Julita Berrojalbiz kalea inauguratu dute Bilbon, Bilbo eta Bizkaiko ikastolen aldeko mugimendua bultzatu eta Lauro Ikastola sortu zuen andereño historikoaren omenez. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Isabel Andia Berrojalbizen alabak desestali dute plaka.
Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria izan dira ekitaldian. Lauro ikastolako kideak, Udal taldeetako ordezkariak eta Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea ere ondoan izan dira.
Kaleari Berrojalbizen izena emateko proposamena Euskaltzaindiak eta Lauro Ikastolak sustatu zuten. Proposamenak herritar askoren babesa izan zuen.