Indabak jan nahi ditut esaten badugu, zergatik ez esan indabak jan nahiago ditut?
Nahi izan eta nahiago izan bi aditz dira, eta desberdin jokatzen dute. Nahi izanekin doan aditza du erakoa baldin bada, nahi izanek du aditz horren objektuarekin egiten du komunztadura: Sagarra jan nahi dut. Indabak jan nahi ditut.
Nahiago izan aditzean, ordea, aditz horrekin doan du erako aditzaren objektuak ez du komunztadurarik egiten nahiago izan aditzarekin. Izan ere, aditz nagusiak (nahiago izan) perpaus jokatugabe osoa du objektu (indabak jan), eta ez indaba(k) hitza: Nahiago dut [sagarra jan]. Nahiago dut [indabak jan]. *Nahiago ditut [indabak jan].
Ezezko perpausetan ere desberdin jokatzen dute bi aditz horiek: Ez dut egin nahi. *Ez dut egin nahiago. Nahiago dut [ez egin]. *Nahi dut [ez egin].
Horrez gainera, ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: nahiago izan (nahiago dut ez egin)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > esapideak, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, lokuzioak/kolokazioak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.