Amak ez zuen bere alaba haurtzaindegira bidaltzen: aitona-amonekin uzten zuen merkeagoa izateagatik esaldian -t(z)eagatik zuzena da ala -(e)lako erabili behar da?
Egitura horretan -t(z)eagatik erabiltzea zuzena da, eta kausa-balioa du; beraz, -(e)lako formak duen esanahi bera du. Izan ere, ZERGATIK galderari erantzuten dio esaldiak: Zergatik uzten zuen bere alaba aitona-amonekin haurtzaindegira bidali gabe (bidali beharrean)? Merkeagoa izateagatik (zelako).
Baina bi forma horiek beti ez dira baliokideak.
a) -(e)lako formarekin beti erantzuten diogu ZERGATIK galderari: Ez da zinema-aretora sartuko berandu delako (Zergatik ez da sartuko?).
b) -t(z)eagatik formako perpausek, hainbatetan, helburu-balioa dute: ZERTARAKO galderari erantzuten diote. Halakoetan, gertu daude -t(z)earren formarekin osatutako perpausetatik (-t(z)earren formakoak kausazkoak ere izan daitezke, baina batez ere helburuzko adiera dute).
Noiz da -t(z)eagatik kausa-perpausa eta noiz helburu-perpausa? ZERGATIK/ZERTARAKO bereizketaz gain, bestelako banaketa egin dezakegu, perpaus nagusiko subjektuaren jokabidearen (rolaren) arabera:
- Kausa-perpausetan, perpaus nagusiko subjektua jasailea da, eta Zer gertatu zaio (subjektuari) galderari erantzuten dio: irakasle horrek egonkortasuna lortu du oposizioak gainditzeagatik (zer gertatu zaio irakasle horri? Egonkortasuna lortu du).
- Helburu-perpausetan, perpaus nagusiko subjektua egilea da (zertarako egiten/nahi du egileak?) eta -t(z)eko helburuarekin parafrasiarekin ordezka daiteke -t(z)eagatik: errieta egin du bere eraginkortasuna erakusteagatik / errieta egin du bere eraginkortasuna erakusteko (helburuarekin).
Nolanahi ere, kausaren eta helburuaren arteko marra lausoa da askotan, eta helburuzko perpaus guztiak oso gertu daude kausazkoetatik (ez, ordea, alderantziz).
Galderako esaldian,-t(z)eagatik formak kausa-balioa du. Baina galdera hau ere egin dezakegu: Zertarako uzten zuen alaba aitona-amonekin haurtzaindegira erabili beharrean? Merkeagoa izan zedin (izateko helburuarekin). Beraz, erdiko bi puntuen ordez puntu eta koma sartuta, helburuzko kutsua ere eman diezaiokegu (Amak ez zuen bere alaba haurtzaindegira bidaltzen; aitona-amonekin uzten zuen merkeagoa izateko (helburuarekin).
Nolanahi ere, agerikoa da beste aditz bat sartuta helburuzko garbiagoa egingo genukeela: Amak ez zuen bere alaba haurtzaindegira bidaltzen; aitona-amonekin uzten zuen dirua aurrezteagatik (aurrezteko). / Amak ez zuen bere alaba haurtzaindegira bidaltzen; aitona-amonekin uzten zuen merkeago ateratzeagatik (atera zekion/ateratzeko).
Horrez gain, ikusi hau ere: "Helburua adieraztea: -tzearren, -tzeagatik" (JAGONET), "Kausa/kontzesioa adieraztea: -tzeagatik/-tuagatik (izateagatik / izanagatik)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditz-izena, hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > kausa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.