Bi osagai edo gehiagoko elkarteetan, zilegi al da barne- eta kanpo-alarmak moduko eraketa edo hitz-joskera egitea (alegia, <marratxo + zuriune> segida modukoak)?
25. arauak, hitz bat baino gehiagoko elkarketaz (berrelkarketa) ari delarik (3.3. atalean), egokitzat jotzen du bide hori. Honela ageri da kontua, adibideen bidez emana: “3.3. Mugatzailearen koordinazio-hedapenak: emakume- eta haur-taldeak, ebazpen- eta jarraipen-batzordea, edari- eta izozki-saltzailea, galdera- eta harridura-markak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila”.
Beraz, zuzena da barne- eta kanpo-alarmak moduko eraketa. Eta, simetriaz, baita <zuriune + marratxoa> moduko segida ere; hau da, era honetako eraketak: barne-sare eta -egiturak.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz elkartuak, ortografia > marratxoa, ortografia > zuriuneak
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.