Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=aurpegiz aurpegi sarrera bakarrean aurkitu da.

aurpegi

1 iz. Giza buruaren aurreko aldea. Malkoak nituen aurpegian. Garai hartako aztarna aurpegian daramate.

2 iz. Aurpegiera. Aurpegi alaiz hartu ninduen. Aurpegi ilunez begiratu. Sekula ez diot aurpegi argirik ikusten. Aurpegi ona, gozoa, beltza, garratza, hitsa, haserrea.

3 iz. Zenbait animaliaren buruaren aurreko aldea.

4 iz. Hainbat gauzak agertzen dituen alde edo alderdietako bakoitza. Baina hau guztia txanponaren bi aurpegietako bata besterik ez da. Aurpegi biko kristaua. Auziaren alderdi edo aurpegi hori.

5 iz. Mat. Poliedro bat osatzen duten planoetako bakoitza.

6 iz. Itxura. Aurpegi berri bat erakustea komeni zaio erakundeari. Izan ere arras aurpegi berezia dute gurean irakaskuntzaren istiluek.

aurpegia atera Aurpegia eman, norbaiten alde egin. Guk ere aurpegia atera behar dugu maisuaren alde. Egiaren alde aurpegia ateratzera behartua nago.

aurpegi(a) eman Buru egin, aurka egin. Hainbat etsai bortitzi aurpegi emanik. Premia sortu berriei aurpegi emateko. || Hotzari aurpegia emateko eran.

aurpegia izan Heg. Adorea izan, ausardia izan. Gizon honen aurrean agertzeko aurpegirik ez zuen, bere esker gaiztoa gogoratuta. Eskatzeko aurpegirik ez dutelako, laguntzarik gabe gelditu dira.

aurpegian eman Zah. Aurpegira eman.

aurpegira bota Erantzuki egin. Ik. aurpegiratu. Askotan botatzen baitigute aurpegira esker txarrekoak garela. Inori gisa horretako purrustadak aurpegira botatzea, nolanahi ere, erraza da.

aurpegira eman Erantzuki egin. Aurpegira ematen zeniola bere hutsegiteren bat.

aurpegira esan Heg. Aurrez aurre esan. Jakin behar dut nire morroiari esan diotena neure aurpegira esateko ausardiarik baduen. Lehen jendeak aurpegira esaten zituen gauzak.

aurpegiz aurpegi adb. Aurrez aurre. Ikusi dut Jaungoikoa aurpegiz aurpegi, eta bizirik gelditu naiz. Ez zen ausartzen emakumeei aurpegiz aurpegi begiratzen. Kontu hauek jendaurrean astindu nahi dituenak prest gauzka, uda-aldean edo, jendaurrean ahoz-aho eta aurpegiz aurpegi aztertzeko.

aurpegiz ezagutu Norbait hainbatetan ikusi delako ezagutu, nahiz eta harekin hitz egiterik inoiz egokitu ez.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper