Datorren larunbatean, martxoaren 12an, 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria emango zaio Joan Mari Torrealdai idazle, kazetari, soziologo eta euskaltzain osoari. Sari-emate ekitaldia eguerdiko 12:00etan izango da, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.
Ekitaldian ondoko hauek parte hartuko dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. Sarituak ere hitza hartuko du ekitaldiaren amaieran.
2015ko irailaren 18an jakinarazi zen saria Toreraldaik jasoko zuela. Epaimahaiak euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana goretsi zuen, gizarteari egin dion ekarpena “erreferentea” eta “eredugarria” dela nabarmenduz. Torrealdairen hautagaitza Euskaltzaindiak aurkeztu zuen eta, besteren artean, "euskararen eta euskal kulturaren alde hainbat proiektu, ekimen eta plataforma, sortzeko, lideratzeko eta etengabeko lanaren bitartez sostengatzeko bizi osoan egindako lan mardula" kontuan hartu zuen Akademiak.
Torrealdairen kultur ekoizpena goratu zuen epaimahaiak, eta bere curriculumak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu zuen: “Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik”. Sari-emate ekitaldia 2016ko lehenengo hiruhilekoan egingo da.
Joan Mari Torrealdai 1942an jaio zen Foruan (Bizkaia). Teologian eta Informazio Zientzietan lizentziaduna eta Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da. Jakin aldizkariaren zuzendaria izan zen 1967tik 2014 arte, eta gaur egun Jakin Fundazioaren lehendakaria da. Orobat Euskaltzaindiaren bibliotekari akademikoa da.
Deustuko Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean eman ditu eskolak. Euskaldunon Egunkaria-ren Administrazio Kontseiluko kidea izan zen hasieratik bertatik, eta 2000tik 2003ra bitartean lehendakaritza bete zuen. Anaitasuna aldizkariko zuzendari izan zen.
Liburu, saiakera eta artikulu ugarien egile, hainbat ikerketa-proiekturen zuzendari. Euskal liburugintza, bibliografia eta zentsura izan ditu ikerketagai nagusi. XX. eta XXI. mendeetako euskal liburugintzaren azterketa eta katalogatzea burutu du.
Argitaratu dituen lanen artean hauek daude, bestak beste:
- Iraultzaz, Jakin, 1973.
- Euskal Idazleak Gaur / Historia Social de la Lengua y Literatura Vascas, Jakin, 1977.
- Euskara eta Euskal Telebista, Elkar, 1984.
- XX. mendeko euskal liburuen katalogoa. (I-II-III-IV-V) (1900-2000), Gipuzkoako Foru Aldundia / Jakin, 1993-2001.
- Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua, Jakin, 1997.
- El libro negro del euskera, Ttarttalo, 1998.
- Martin Ugalde: Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena, Jakin, 1998.
- La Censura de Franco y los escritores vascos del 98, Ttarttalo, 1998.
- La Censura de Franco y el tema vasco, Fundación Kutxa, 1999.
- Martin Ugalde, (Bidegileak), Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003
- Martin Ugalde. Idazlan politikoak. Periodismo político, 2003
- Imanol Murua Gipuzkoako Alkate. Alkartasuna Fundazioa, 2004
- 30 urte liburugintzan, Jakin, 2007
- Euskaltzaindia : ekin eta jarrai (Imanol Murua Uriarekin elkarlanean) Euskaltzaindia, 2009
- Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea: Juan Jose Agirreren artxiboa, Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, 2011