JAGONET galde-erantzunak

Internet eta bidez, bitartez postposizioak

Galdera:

Zuzenak al dira hauek guztiak: Internet bidez, Interneten bidez, Internet bitartez, Interneten bitartez? Letra larriz idatzi behar da Internet? Eta izen berezi gisa deklinatu?

Erantzuna:

Euskaltzaindiak arautu gabeko kontua da hau. Internet, nire ustez, izen berezia da; beraz, letra larriz hasita eta artikulurik gabe idatzi behar da: Internet, hor dugu Internet, Interneten bidez komunikatzen gara... Eta izen berezi gisa deklinatu behar da: Interneten, Internetekin...

Zuzena da Internet bidez erabiltzea, baina egokiena izango da Interneten bidez, Interneten bitartez erabiltzea; hain zuzen ere, bidez postposizioaren sinonimoa den -en bitartez postposizioa bereziki ageri delako Hiztegi Batuan. Beraz, ez da zuzena *Internet bitartez erabiltzea.

Horixe jakinarazten dizut Interneten bidez.

Horixe jakinarazten dizut Interneten bitartez.

Data: 2012/11/12 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper