Zein da Genova leku-izenari dagokion herritar-izena (gazt. genovés/genovesa eta fr. génois/génoise)? Ikusi dut hiria izendatzeko euskal era arautua Genova dela. Beraz, genovar tokatzen zaio? Hiztegi batzuetan Genoa eta genoar ordainak ikusi ditut eta zalantza sortu zait. Izan ere, Euskaltzaindiaren web-orrian Genoa ere onartuta dago izen historiko gisa.
Biak dira zilegi: genovar eta genoar. Euskaltzaindiak Genova (eta, izen historiko gisa, Genoa) arautu du, baina ez du arautu herritar-izena. Arautu gabe dauden herri-izenetarako irizpidea 178. arauan (“Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak”) ageri da. Irizpideak dio ezen, leku-izena -a bokalaz amaitzen denean, baldin eta leku-izenak bi silaba baino gehiago baditu, -ar atzizkia dagokiola.
Data: 2023-01-30
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak > adjektiboak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.