JAGONET galde-erantzunak

-(e)la/-(e)nik: ez da baieztatu joango dela / ez da baieztatu joango denik

Galdera:

Zer alde dago ondorengo esaldi hauen artean?
- Ez da baieztatu lehendakaria joango dela.
- Ez da baieztatu lehendakaria joango denik.
- Ez dago baieztatzerik lehendakaria joango dela.
- Ez dago baieztatzerik lehendakaria joango denik.

Erantzuna:

Denak zuzenak dira; baina presuposizio kontua dago hemen jokoan, eta hori dela eta, desberdinak dira esanahiz -(e)LA-dunak eta -(e)NIK-dunak.

-(e)LA dutenetan esaten da ez dela baieztatu JOANGO DELA.

- Ez da baieztatu lehendakaria joango dela.

- Ez dago baieztatzerik lehendakaria joango dela.

Besteetan, berriz, desberdina da presuposizioa:

- Ez da baieztatu lehendakaria joango denik.

- Ez dago baieztatzerik lehendakaria joango denik.

-(e)NIK dutenetan esaten da ez dela baieztatu JOANGO DEN ALA EZ.

Beraz, zuzenak dira; baina desberdin erabiltzekoak, testuinguru desberdinetan.

Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako -(e)la sarrerak.

Data: 2013/07/23 - Erantzulea: Jesus Mari Makazaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. E48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper