Badakit okerrak direla *Ez duzu zertan etorri beharrik eta *Ez daukat zu zertan engainatzen ibili beharrik esaldiak, baina zuzenak al dira Ez duzu zertan etorri behar eta Ez daukat zu zertan engainatu behar esaldiak?
Galderan aipatzen den bezala, *ez duzu zertan etorri beharrik egitura okerra da. Halaxe dago adierazita [Euskera 39, 1994,3:941] “*EZ DAUKAZU ZERTAN NEGAR EGIN BEHARRIK” izenburua duen artikuluan. Hor esaten denaren arabera, zertan eta beharrik bateraezinak dira perpaus berean.
Ez duzu zertan etorri (ZUZENA)
Ez duzu etorri beharrik (ZUZENA)
*Ez duzu zertan etorri beharrik (OKERRA)
Egia da artikulu horretan ez dela berariaz aipatzen behar (bere horretan), baizik beharrik forman eta OEHn ez dagoela adibiderik zertan eta behar egitura berean (ezezkoetan) dituenik. Gainera, beste corpus batzuetan badira adibideak zertan eta behar erredundantziazko egitura hori perpaus berean dutenak (gauza horrek ez du zertan horrela izan behar bestela baino gehiago; eta maizterra ez da zertan gutxietsi behar). Erredundantziazko egitura denez gero, ez da gomendagarria.
Aipatutako artikuluan, izenburukoa bezalako perpausak euskaraz antolatzeko, lau molde hauek ageri dira:
Ez duzu zer nigar egin
Ez duzu zertan nigar egin
Ez duzu zergatik nigar egin
Ez duzu nigar egin beharrik.
Esan beharrik ez dago partizipioa (adibideetako etorri eta negar egin) forma partitiboan ere (etorririk, nigar eginik) ipin daitekeela: ez duzu zertan etorririk; ez duzu zertan negar eginik. Beste hauetan bezala: ez duzu etxean zer gelditu(rik); ez du zer egon(ik) egun osoan bakarrik; ez duzu hainbeste ordu lanean zer aritu(rik).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak, hitzak > determinatzaileak, joskera > aditz-joskera, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.