Futbolaren munduan Messi jaun eta jabe esan ohi dugu gaztelaniazko "el puto amo" adierazteko. Nola esan beharko genuke Messi neska balitz?
Jaun eta jabe esamolde bat da, lexikalizatu dena (horregatik ageri da hiztegietan) eta jatorrizko adiera galdu duena; alegia, dagoeneko ez da gizonezkoez bakarrik esan daitekeen zerbait. Horregatik, “zerbaiten edo norbaiten gainean erabateko nagusitasuna edo aginpidea duen pertsona edo gauza” gisa ageri da definituta Euskaltzaindiaren Hiztegian [EH:jaun eta jabe], eta adibideetan ikus daiteke ez dela gizonezkoak bakarrik aipatzeko baliatzen: Eskoletatik eta gizartetik baztertua izan da bertako hizkuntza luzaroan, ingelesa geldi zedin jaun eta jabe. Han eta hemen, baita hizkuntza gaietan ere, argitasunak, lekukoak, dokumentuak dira jaun eta jabe. Horrenbestez, ez legoke eragozpenik jaun eta jabe esamoldea emakumezkoei ere aplikatzeko.
Egia da, bestalde, deigarri gerta daitekeela emakumezko bati buruz jaun eta jabe dela edo dabilela adieraztea, esapide horren jatorrizko adieraren isla nabarmen ageri delako (gauzei edo kontzeptu abstraktuei aplikatuta, berriz, ez da deigarria, gauzek eta kontzeptuek ez baitute generorik). Analogiaz jokatu eta andre eta jabe erabiltzea, berriz, gramatikalki zuzena eta arazorik gabea bada ere, halaber gertatuko da deigarri, ez baita esamoldea, gaur egun behintzat. Erabilerak bihurtuko luke esamolde.
Nolanahi ere, norbait haren kideak edo ingurukoak baino hobea dela esateko, badira euskaraz beste aukera batzuk. Nahikoa litzateke esatea, adibidez, dena delako neska hori nagusietan nagusi dela.
Data: 2023-01-30
Zalantza-mota: lexikoa > itzulpenak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > esapideak
Unitate-mota: joskera > esapideak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.