Zuzena al da iritziz aldatu NAIZ esatea?
Bai, zuzena da iritziz aldatu NAIZ egitura.
Gehienetan, -z aldatu egitura lekua, egoera eta arroparekin erabili izan da: etxez aldatu naiz, lekuz aldatu zara, ostatuz aldatu zen; bizitzaz aldatu zen, mailaz aldatu gara, iritziz aldatu naiz; soinekoz aldatu zen, arropaz aldatu da...
Kasu horietako batzuetan, aldatu aditza du moduan erabilita ere adieraz daiteke gauza bera: soinekoa aldatu dut, arropa(k) aldatu d(it)ut… Beste batzuetan, aldatu du esaldiek beste esanahi bat dute: ‘etxea aldatu du’ esanda, etxean moldaketak egin direla adierazten da.
Iritziaren kasuan, baliokideak dira iritziz aldatu naiz eta iritzia aldatu dut. Euskaltzaindiaren Hiztegian adibide hauek ditugu: Ez bainaiz gehiegi gai honetan iritziz aldatu ([EH:aldatu] sarreran); Nolanahi ere, ez dut iritzia aldatu ([EH:iritzi] sarreran).
Horrez gainera, ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: aldatu (da/du)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak-aditzak > komunztadura, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.