Ni Iñaki naiz, Iñigoak ere badira; Iruñea eta Oñatiren kasuan Euskaltzaindiak onartu egin zuen izen horien bustidura. Hortaz, zergatik ez du onartzen Xanti, Joxe eta halako izenak ofizialki ezartzea? Badakit legeak debekatu egiten duela izenen aldaera txikigarriak ofizialki erabiltzea; baina Xanti, Joxe eta Iparraldeko Xarles, Xan eta horrelakoak euskal izenak dira eta horrela ahoskatzen dira.
Iñaki eta Iñigo euskal pertsona-izenak dira. Halaxe ageri dira Euskal Onomastikaren Datutegian, ñ letrarekin idatzita. Ikus Euskara Batuaren Eskuliburuko sarrera hau: "ñ letra (eñe)" (EBE).
Izen hipokoristikoak edo txikigarriak benetako izen bat ordezkatzeko erabiltzen diren izendatze txeratsuak, familiakoak edo eufemistikoak dira eta, maiz, jatorrizko izenen forma laburtuak edo aldatuak dira.
Espainiako Erregistro Zibilaren 1957ko Legeak beren-beregi debekatzen zuen izen txikigarriak edo familiako aldaerak eta funtsik lortu ez zuten lagunarteko izenak erabiltzea. Debeku hori bertan behera utzi zuen 3/2007 Legeak, zeinak bidea ireki baitzuen euskararen sistema baliatuz sortzen diren izen txikigarriak Erregistro Zibilaren idazpenetan erabiltzeko.
Halakoak dira, batetik, jatorrian izen txikigarriak baziren ere (Antoni, Beñat, Betti, Ganix, Gaxuxa, Manex, Pello...), gaur egun izen arruntzat hartzen direnak eta, bestetik, oraindik ere hipokoristiko gisa hartzen diren Anttoni, Axun, Euxebio, Joxe, Joxean, Joxe Mari, Karmentxu, Maixabel, Terexa, Xan, Xanti, Xarles... [EODA]n horrelako izen ugari bildu dira.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: izen bereziak > pertsona-izenak/deiturak, ortografia > grafiak
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > letrak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.