(...)
Egoera: Ameskoagoienaren sortalde alderako luzapen gisa, ageriko haustura geografikorik gabe, hor hasten da Ameskoabarrenaren udalerria. Zortzi herri ditu osakide, zein bere gisa eta itxurakoak, Urederra ibaiaren alde bietara hainbana partituak. Ibaiaren sartaldean, Ekala, San Martin, Barindano, eta Zudaire; sortaldean, Bakedano, Gollano, Artatza eta Urra. Egia esan, Bakedanok ibaiaren alde bietara dauka bere mugapea, baina etxagunea bera ekialdera.
Ameskoabarrenaren ipar muga Urbasaren hegoaldeko haitz zerrenda da, hein haundi batean Limitazioen barrenean sartua; hango "barga"raino igotzen dira bat ez beste zortzi herri ameskoarretako "aldaiak"; Barindano da salbuespena. Hegoaldetik, Lokiz mendia du, zeineko tontorretarantz aintzinatzen baitira Ameskoabarreneko zilegi lurrak eta gainera Barindanoko limitazio propio bat.
Sortalde muturretik mendi batak zein besteak beheraka hasi eta Intzurako harrate meharra osatzen dute, Urederra ibaiaren pasabidea. Sortaldeko mugak Artabia, Etxabarri eta Abartzuza jotzen dituztela daude. Arestian esan bezala, sartaldeko mugak Ekalaren eta Ameskoagoieneko Eulateren arteko mugarekin bat egiten du.
Luzerako erdigunean, Ibarrak iduri du iparrera zuzentzen duela branka, han Urbasako haitzek duten husgunea aprobetxatuz. Haitzezko paretean ordoki karstifikatu honek bere urak askatzen ditu, Urederraren iturbegiko zirko ikaragarria itxuratuz.
Ameskoabarreneko udalerriak 47 km2 hartzen ditu, Limitazioetako eremua kontatu gabe, Urbasako hego zerrenda baita, 52 kilometro koadrokoa, Ameskoagoiena jabekide duena. Haietatik ia % 50 arestian aipatu zortzi herriek okupatzen dute eta gainerakoa baso komunala da, udal jabetzakoa. Ameskoabarreneko bi herrik, Artatzak eta Barindanok, beren baso propioa mugapetik bananduta dute. Artatzak Urra eta Krezmendiren arteko mugan, Larraitzaren ipar aldean; Barindanok, berriz, Lokizen, bere limitazio berekia bezala.
Ameskoabarrenak bi zilegi eremu ditu ("lo del Ayuntamiento" esaten diote ameskoarrek); haien muturrak Intzuran hurbiltzen zaizkio elkarri. Urederra ibaiak egiten die azken finean bati hego muga eta besteari ipar-sortaldekoa.
Lehenbiziko hori Ameskoabarrenak Lokiz mendian daukan "Limitazioa" besterik ez da, 1356ko xedarriztapenak finkatu zuenez. Lokizen barrena ipar-hego norabidean sartzen den zerrenda bat da, hasi Uiarra ibaiko ubide beheretik harik eta 1000 metro inguruko tontorretaraino, mendi horren ipar saihetsean; luzeran begiraturik, Eulateko mugatik Galdeanokora doa.
Bigarrenak Urederra ibaia du sartaldeko muga; hegoaldekoa Urederra ibaia berriz ere, eta Uiarra. Aspalditik lehenbiziko hori aipatzean "río caudal" edo "río mayor" esaten zaio. Urederra ibaia da Urbasako akuifero larriaren kanporabide naturala eta ia bakarra (osotarako bolumenaren %90 drenatzen du). Bakedanokoan ateratzen da argitara, NW muturreko erroitz ia bertikalean, 713 metroko altueran (malkor horren goiko ertzak 924 metro ditu). Bakedanoko lurrak zeharkatu eta Zudairi, Gollano, Artatza eta Barindanokoak banakatzen ditu. 19 kilometroko bidea eginik, Ega ibaiari eransten zaio.
Uiarra ibaia Entziako magalean sortzen da (Araban), Kontrastakoan. Ehunka mila urtetan barrena ubide bat urratu du, gaur duen ur-eman eskasaren aldera haundiegia. Egari eransten dio bere ura, batere eransten badio behintzat, Barindanoko lurrean.
Bere kokalekuagatik, horretan ere muga aldekoa, iragaitzezko klima du. Atlantikoa ipar aldeko goruneetan, baina giro azpimediterraniarra nagusitzen da ibarraren zola gehientsuenean. Horren ondorioz, haritza da espezie nagusia, nahiz artea ere agertzen den eremu ttikitan eta pagoa goialdeetan. Ametzak eremu zabal xamarretan laketu du, eta ibarraren izenean bertan ere eragin etimologikoa utzi.
Ameskoabarrenak bi toki ditu Natur Erreserbatzat sailkatuak. Lehenbizikoa Urederra ibaiaren iturbegiko inguruetan, 119 Ha.ko azalerakoa. Bigarrena Basaulan, 86 Ha.koa.
Populazioa 1000 bat biztanletan egoten da, gutxixeago. Hor nonbait egoten zen XVI. mendeko bigarren erdian ere, baina XIX. mende hasieratik XX.aren erdi aldera dokumentatzen diren zifrak gailendu egiten zaizkio. Azken urteotan gainbehera larria izan du.
Nahiz eta tradiziozko bizibideak galduz doazen, baso lana, azienda eta nekazari lana oraindik gailen eta ezaugarri dira. Hala ere geroz eta beheragoko partehartze kuota dute ibarraren ekonomian. Ildo horretatik, esan dezagun langile populazioaren herena baino gehiagok ibarretik kanpo lan egiten duela.
HISTORIA: Ameskoagoienaren kasuan bezala, ez da ahaztu behar hemendik hurbil aztarna arkeologiko inportanteak aurkitu direla Urbasan, Limitazioetan hain zuzen. Zeharbidezko igarbide honez gain, hurbiltasun hutsekoa, badira beste zenbait arrazoi. Ur ibilgu etengabe bat egotea, iturri sail ugaria eta sarbide onak Estellerriko zelaietatik Urbasako zelaira, hori dena dela medio Ameskoabarrenak ongi toki irrikagarria behar zuen gure lehen bisitarientzat.
Urruti gabe Surgaina eta Bakedanoko Portuko triku harriak daude, eta hurbil Artekosaro eta la Cañadakoak, Urbasan biok. Bestelako igarbideak ere badira, nahiz eskasak: Zenbait aurkikunde neolitiko egin dira ibarrean han eta hemen, eta Basaulako Koban haitz gaineko pintura azaldu. Eremu hau aberatsa baldin bazen ehizarako eta bilketarako, ez zuen interesik galduko artzantza hasi zenean. Aukera horiek segurtaturik, pentsatzekoa da ibar zola bizileku egoki bihurtzeko, aurrez arboldegia bipildu egin beharko zutela, ezinbestekoa baitzen laborantza lan xume baina osagarri bati bide emateko.
Madozen iritzian, Lupok K.o.ko 181ean Ameskoako lehen finkaguneak fundatu zuelakoak, Trelles de Villademoros-ek dioenez, ez du egi itxura handirik. Legendatik atera gabe, legenda oinarriduna bada ere, beste hipotesi batek fundus erromatar zenbait kokatzen ditu Bakedano, Barindano eta Gollanon. Limitazioetako erromatar aztarnez gain, toki izenek berek bide ematen dute hartarako, zeren iritzi komunenaren arabera -ano, -anum atzizkidun izenak erromatar jatorrikoak baitira.
Ameskoa, nola ez, legendan sartzen da historian baino lehenago. Nafarroako lehen errege hautatu zuten hura Abartzuza eta Ameskoako jauna zela eta Eulate, Ameskoa eta Lanaibarren arteko haitz pikatu baten azpian, Nabarin izeneko herrixka batetik hurbil koroatu zutelakoa, maiz errepikatzen badira ere, ez dira legendako kondaira bat baino sinisgarriagoak. Arrazoizkoagoa dirudi Karlos Vianako Printzeak zioena, ibar hauek zeuzkalarik Nafarroa zaharraren osagarri, eta beraz erresuma zaharraren sustrai.
Ameskoabarrenean lehenbiziko aztarna historikoak XI. mendekoak dira; Urra aipatzen dute hain justu. Ameskoa izena, horrela izenondorik gabe izaten baitzen haren izena administrazio unitate gisa, 1067an aipatzen da lehenbizikoz. Aipu hartan esaten denez, Iruñeko diozesiari atxekirik zegoen, Ameskoagoiena ez bezala, data hartan Arana, Calahorrakoa baitzen.
Franko lehenagokoak dira, antza, Ameskoazarreko eraikin primitiboak, Intzurako harratean. Intzura agian gotorleku natural estrategikoa izan bazen ere, galdu egingo zuen eginkizun hori Araba gaztelarren menera pasa zelarik, eta beraz muga eta liskargunea ibarraren hegoaldera tokialdatu, Larraona eta Kontrastaren artean.
Intzura ezin utzi liteke aipatu gabe Ameskoako iraganaren zirriborro honetan. Intzurako Forua, 1201ekoa, norainoko ezartze eremua izan zuen ez dago argi. Izen horretako aurkientza oso ttikia da populazio egonkor bat finkatzeko bertan eta foruaren testua, bestalde, ekibokoa da edo ez oso matizatua behintzat Ameskoabarrena aipatu nahi badu. Dudarik ez dago, ordea, zein zen Antso Azkarraren asmoa hura ematean: erresumaren saihets hau indartzea gaztelauei buru egiteko.
Muga herriak izatea oso karga astuna izanen zuten bi haran ameskoarrok hurrengo hiru mendeetan. Azienda lapurretak eta Kontrastako jaunen, Lazkanotarren, eraso-sarraldiak etengabeko kezka iturria izanen ziren.
Horren ordaintzat eta harana jendehustea galeratzeko, Nafarroako erregeek zerga salbuespen eta murrizpenak ematen dituzte. Zerga kontuetarako, ameskoarrak erregeren manupeko petxa emaileak dira eta idi pareka ordaintzen dituzte beren zergak.
XIII. menderako, lehenago ere bai agian, Erregeren irin errotak baziren Urederra ibaian. Burdinolak, haiek ere urederra ondoan jarriak, bi mende geroago baimenduko ziren.
1293koa da Agurainek bi Ameskoeki sinatutako Anaitasun karta; agiri horretan barrengoak aipatzeko "nos los ameskoanos" diote, eta Goiengoak, berriz, "Harana".
Val de Amescoa izenarekin parte hartu zuten Lokizko xedarriztapenean, 1356an, eta Amescoa gisa berritu zitzaien Limitazioen gaineko eskubidea, 1411n, aurrez haiek eta Urbasa-Entziako errege-lurretik banakaturik. Val de Amescoa eta Val de Arana izan zuten izena gaur Ameskoabarrena eta Ameskoagoiena direnek XV. mende bukaerara arte. XVI.aren hasieran hasten dira, antza, gaurko erdal izenak, eta 1512an aipatzen da Amescoa Barrena herrietako artxiboetan.
Aspaldi-aspalditik, data zehatzik ezin eman dela, Zudairen, Batzarramendiko parajean izan dute "su junta y bazarre" ibarreko kontzejuek. Izena gure egunetara iritsi da. Udal bakarra direlarik, beren alkatea hautatzen dute nekazari kondizioa dutenen artetik, urtero herri banakoa.
Gaztelak Nafarroa konkistatu zuelarik (ez dezagun ahaztu Ameskoarrak agramontarrekin lerrokatu zirela), muga militar hau edeki, eta gatazka militarrak desagertu ziren bertatik. Gatazka administratiboak, berriz, berretu egiten dira, eta norbere interesen defentsak arma bidezko defentsaren lekua hartzen du. Edozertariko auziak sortzen dira ugari eta haietan Forua bai baina interesak ere bai defenditu egiten dira.
Ameskoako baliabide ekonomikoek, ez direlarik gehiegi baina bai ongi partituak, bizitza duinki ateratzeko modua ematen dute. Nekazaritzak soilik, bere ahuleziagatik, maiz problemak sortzen ditu. Gainerako probetxamenduek, partikular zein komunal, ez dute hainbeste gorabeherarik izaten.
Ameskoako "mende tragikoa", XIX.a, Konbentzioko gerrarekin hasten da, orduan egin baitzen, dakigula, lehenbiziko leba sistematikoa ibar honetan, nahiz burrukarik ez zen izan bertan. Are larriagoak izan ziren frantsesen kontrako gerra eta karlista gerrateak, sarritan ibarreraino bertaraino eraman baitzuten burruka. Arma guduak, afusilamenduak, gerrako ospitalak, errekisak, pillatzeak, errepresaliak, miseria, gosea, kolera izurritea, San Martingo tirogai fabrikaren eztanda eta beste zenbait gertaerak aldaketa atzera ezinak ekarriko dituzte Ameskoako gizartera.
Parroki elizek, beranduago berrituak izan arren, erdi aroko trazadura jatorrikoaren aztarna gorde dute. Zortzi ermitataraino kontatu ziren iraganean. Santo Tomás Ekalan, Nuestra Señora San Martinen, San Cristóbal edo la Cofradía Barindanon. Gibel-susmoz aipatzekoak dira Artatzako San José ermita omen zena eta San Griskoa Larraitza inguruko herri lurretan.
Ameskoako agiritegi zaharrek jauregi eta gotorlekuak aipatzen diztuzte. Zenbait harlandu gotor eta harresi puska sendo batzuk gelditu dira Intzura edo Ameskoazarreko gotorlekuaren oroigarri bakartzat (XII. mendekoa). Gollanoko jauregitik (XV. mendea) zenbait hondakin koloka besterik ez da gelditzen. Oso berriturik dago Urrako jauregia (XVI. mendekoa), eta San Martingoak, zatiz galdua badago ere, eraikuntza osagai interesgarriak gorde ditu (XV. mendea). Bakedano eta Zudairikoen existentziaz aieru egiteko, agirietako zenbait aipu noizbehinkako baizik ez zaigu ailegatu, Bakedanotarren leinuari buruzkoak.
Herri hustu frogatu bat badago, Erdoitza, XIV. mendearen lehen erdian hango petxen berri badakigulako. Intzura beste bat izan zitekeen, izena hartu dion Forutik igartzen zaionez. Ubaguako herriak, berriz ez du oinarri haundirik, nahiz eta batzutan aipatzen den, eta "Nabarin"go herrixkak, azkenik, legendan baizik ez du tokirik.
TOPONIMIA ETA HIZKUNTZA: Ehunka urtetan, milaka urtetan agian, zilegi izan zen Ameskoabarrenari esaldi hau ezartzea, maizkara parroki artxiboetako hainbat agiritan azaltzen dena: "La lengua bascongada es la común de esta balle".
Hori horrela izan dela zenbait frogabidetan ezagun da. Hona hemen aipagarri batzuk:
.- 1587an Iruñeko apezpikugoak egindako herri euskaldunen zerrendan hauek zeuden: "Çudaire, Ecala, Gollano, Vaquedano, San Martin, Barrindano y Artaça".
.- Arestian aipatu esaldia, "la lengua comun de esta balle es la bascongada". Erretoreek edo abadeek idazten zuten Fabrika liburuetan, Apezpikuaren ikuskatzailearen jarraibideak irakurtzen zituztenean. Horrela aditzera ematen zuten eliztarrek ulertu ahal izan zituztela diozesiko aginduak, hizkuntza ulergarrian esan zitzaizkielako. Ohar horiek XVII. mendean eta XVIII.aren lehen zatian egiten dira.
.- 1750ean Ekalan izan zen auzi baten edukina. Ezkontz promesa hausteagatik egiten zen salaketa; jendaurreko epaiketan, bakedanotar elebidun bat bertaratzeko eskatzen da, salatzailearen interpretaria izan dadin, Ekalakoa baita eta ez baitaki erdararik.
.- Luziano Bonapartek 1863an dioenez, osotara Ameskoa bietako bederatzi herriri buruz ari dela, haiexek dira, berria iritsi zaionez, Lizarrako partidan oraindik euskararen hatsik gordetzen duten bakarrak.
.- Gaur egun ere Ameskoako hizkeran hainbat hitz euskarazko erabiltzen dira (bereziki, flora, fauna eta tradiziozko lanekin lotuak).
Aipatu osagai horiez gain, toki izenen lekukotasun aho batekoa dago. Jatorrizko toki izenek beren holaxe irauten dute joan den mendearen bigarren erdira arte. Orduan baizik ez da ikusten erdarazko toki izenik sortzen.
Iragan hurbil honetatik baja asko izan ditu Ameskoako toki izenen erroldak. Nolanahi dela, haietako askok bizirik diraute; aurrera ere irauteko, lagungarri izanen ahal da bilketa hau.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
NA.TM