Izan aditzaren osagarriak edo atributuak mugatua nahiz mugagabea onartzen ditu? Biak? Adibidez, zoriontsu/zoriontsuA izatea da onena; mediku/medikuA izan nahi dut... Arauetan ez dago ezer horren inguruan.
Ez dago araututa, ez. Euskaltzaindiak gai honetaz argitaratu duena Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I, 169. or. liburukian biltzen da (4.2.2.2 Predikatu osagarri mugatuak eta mugagabeak atalean): hor esaten da aditza izan denean, mugatzailea (-a) erabiltzea dela arruntena; baina badirela mugatzailerik gabe agertzeko joera duten zenbait adjektibo: zoriontsu, dohatsu, libre, berdin. Adibide hauek ematen dira: Zoriontsu zara? (=Zoriontsua zara?); Libre da gizona nahi duena egiteko; Guziok gara berdin.
Adjektiboak barik izenak ditugunean, hau dio Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I, 170. or. liburukiak: ´[izenak] zerbait orokorra adierazten badu, nolabaiteko adjektibo modura edo interpreta daitekeena, zilegi da mugagabea ere´ (mugatuaz gain esan nahi da). Honako adibide hauek dakartza: Andoni irakasle da; Ni nerau naiz juez.
Beraz, bi egiturak dira zilegi, bai izenekin, bai adjektiboekin: Irakasle izan nahi dugu; Irakasleak izan nahi dugu.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, sintaxia > aditza, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak > determinatzaileak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.