Zuzenak al dira Gizonetan ez duzu joera hori antzemango eta Ume batetik bestera alde handia dago esaldiak?
Bai, bi esaldi horiek zuzenak dira. Erreferentzia Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I, 235. or. liburukian dago. Han esaten da ezen, hizkuntzarako, zaila dela zehaztea bizidunen eta bizigabeen arteko muga zehatza non dagoen; nolanahi ere, -ga- artizkia duten formak bizidunekin erabiltzen direla nagusiki, baina horrek ez duela esan nahi -ga- gabeko formak bizidunekin erabil ezin daitezkeenik; ez eta -gadun formak bizigabeekin erabil ez daitezkeenik (Zure ontasun eta pazientzia handiagana, Kardaberaz).
Esaten da, era berean, ezin sar daitezkeela euskalki guztiak zaku berean: mendebaldean, dirudienez, ekialdean baino gehiago erabiltzen da -ga- artizkia; eta ekialdeko euskalkietan nitan (‘ni(re)gan’), nitarako (‘ni(re)ganako’) eta gisako formak arruntak dira.
Bizidunen erabileran, pertsonaren nortasuna edo banakotasuna adierazten da bizidunen formaren bitartez (gizonengan); besteak, berriz, taldea adierazten du gehiago (gizonetan). Taldea adierazten da, adibidez, lagunetara noa esatean; eta zuzentzat hartu behar da hori ere.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.