Nola berridatzi behar dugu -(e)z gero: alegia, ez-alegiazko ala alegiazko bezala?
Adibidez, Talibanek ez digute ikasten uzten, ikasiz gero aurre egingo diegulakoan esaldia nola berridatzi: ikasiko bagenu aurre egingo geniekeelakoan ala ikasten badugu aurre egingo diegulakoan?
Berridazketa: Talibanek ez digute ikasten uzten, ikasten badugu aurre egingo diegulakoan.
Aditz jokatugabean oinarritzen den baldintzazko forma horrek (-z gero), berez, bietarako balioko luke, aditzaren forma jokatugabeak ez baitigu era horretako informaziorik ematen: ez digu adierazten alegiazkoa ala ez-alegiazkoa den. Hori da forma jokatugabeek duten alde ona (edo alde txarra, nondik begiratzen diogun).
Kasu honetan izan dezakeen balioaren aztarna bakarra, pista bakarra, baldintza-perpauseko ondorioko aditzak (EGINGO DIEGULAKOAN formak) eman diezaguke: Talibanek ez digute ikasten uzten, ikasiz gero aurre egingo DIEGULAKOAN. DIEGULAKOAN aditza erabiltzen badugu, -(e)z gero forma ikasten baduguren baliokide da.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > baldintza
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.