Nola behar du: <Mariak esan du, "Pozik nago"> ala <Mariak esan du: "Pozik nago">? Hau da, ‘esan du’ aditzaren atzetik, koma ala bi puntu?
Eta beste honetan: <Mariaren hitzetan, "Pozik nago"> ala <Mariaren hitzetan: "Pozik nago">?
Egungo ohiko erabilerari erreparatuz, esan genezake 'bi puntuak' eta 'koma', biak, erabiltzen direla, zein bere testuinguruan.
Adibidez, baldin diskurtso zuzenari sarrera ematen dion aditza (esan, kasu honetan) erreproduzitutako hitzen aurretik badago, bi puntuak erabili ohi dira gehienetan: Mariak (honela) esan du: "Pozik nago".
Aldiz, erreproduzitutako hitz horiek aditzaren aurretik badoaz, koma erabiltzen da: “Pozik nago", esan du Mariak.
Nolanahi ere, perpaus osagarriak osatzen ditu normalean esan aditzak, eta nolabaiteko ‘zehar-aipamena’ erabiliz osatu ere -(e)la menderagailuarekin; honela, alegia: Pozik zebilela esan zuen.
Galderan ageri diren adibideak ez dira molde horretakoak, baizik ‘zuzeneko’ aipamena erabiliz osatuak. Hein handi batean, estilistikaren esparrura garamatza horrek ―alegia, subjektibotasunaren mundura―, eta hori ez da Euskaltzaindiaren berezko eremua. Horrela, bada, normala da Euskaltzaindiak deus gutxi arautu izana kasuistika hori.
Data: 2022-03-29
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > aditzak, ortografia > puntuazioa, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak, joskera > hitz-ordena, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.