

Kontuan izanik Nazio Batuetako kide diren herriek gizakiaren oinarrizko eskubideetan, gizakiaren duintasun eta balioan eta gizonen eta emakumeen eskubideen arteko berdintasunean duten fedea tinko azaldu dutela agerian; eta, askatasunaren ikuspegi zabalago baten barruan, gizarte aurrerakuntza sustatzeko eta bizitza-maila jasotzeko erabakita daudela adierazi dutela;

Kontuan izanik estatu kideek, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean, gizakiaren oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetu orokorra eta eraginkorra ziurtatzeko hitza eman dutela;

Kontuan izanik emandako hitz hori osotasunean betetzeko garrantzi handikoa dela eskubide eta askatasun horiek berdin ulertzea;

BATZAR OROKORRAK
GIZA ESKUBIDEEN ADIERAZPEN UNIBERTSAL HAU EGITEN DU,

herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez. Beronen xedea da, bai gizabanakoek, bai instituzioek, adierazpen honetan etengabe oinarrituta, alde batetik, eskubide eta askatasun hauen errespetua bultzatzea irakaskuntzaren eta hezkuntzaren bidez, eta, bestetik, maila nazionalean eta nazioarte mailan arian-arian neurriak hartzea, era eraginkorrean eta orokorrean ezar daitezen ziurtatzeko, bai elkarkide diren estatuetako herrien artean, baita horien jurisdikzioaren mendean dauden lurraldeetan ere.

1. artikulua

Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta, ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.

2. artikulua

Gizaki orori dagozkio adierazpen honetako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereiziko arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik.

Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori independentea, besteren administrazio fiduziarioaren mendeko lurraldea, autonomiarik gabea edo nola-halako subiranotasun-mugak dituena izan.

3. artikulua

Gizabanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.

4. artikulua

Inor ez da izango besteren esklabo edo jopu; debekatuta dago esklabotza eta esklaboen salerosketa oro.

5. artikulua

Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere.

6. artikulua

Edozein gizon-emakumek du, nonahi, lege-nortasundun dela aitor diezaioten eskubidea.

7. artikulua

Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute, diskriminaziorik gabe, legezko babesa izateko eskubidea. Denek dute adierazpen hau hausten duen edozein diskriminazioaren aurka eta diskriminazio horren eragileen aurka babes berbera izateko eskubidea.

8. artikulua

Pertsona orok du konstituzioak edo legeek gizon-emakumeei aitortzen dizkieten oinarrizko eskubideak hausten dituzten egintzetatik babesteko, norbere herrialdeko auzitegi eskudunetan errekurtso eraginkorra jartzeko eskubidea.

9. artikulua

Inor ezingo da arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu.

10. artikulua

Pertsona orok eskubidea du, berdintasun osoan, auzitegi independente eta inpartzialean jendaurrean hitz egin eta zuzentasunez entzun diezaioten, nahiz bere eskubide eta betebeharrak erabakitzeko, nahiz bere aurkako salaketa penalak aztertzeko.

11. artikulua

1. Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean. Epaiketan bere burua zaintzeko berme guztiak ziurtatuko zaizkio.

2. Egintzak edo ez-betetzeak izandakoan, herrialdeko edo nazioarteko legeriaren arabera delitu ez baziren, ezingo da inor kondenatu. Delitua egitean aplikagarri den zigorra baino larriagorik ere ezingo zaio jarri.

12. artikulua

Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan esku-sartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere. Nornahik du esku-sartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea.

13. artikulua

1. Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea eta estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzekoa.

2. Pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberetik ere, eta norbere herrialdera itzultzekoa.

14. artikulua

1. Jazarpena jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea.

2. Eskubide horretara ezin izango da jo delitu arruntek sortutako auzibideko egintza baten aurka, ezta Nazio Batuen helburu eta irizpideen aurkako egintzak direla-eta ere.

15. artikulua

1. Pertsona orok du nazionalitatea izateko eskubidea.

2. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe nazionalitatea kendu, ezta nazionalitatea aldatzeko eskubidea ukatu ere.

16. artikulua

1. Gizonek eta emakumeek, ezkon-adinetik aurrera, ezkontzeko eta familia eratzeko eskubidea dute, arraza, nazionalitate edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe; eta, ezkontzari dagokionez, eskubide berberak dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura ezabatuz gero ere.

2. Ezkongaien baimen aske eta osoz ez bada, ez dago ezkontzerik.

3. Familia da gizartearen oinarri jatorra eta berezkoa, eta estatuaren eta gizartearen babesa izateko eskubidea du.

17. artikulua

1. Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka nahiz taldean.

2. Arrazoirik gabe, ez zaio inori haren jabetza kenduko.

18. artikulua

Pertsona orok pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea du; eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko askatasuna eta baita norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean, jendaurrean edo pribatuan irakaskuntzaz, jardueraz, kultuz eta aginduak gordez azaltzeko askatasuna ere.

19. artikulua

Gizabanako guztiek dute iritzi- eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpideez jaso eta zabaltzekoa.

20. artikulua

1. Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea.

2. Inor ezingo da behartu elkarte bateko kide izatera.

21. artikulua

1. Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez.

2. Pertsona orok du berdintasunez norbere herrialdeko funtzio publikoan sartzeko eskubidea.

3. Herriaren borondatea da botere publikoaren agintearen oinarria; borondate hori aldian-aldian egingo diren benetako hauteskundeetan adieraziko da. Hauteskundeok bozketa orokor eta berdinez eta isilpeko boto bidez egingo dira, edo boto askatasuna bermatzen duen beste bide batez.

22. artikulua

Pertsona orok du, gizarteko kide denez gero, gizarte-segurantza izateko eskubidea eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, estatu bakoitzaren antolaketa eta baliabideak kontuan izanik, gizabanakoaren duintasunerako eta nortasuna garatzeko ezinbestekoak diren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak aseta izatekoa.

23. artikulua

1. Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lan-baldintza bidezkoak eta egokiak izatekoa, eta langabeziaren aurkako laguntza jasotzekoa.

2. Pertsona orok du, diskriminaziorik gabe, lan beragatik soldata berbera jasotzeko eskubidea.

3. Lanean ari denak bidezko lansaria eta aski zaiona jasotzeko eskubidea du, bai bera eta bai bere familia, giza duintasunari dagokion bezala bizitzeko bestekoa. Horretarako aski ez bada lansaria gizarte-laguntzako beste baliabide batzuen bidez osatuko da.

4. Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko, sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea.

24. artikulua

Pertsona orori dagozkio atsedenerako eskubidea, aisiarakoa, lanaldiaren iraupen mugatua izatekoa eta aldian-aldian ordaindutako oporrak izatekoa.

25. artikulua

1. Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku-sorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere.

2. Amek eta haurrek laguntza bereziak jasotzeko eskubidea dute. Haur guztiek, senar-emazteengandik nahiz ezkontzatik kanpo jaiotakoek, gizartearen babes berbera izateko eskubidea dute.

26. artikulua

1. Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza doakoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat. Oinarrizko ikasketak egitea nahitaezkoa izango da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, orokorra; eta denek izango dute goi-mailako ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.

2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea izango da, eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea; herrialde, arraza eta erlijio guztien arteko elkar-ulertze, jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo du; eta Nazio Batuen jarduna bultzatuko du, bakeak iraun dezan.

3. Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko.

27. artikulua

1. Pertsona orok du eskubidea, erkidegoaren kultura-ekitaldietan aske parte hartzeko, artelanez gozatzeko, eta zientzia-aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan parte hartzeko.

2. Zientzia, literatura edo arte mailan egindako lanen egile diren pertsona guztiek dute horregatik dagozkien interesak eta materialak babes dakizkien eskubidea.

28. artikulua

Pertsona ororen eskubidea da nazioarteko gizarte-ordena ezartzea, eta, ordena horretan, adierazpen honetako eskubide eta askatasunak era eraginkorrean garatzea.

29. artikulua

1. Pertsona orok erkidegoarekiko eginbeharrak ere baditu, erkidegoa baita haren nortasuna guztiz eta era askean garatzeko toki bakarra.

2. Pertsona orok, gainerako herritarren eskubide eta askatasunen errespetua ziurtatzeko eta gizarte demokratiko baten moral, ordena publiko eta ongizate orokorreko bidezko eskakizunak betetzeko legez ezartzen diren mugak baino ez ditu izango dagozkion eskubide eta askatasunez baliatzeko orduan.

3. Eskubide eta askatasun hauez ezingo da inor baliatu Nazio Batuen helburu eta irizpideen aurka.

30. artikulua

Adierazpen honetan jasotako ezertan ezingo da ulertu estatuari edo talde edo gizabanakoren bati adierazpen honetan bertan adierazitako edozein eskubide eta askatasun deuseztatzeko jarduerak edo egintzak burutzeko eskubidea ematen zaionik.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper