Zuzena al da alegia birformulatzaileari -(e)la menderagailua ez eranstea?
Bai, testuaren arabera, Euskaltzaindiaren Hiztegian ikus daitekeenez [EH:alegia].
a) Alegia birformulatzailea (berdin gertatzen da hau da, hots eta gisakoekin) aurreko esaldiaren esanahi bertsukoa edo haren esplikagarria den beste esaldi batekin doanean, ez du -(e)la hartzen: Hemengo ipuin eta bertsoek iturri bera dute: Gesaltzako aitona, alegia. Eskutitz sail bat zen: gutun sail bat, alegia.
b) Azaldu nahi denari sarrera emateko erabiltzen denean (alegiaren aurreko perpausean esatezko aditz bat doanean: esan, adierazi, jakinarazi…), berriz, -(e)la menderagailuarekin batera erabiltzen da normalean: Zera adieraziko dio, alegia, ez dadila hemendik aurrera bere andregaiarekin joan. Esan nahi dut, alegia, aukera izan banu, bide horretatik joko nuela.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > perpausak
Unitate-mota: joskera > diskurtso-markatzaileak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.