a) Birdeklinabidearen inguruko zalantza batzuk: Zenbat liburu irakurri dituzu animaliei buruz? ala Zenbat liburu irakurri dituzu animaliei buruzkoak?; Komentario asko entzun dut gai horri buruz ala Komentario asko entzun dut gai horri buruzkoa?
b) Beste esaldi honetan ez daukagu inolako zalantzarik: Irakurri ditudan liburuak maitasunari buruzkoak dira eta ez Irakurri ditudan liburuak maitasunari buruz dira. Ez da hala?
a) Lehen adibide-bikotea: biak ondo.
Bigarren adibide-bikotea:
Lehendabiziko esaldia zuzena da: Komentario asko entzun dut gai horri buruz.
Bigarren esaldia, buruzko dagoen tokian, buruzkoak behar du, pluralean, eta adizkia ere bai: Komentario asko entzun ditut gai horri buruzkoak.
b) Biak ondo, nahiz lehenengoa den ohikoa.
Era horretako perpausetan bi aukerak (buruz nahiz buruzkoak) ondo daude, betiere izenlaguna atzeratzen zaion izen-sintagma absolutiboan (NOR/ZER kasuan) delarik. Ezinezkoa da honako perpaus hau egitea: *Liburu batean irakurri dugu nazionalismoari buruz.
Absolutiboan (NOR/ZER kasuan) doalarik, bai, ordea:
Liburu bat irakurri dut nazionalismoari buruz(koa).
Irakurri ditudan liburuak maitasunari buruz(koak) dira.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > postposizioak
Unitate-mota: hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.