Eskolako ikasliburu batean, honako galdera hau agertzen da:
9. ________________ gorrotoa mantentzen dutenetakoa naiz
a) Heriotzaraino
b) Heriotzagandiko
c) Heriotzarainoko
Onartzen den erantzuna hirugarrena da: c). Zergatik dago gaizki a) erantzuna?
Beste zenbait ariketatan ere, eta beti toki horretan, hau da, izenlagunaren tokian, -ko duena izaten da hautatu behar dena, -rako, -rentzako, -rekiko, -rengatiko..., bertzeak txartzat jotzen baitira. Zer arrazoi dago -ko gabekoak gaitzesteko?
Hain zuzen ere, izenlagunaren tokian doazelako dute beharrezko -ko: HeriotzarainoKO gorrotoa. NORAINOKO GORROTOA galderari erantzuten dio esaldiak.
Ariketa horren kasuan berez a) aukera ere posible da, baina honela-edo emana: Gorrotoa heriotzaraino mantentzen dutenetakoa naiz. Hor, adizlaguna da heriotzaraino eta NORAINO galderari erantzuten dio esaldiak.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak
Unitate-mota: hitzak > izenak, joskera > hitz-ordena
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.