(...)
Arabako Lautada eta beste arabar lurrak // Arabako herrialdea bere Lautadaren inguruan mugitzen da, bera baita zatirik handiena eta hoberena. Hortik landa, Ifarraldean dituen haranak, Ega garaiaren eskualdea, Trebiñoko konterria eta honen inguruak eta, azkenik, Arabako Errioja gelditzen zaizkigu. // Lautada-k 784,16 km2 hartzen ditu. Eginoko Bentetako mugatik Badaiako *mendikateraino. Diputazioko eskualdekatzean bi eskualdetan banatu dute, bata Ekialdeko Lautada (Llanada Oriental) 393,733 km2-rekin eta bestea Mendebaleko Lautada (Llanada Occidental) 390,431 km2-rekin. // Ekialdeko Lautada-k Agurain (Salvatierra) du bere herri nagusia; hortaz gainera, Asparrena, Zalduondo, San MilIan, Dulantzi (Alegría), Irurain [sic]-Gaona, Burgelu (Elburgo) eta Barrundia udalak hartzen ditu, 9.112 bizilagunekin. // Laborantza herriak izan dira, eta dira, eskualde hontakoak. Asparrenako herriburuan, Araian, badaude industria batzuk; eta Agurainen lehen hasitako industrialazitzea zerga mesede eta plan batzuekin ugaritzeko asmotan da Diputazioa. // Mendebaleko Lautada-n, Gasteiz, Arabako hiriburua, eta honen barrutian dauden 47 herrixka daduzkagu. Hortik landa Arratzua-Ubarrundia, Foronda, Otoeta (Los Huetos), Mendotza, Iruña eta Langrares udalak aurkitzen dira. Azken seiok 3.518 bizilagun dituzte; Gasteizko udalak, berriz, 136.873. // Gasteiz, lehen merkatu, salerosketa, elizgizon eta militarren hiri zena, gaur industria hiri bihurtu da. 1.957. urtean hasi zen Gasteizko industrializatzea, hortarako Gamarra eta Betoñun 5 miloe m2 lur Udalaren Aurrezki Kutxaren bidez erosiaz; Olaritzun miloe bat inguru eta Eharin (Alin) miloe t'erdi. Hiritik hurbilegi laster ikusi den bezala: olak ukitzeraino heldu baitira etxeak. Eta ez zen izango Zadorra hibaiaren Ifarraldetik nahiz bigarren epe baterako utzi zen Jundiz izeneko poligonu itzelean lurrik ez zegoelako. // Gasteizen hazkuntza eta Arabako herritxoen ttikiegitasuna direla kausa, he[r]rialde honi "makrozefalitis" bat sortu zaio, luzarora kaltegarri dena. // Beste herrietan ez dago gauza nabarmenik, Mendotzako gaztelu dorrea izan ezik, Lautadaren Mendebal bazterrean, Erdi Haroko familia gaztelazale handikien ezaugarri […] 339,43 km2 eta 5.128 bizilagun. Egileta-Azazetako lepoak bereizten du Arabako Lautadatik, Lizarrako merinaldearen bidean jarriaz. Hain zuzen, Arraia ez besteak XIV. mendearen azkenerarte merinalde hortakoak ziren […] Guk, gaurko bertako ekonomilari eta herri gizon batzuek -Ramuntxo Camblong eta bestek- egiten duten antzera, bi herrialdetan banatuko dugu Ifar Euskal Herria; baina ez Kosta eta Euskal Herri Barna deituaz. Hemen ez gatoz bat haien iritziekin: zeren Arabako Lautada ere Euskal Herri Barna baita, eta Bizkaia eta Gipuzkoa ere "Kosta" baitira
(...)
Zer: Eskualdea
Non: Araba
Jatorria:
LIZ.LUR