Testu bat ‘ozenki’, ‘ozen’ edo ‘ahots altuan’ irakurtzen dugunean, ahots gora irakurtzen dela ere esan daiteke? Eta boz gora?
Boz gora azpisarrera da Orotariko Euskal Hiztegian [OEH:boz gora], ‘boz altu’ edo ‘ahots altu’ esanahiarekin (gora adjektiboa da hor, beraz). Azpisarrera dira OEHn, halaber, boz altu eta boz apal, bai eta ahots altuan esapidea ere. ‘Ozenki’ esateko, ahots altuan esapidearen balio berarekin [OEH:ahots altuan], boz goraz da forma egokia (horixe ageri da boz gora azpisarrerako hiru adibideetan). Era berean, ahots goraz ere egokia da.
Gaur egungo erabileran, bai boz eta bai ahots hitzekin, zalantza batzuk ageri dira goraz/goran/gora aukeran, baina, galderari erantzuteko, boz goraz da lehenetsi beharreko forma, OEHren argitan (ahots hitzarekin, ahots goraz ez ezik, ahots altuan esapidearen pareko ahots goran ere ageri da egungo testuetan).
Data: 2023-01-30
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > postposizioak, lexikoa > esapideak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak
Unitate-mota: hitzak > adberbioak, joskera > esapideak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.