1) Artelanen izenak nola eman behar dira, jatorrizkoan bezala ala itzulita? Ba al dago araurik edo gomendiorik?
2) Nola eman behar da, esaterako, Picassoren obra: Gernika ala Guernica?
3) Erakusketa baten izenburu batean, marratxoa erabiltzea al da gomendatzekoa?: PICASSO. GERNIKA-REN/GUERNICA-REN BIDAIA. Ala marratxorik ez erabiltzea da gomendioa?
Artelanen izenak, oro har, itzuli egiten dira 191. eta 194. arauak. Artelanaren izendapena osatzen duten hitzen artean izen bereziak (leku-izenak edo pertsona-izenak) daudenean, baldin eta leku- edo pertsona-izen horiek euskaraz jatorrizkoa ez bezalako grafia badute, hau da, grafia euskarara egokitua badute arauetan hala ageri delako, ohikoa da izen berezi horiek euskarazko grafia arautuarekin idaztea. Hala gertatzen da beste hizkuntza askotan ere. Adibidez, Sandro Botticelli italiar pintorearen Venere e Marte pintura Venus and Mars da ingelesez, eta Venus y Marte gaztelaniaz; alegia, jainko-jainkosen izenak hizkuntza bakoitzera egokituta. Eta Giuseppe de Nittis italiar pintorearen La domenica a Londra pintura Un domingo en Londres da gaztelaniaz, eta A Sunday in London ingelesez; alegia, leku-izena hizkuntza bakoitzera egokituta.
Bide beretik, Picassoren Gernika idatzi behar da euskaraz, hala idaztekoa baita euskaraz pinturari izena eman dion leku-izen hori. Nolanahi ere, jatorrizko izenak erabili ezinik ez dago. Adibidez, Picassoren Les Demoiselles d'Avignon pintura idatz daiteke, baina ez da ohikoena. Entziklopedia batean edo obra espezializatu batean, adibidez, interesgarria izan daiteke jatorrizko izenak erabiltzea sistematikoki, baina dibulgazio-lanetan izenak egokitu ohi dira.
Kasu-marken aurretik marratxoa noiz erabili behar den ez dago arautua. Oro har, marratxoa erabilgarri eta lagungarria da izena ezezaguna denean edo lehen aldiz aurkezten denean; hau da, hitz ezezagunekin erabili ohi da gehienbat, hitza non bukatzen den garbi adierazi nahi denean. Gernikaren bidaia testuaren kasuan, ez da beharrezkoa, izena ezaguna delako, eta, gainera, artelanen izena letra etzanez idazten denez, garbi dagoelako zer den artelanaren izena eta zer ez.
Data: 2022-03-29
Zalantza-mota: lexikoa > erdal izenak, izen bereziak > bestelakoak, ortografia > grafiak, ortografia > marratxoa
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > letrak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.