JAGONET galde-erantzunak

nirekiko / nire ustez

Galdera:

Inoiz, ondorengo honen antzeko esaldiak aurkitu izan ditugu: Nirekiko, horrek ez dauka ez hankarik ez bururik. Gure zalantza da nirekiko hori nire ustezen baliokidetzat har ote dezakegun. Liburuetan begiratu, eta adibide bakarra aurkitu dugu (Plazido Muxikaren hiztegian, 1.193. or.):
nirekiko = a mi ver, a mi juicio, para mis adentros; zurekiko = a tu juicio, etc.

Erantzuna:

Bai, badira erabilera horren agerpenak han eta hemen. Batetik zuk diozun hiztegian, -kiko sarreran (eta nerekiko sarreran ere bai: hor ANG oharra dakar, goinafarreraren eta gipuzkeraren esparrukoa dela adierazteko). Bestetik, Orotariko Euskal Hiztegiko datu-basean ere badira horrelakoak, asko-asko ez badira ere; erabiliagoa baita nirekiko pentsatu, jardun, esan... gisako moldea.

Hona hemen -kiko hori –(r)en ustez esanahiarekin, OEHn aurkitutako adibideotan:

- Nerekiko, urrengo auxe da egia, ta auzi ontako iltzea. (Lizardi)

- Erokeri andia oi dek, nerekiko, akulloa jotzea bortizki ostiko. (Iturriaga)

- Gizon aundi bat etorri zaigu mai ontara, nerekiko; / bestela nere aorik ez nuen onela irikiko. (Uztapide)

Hortaz, badirudi ontzat har daitekeela -kikoren erabilera hori.

Data: 2001/05/10 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper